Tolosa aldetik sartuko da Korrika Gipuzkoan, 06:454ean. Bertan, Larraulgo eskolak lehenengo aldiz hartuko du lekukoa (1079), eta Ibarrako Udalak Auzokoak elkarteari (1091) oparituko dio, euskara ikasten ari diren atzerritarrei, hain zuzen. Eskualdeko udalek, kirol elkarteek, ikastetxeek, alderdi politikoek...

eramango dute eskuz esku lekukoa Hernaniraino. Han, 1122 kilometroan, ikastolen sortzaileetako bat eta Korrika jarraitzaile sutsua izandako Kontxi Beitiari egingo diote omenaldia. Hernaniko AEK izango da inguru honetan lekukoa eramango duen aurreneko AEK kide taldea. Ondorengo ordu eta kilometroetan gauza bera egingo dute Astigarragako AEK-k (1155), Xenpelar AEK-ko ikasleek (1157), Oroitzene AEK-ko ikasleek (1222), Pasai Antxoko Txirrita AEK-k (1235)...

Goizaren zati handi bat Oarsoaldean igarota, sartu-irtena egingo du Korrikak Iparraldean, muga zeharkatu eta Hendaia bisitatzeko. Itzultzean, 15:45ean ikusiko dugu Korrika honetako kilometro esanguratsuenetako bat: 1198.a, Santiago zubiko kilometro partekatua. Elkarlana da bidea, BATZUK handi bat eraiki dezagun leloari jarraiki egingo dute kilometroa elkarrekin Euskal Herri osoko herri erakundeen ordezkariek eta euskalgintzako eragileek. Bidasoako AEK-ko ikasleek hartuko dute lekukoa aipatutako eragileek eskuz esku eraman dezaten: AEK, UEMA, EHE, Gipuzkoako Foru Aldundia, Berria, Eusko Jaurlaritza, Sortzen, Ikastolak, EEP, Kontseilua, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Konfederazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Topagunea, Euskaltzaindia, Elkar, Elhuyar, IKA. Ondoren, Hondarribira iristean, Blagan euskara talde sortu berriak lehenengo aldiz hartuko du lekukoa (1201) Korrikan. Eta aurrera jarraituta, Pasai San Pedroko Zaharren Biltokia jubilatu elkartekoek eramango dute lekukoa (1227) 20. Korrika Donostiara heldu aurretik.

Bidebietatik sartuko da Korrika Gipuzkoako hiriburuan. Han izango ditu zain Isane eta Maren, lekukoa eramateko prest, aitona Valentinek erositako kilometroan (1229). Baita ETBko Gu Ta Gutarrak saioko kideak ere, 1231. kilometroan. 1240. kilometroa, berriz, Herri Ametsa ikastolak erosi du, 50. urteurrena ospatzeko. Eta Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak lehenengo aldiz eramango du lekukoa (1255), Loiolan, azken metroetan Arraun Lagunak taldeko arraunlariak batuko zaizkielarik, arraunekin. Erdialdera helduta, besteak beste, Real Sociedad taldeak hartuko du lekukoa 1270. kilometroan.

Gros auzotik bueltan burutuko da Korrika honetako doakotasunaren aldeko hirugarren kilometroa, 1281.aren bigarren zatian. Zurriola hiribidean, La Zurriola tabernako erlojuaren aurrean izango da hitzordua, 21:33an. Batzen euskara elkarteak eta Donostiako euskaltegiek hartuko dute lekukoa. Alde Zaharra igarota, Donostiako Udala (1288), Gipuzkoako Batzar Nagusiak (1292) eta Gipuzkoako Foru Aldundia (1293) izango dira, besteak beste, lekuko eramaileak. Gero, Añorgatik abiatuko da Korrika gaua Gipuzkoan barrena igarotzera.

Lasarte eta Usurbil aldean, gauerdira bitartean, hainbat eta hainbat lagun izango ditu ongietorri alaia egiteko prest: Sorgin Jaiak batzordekoak jaietako brusa jantzita (1314), Kukuka antzerki eta dantza eskola, lekukoa clown baten esku utzita (1316), Pirritx, Porrotx eta Marimotots (1320)...

Kostalderantz eginda, Orioko eta Zarauzko korrikalariek asteazken goizaldean ekingo diote lasterketari. Orion, triki-poteoa egin eta soziedadean afaldu ondoren. Eta Zarautzen, afari beganoa eta jolasak izango dituzte gaztetxean Korrika herrira iritsi bitartean. Getaria eta Zumaia artean, berriz, kilometroak zatitu behar izan dituzte, inoiz baino eragile gehiagok hartuko duelako parte, euskararen aldeko karrera ordu txikietan igaro arren. Zumaian, hain zuzen, pasa den urtean hildako Igor Zendoia AEK-ko irakaslearen omenez egingo du kilometroa Zumaiko AEK-k, lekukoa haren familiaren eta ikasleen esku utzita. Bihar, egunsentiarekin batera iritsiko dira korrikalariak Elgoibarrera, Azkarate mendatetik, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatu ondoren.

 


Radio Euskadiko GRAFFITI saioan KORRIKA eta KORRIKA historiaren inguruan asteroko saioa.... entzun ORAIN!

KORRIKA: iragana, oraina eta geroa.
 KORRIKAren sorrerak..
KORRIKA20 Euskararen lau aurpegi
Omenduak...
Korrika Batzordeak...
Porrotx eta Marimototx...
Furgonetatik...
KORRIKA aurreko 7 egunak...