Euskararen aldeko lasterketa Arabara Gorbeialdetik sartuko da goizeko 04:00ak aldera. Araiako eskualdera Barrerilla mendatetik murgilduko da (1986). Lehen kilometro horretan ohiko legez Spiderman korrikalari ezaguna agertuko da; bere helburua 35-40 kilometro egitea da. Ez du helburu makala ipini superheroiak! Hortik, Laudioruntz abiatuko da Korrika.

Araiako herri horretan kadete mailan Euskal Herriko pilotari txapendunak, Iker Yustek, hartuko du lekukoa (2038). Ibilbideari segida emango diote Laudioko alkate Natxo Urkijok (2042) eta bertako ikastolako sortzaileek (2042). Joaldunak ere izango dira festa ibiltarian. Horretaz gain, Iñigo Cabacasen omenezko kilometroa ere egingo da Iñigo gogoan elkartearen eskutik.

Araba utzita, Hego Uribek hartuko du lekukoa. Korrika ederra bezain zorragarria da eta helmugara iritsi bitarte asko dira bitxikeriak. Horien artean suhiltzaileak aurkitzen dira. Basauriko suhiltzaileak kamioi eta guzti azalduko dira (2086). Ildo beretik, aipatzekoa da opariak ere izan direla eskualde horretan; izan ere, Galdakaon gizonezko batek emazteari kilometroa oparitu dio euskararen alde egiten duen guztia eskertzeko; adibidez, AEKn euskaldundu eta familiako hizkuntza ohitura aldatu. Galdakaoko azken kilometroa (2100), berriz, Josu Zabaloren eskuetara pasako da: AEK-ko irakaslea izan da urte askoan eta aurten erretiroa hartuko du.

Hego Uribetik Durangaldera igaroko da Korrika 17:00ak aldera, Zornotzatik. Azpimarratzekoa da Durango 1936 Kultur Elkarteko kidea den 80 urteko emakume batek izango duela lekukoa eskuetan (2122). Bi kilometrora, ordea, Euskal Herrian Euskaraz taldea izango da lasterketako protagonista lehengo aldiz (2124). Geroago Durangoko Udalaren txanda izango da (2120), lehengo aldiz baita ere. Ondoren, Berrizen izango dira korrikalariak; horien artean 100 urteko emakume bat (2148).

22:45 aldera Bizkatik Gipuzkoara pasako da Korrikaren magia. Eibar izango da lehenengo herria, eta hor Eibarko futbol taldeko atezainak eta emakume taldeko kapitainak hartuko dute lekukoa (2168). Debabarrena eskualdean adierazgarria da 6 kilometro eta 300 metroko ibilbidean zehar 36 eragilek hartuko dutela parte. Soraluze eta Bergaratik, Urola Garaira helduko da Korrika, larunbat goizaldean.

Eskualde horretan orain bi urte baino 10 eragile gehiagok babestu dute euskararen aldeko ekimena. Urretxu-Zumarragako ikastolak 50. urteurrena du (2198), baita Iparragirre Institutuak eta Gaintzuri ikastetxeak ere (2199). Kilometro berean gaztetxeak ere izango du lekukoa eta, esan digutenez, ongietorri berezia egingo diote Korrikarri. Urola Garaiko azken kilometroa Irrintzi taldeko dantzariek eta antxiñako ama txistulari taldekoek egingo dute beren 50. urteurrena ospatzeko (2201).

Goierrin Ezkiotik (2202) Legorreta bitarte (2224) izango da lekukoa tipi-tapa. Hortik, Tolosaldera pasako da, Ikaztegietan hain zuzen. Abaltzisketa eta Amezketako herrietako ilusioak ekarpen handia egin dio antolaketari. Goierrira berriro itzuli aurreko jomuga Larraitz izango da (2239), larunbat goizeko 06:19an.


Radio Euskadiko GRAFFITI saioan KORRIKA eta KORRIKA historiaren inguruan asteroko saioa.... entzun ORAIN!

KORRIKA: iragana, oraina eta geroa.
 KORRIKAren sorrerak..
KORRIKA20 Euskararen lau aurpegi
Omenduak...
Korrika Batzordeak...
Porrotx eta Marimototx...
Furgonetatik...
KORRIKA aurreko 7 egunak...