Goizeko bostetarako hartuko dute lekukoa Barakaldoko korrikalariek. Hortik Sestaora, bertako lehen kilometroa (1668) Korrika Lagun taldeak egingo du, lehen Korrikatik hutsik egin ez duten lagunek. Bestalde, hainbat kilometro oparitu dituzte Ezkerraldean. Adibidez, Portugaleteko merkatari elkarteak kilometroa erosi eta zozketa egin du bezeroen artean (1676). Eta Santurtzin, Bihotz gaztea elkarteak eta Kaio triste tabernak herriko lehen Korrika batzordea osatu zutenei oparitu diete 1680. kilometroa.

Meatzaldetik eta Enkarterritik igarota, Artziniegan (Araba) Txabelik eramango du lekukoa Hiriska Emakumeen Elkartearen kilometroan (1758). Pixka bat lehenago, ordea, Txabelik Korrikaren eta AEKren omenaldi xumea jasoko du. Izan ere, Korrika zale honek euskararen aldeko lasterketa Burgosko mugako lurralde honetan pasatu den bakoitzean, otoruntza polita prestatu izan du beti bere baserrian Korrikara joandakoentzat: pintxoak, txokolate beroa... Hori dela-eta, Korrikak eta AEK-k omenalditxoa egingo diote baserrian bertan, 12:30ean. Omenaldi honekin, gainera, AEK-k eta Korrikak zonalde horretan lagun anonimo askok eta askok euskararen alde egiten duten lan eskerga eskertu nahi dute.

Bizkaira itzulita, 20. Korrikak Bilborako bideari ekingo dio, Sodupe eta Alonsotegitik. Arratsaldeko bostak aldera sartuko da hiriburuan, Zorrotzatik, eta lau ordu eta erdiz ibiliko da auzoetan eta erdialdean zehar. Bertan izango ditu zain, besteak beste, Ongi etorri errefuxiatuak plataforma (1782), Basurtu Ospitaleko langileak (1791), Kakitzat (1801), Kale Dor Kayiko eta Txurdinaga eskola (1810), Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa (1821), Bilboko Udala (1825), Bilboko Konpartsak (1831), Bizkaiko Bertsozale Elkartea (1833), EITB (1839), Bizkaiko Foru Aldundia (1844), Guggenheimeko langileak (1847), ikastetxeak... Doakotasunaren aldeko kilometroa Bilbon 1832.a izango da, Plaza Biribilean, 19:51n.

San Inazio auzoan, lekukoak bilbotarrak agurtu eta Txorierrirantz egingo du. Eskualdeko lehen kilometroan (1862) Lutxana Arraun Taldeak eramango du lekukoa. Lehenengo aldiz erosi dute kilometroa: egoitzaren ondo-ondotik pasatzen zaie Korrika, hain zuzen ere, Abusu ibaia itsasadarrean amaitzen den lekuan. Sondikan, berriz, 1872. kilometroa egingo dute Sabin Gaztañaga AEK-ko arduraduna zenaren oroimenez (kilometro hau dagoeneko tradizio bihurtu da eskualdean). Gauerdian, Korrika zale andana bilduko da Txorierri eta Arratia artean, Usansolon. Izan ere, bost kilometroko tartean, 22 kilometro birtual eta beste horrenbeste lekuko aldaketa izango dira.

Ostiral goizaldean, Korrikak Arratiako herriak zeharkatuko ditu, baina ez guztiak, ezinezkoa baita. Hala, Dimako Korrika zaleek erosi dituzte Barazar mendatean gorako kilometro guztiak. Herritik pasatzen ez zaienez, aldapa gora egingo dute oraingoan Korrika. Bejondeiela!

Araba aldean, Gorbeia azpiko herrietan ibiliko dira lasterka korrikalariak gaua uxatzen. Esaterako, Zigoitiko eskolakoek bertan euskara zaintzen duen Berdetxo maskota aterako dute Korrikari ongietorria ematera (1954). Egunsentiak Barrerilla mendatea jaisten harrapatuko du 20. Korrika, zazpi eta erdiak jota Urduñan sartzeko prest.


Radio Euskadiko GRAFFITI saioan KORRIKA eta KORRIKA historiaren inguruan asteroko saioa.... entzun ORAIN!

KORRIKA: iragana, oraina eta geroa.
 KORRIKAren sorrerak..
KORRIKA20 Euskararen lau aurpegi
Omenduak...
Korrika Batzordeak...
Porrotx eta Marimototx...
Furgonetatik...
KORRIKA aurreko 7 egunak...