Hemen dituzue Ikastolen Elkartearekin batera aurtengo 21. KORRIKArako landu ditugun unitate didaktikoak.

(Unitateen atalera joateko, klikatu HEMEN).

Aurten berrikuntzak dakartza materialak, izan ere, digitalera saltoa egin dugu. Orain arte pdf formatuan sortu izan dugu materiala, eta aurten lehenengo aldiz, webgune batean zintzilikatu ditugu eduki guztiak (nahi izatera inprimatu daitezke, eta betiko erara erabili).

Horretaz gain, bada beste berrikuntzarik:

  • Ipuina: Goiatz Labandibar idazleak idatzi du. Graxi izeneko sorgin bat da protagonista, eta Garestik Gasteiza egiten duen bidaia kontatzen du. Ipuinaren audio bertsioa ere egin dugu. Garazi Urdanpilletak egin ditu kontalari lanak.
  • Mezu sekretuak: LHko etapa guztirako sortutako jarduera da, kidetze planak erabiliz. LHko 1. Mailako ikasleek hasiko dute jarduera, talde txikitan mezuak idatzi, lekuko barruan sartu eta jolas lekuan ezkutatuz. Honela, mailaz maila, ezkutatutako mezu sekretuak topatzen joan beharko dute, eta mezua osatzen joan. LH 6. Mailakoek mezua jasotzean, azken ukituak eman eta mezua idazten parte hartu duten ikasle txikiak bilduko dituzte, denen artean idatzi duten testua irakurtzeko eta honen inguruan hausnartzeko.
  • Komiklika jarduera: LH2ko unitatean. Ikasleek, Ikimilikiliklik ipuinaren komiki bertsioa sortu beharko dute, horretarako, Graxi sorgina nolakoa den irudikatu beharko dute, istorioa binetetan banatu…
  • Klikaraokea: KORRIKAko aurreko ediziotako kantak erabiliz, karaoke saio bat egitea planteatzen zaie ikasleei.
  • Dantzatzera! LH3. zikloko ikasleak koreografo bihurtuko ditugu. KORRIKAko kantaren dantza sortu beharko dute eta beraien ardura izango da ikastolako ikasle txikiagoei irakastea ere.
  • Klikahoot jolasa. Baliabide digitalak erabiliz, galdera erantzunen jolas bat planteatzen zaie ikasleei. Bertan KORRIKAren inguruko xehetasunak ikasiko dituzte, omenduaren inguruko informazioa, Gares eta Gasteizekoa, KORRIKA eredu bezala hartuz atzerrian egiten diren ekimenen ingurukoa…
  • Txillardegiren Klika. Kote Camachok egin duen dokumentala ikustea proposatzen zaie DBHko ikasleei, eta ondoren solasaldi bat egitea, dokumentalean ikusi dute partekatuz.
  • Omendua, DBHn. KORRIKAk omendu bat izaten duenez, jarduera honetan, ikasleei proposatzen zaie beraien eskola komunitatean, edo herrian, euskararen alde lanean dabilen norbait omentzea. Horretarako, lehenengo omendua nor izango den adostuko dute eta ondoren, omenaldia prestatu.
  • QR mezu sekretuak, KORRIKAko lekuko barruan doan mezua aitzakia harturik, ikasleek talde txiketan mezu sekretuak idatzi beharko dituzte eta horien QR-a sortu. Ondoren, QR kode horrekin egingo duten pegatina itsatsiko duten herriko txoko kutun baten deskribapena idatzi beharko dute besteek aurki dezaten.