Ibilbidearen erdia baino gehiago beteta, gaur Azkaraten behera (06:22) iritsiko da Korrika Deba Barrenera. Elgoibarren izango du zain Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearen aita, lekukoa eramateko prest 1439. kilometroan, familiarekin batera, seme hilberriaren omenez. Ondoren, Bizkaia aldera joko dute korrikalariek Mendaro eta Debatik. Itziartik pasatzen ez denez, Debako azken metroak itziartarrek egingo dituzte, lekukoa mutrikuarren esku uzteko (1461).

Bizkaian Lea-Artibaitik sartuko da euskararen aldeko karrera, 10:21ean. Aste eguna izaki, Ondarroako ikastetxe asko aterako dira Korrikan parte hartzera, ez baitute Korrika Txikirik egin, orduagatik “handian” parte hartzeko aukera eduki dutelako. Gainera, Marabilli festibalaren kilometroan (1472), Kirmen Uribek eta Aitzol Aramaioren amak hartuko dute lekukoa. Bestalde, eta Etxebarritik ez denez igaroko Korrika hau, hango herritarrek Markina-Xemeinen korrituko dute, tartean, Amets Txurruka txirrindulariaren peñakoek (1480).

Busturialdera 14:54an iritsiko da Korrika. Etxebarrin bezala, herri guztietatik ezin pasatu lekukoa, eta eskualdeko hainbat udalek inguruko herrietan erosi dute kilometroa: Mendatak (1527), Ibarrangelun; Nabarnizek (1528), Arteagan; Muxikak (1541), Gernikan; Errigoitik (1570), Bermeon... Gernikan, kilometro polit bat ikusteko aukera izango da: Juntetxean, Bizkaiko Batzar Nagusien kilometroan (1544), lekukoak Gernikako arbola inguratuko du. Kilometro horretan bertan (1544), partekatua baita, zati bat Sidneyko Euskal Etxearena da. Han bizi izan eta orain Gernikara itzulita dagoen lagun batek eramango du lekukoa urruneko euskaldun haien izenean. Eskualdea agurtzeko, berriz, Bermeon SOM-HI kataluniar euskaldunek egingo dute korrika (1560), besteak beste. AEKn dabiltza euskara ikasten, eta elkartea ari dira sortzen.

Uribe Butroen sartzean, Bakion (1571), omenaldi xume bat egingo diote Txetxu Ugalde kazetariari, berak beti hartzen zuelako parte Korrikan. Haren familiak eramango du lekukoa lehenengo ehun metroan. Mungiatik igaro eta Uribe Kostara helduko dira korrikalariak 23:41ean, Urduliztik, 1599. kilometroan. Gorriz, Plentzia, Barrika, Sopela, Berango, Algorta, Erromo eta Leioatik igarota, Erandiotik batelean eta paddle surfean zeharkatuko du lekukoak itsasadarra, Barakaldoraino. Hor hasiko du Ezkerraldeko bisitaldia, 1656. kilometroan, bihar goizaldeko 04:56an.

20. Korrikak ibilbidearen erdia baino gehiago bete du dagoeneko, pozik eta arrakastaz bete ere. Gero eta gutxiago geratzen da Iruñeko azken eguna ospatzeko, beraz... tipi-tapa, tipi-tapa... prestatu!


Radio Euskadiko GRAFFITI saioan KORRIKA eta KORRIKA historiaren inguruan asteroko saioa.... entzun ORAIN!

KORRIKA: iragana, oraina eta geroa.
 KORRIKAren sorrerak..
KORRIKA20 Euskararen lau aurpegi
Omenduak...
Korrika Batzordeak...
Porrotx eta Marimototx...
Furgonetatik...
KORRIKA aurreko 7 egunak...