Larraiztik aurrera, Goierriko azken kilometroei ekingo die 20. Korrikak larunbat goizaldean, 06:19an. Beste korrikalari askoren artean, Gaintzako herritarrek lehenengo aldiz hartuko dute lekukoa Zaldibian, euren herrirako bidegurutzean (2240). Idiazabal, Segura eta Zeraindik, Legazpira iritsiko dira korrikalariak.

Han, Irabazi alderdi politikoak lehenengo aldiz hartuko du lekukoa (2285). Eta Legazpiko gaztetxeak 20 urte beteko dituenez Korrika pasatzen den egun berean, Gazte Asanbladak kilometroa (2283) erosi du hori ospatzeko. Ilintxa futbol taldeak ere lehenengo aldiz hartuko du lekukoa (2286).

Debagoienarako bidean, 11:27an Udana gainean hartuko du Udalak Oñatiko lehen kilometroa (2287). Eskualde honetan, enpresa eta eskola asko izango dira kilometro erosle eta lekuko eramaile. Besteak beste, aurten Kilometroak jaia antolatuko duen Oñatiko Txantxiku ikastola (2293). Arrasaten, berriz, AED, Ekin eta Txatxilipurdi elkarteen kilometroan Eguzkilaru panpinak eramango du lekukoa (2303). Halaber, bitxia da Gatzagako herritarren parte-hartzea ere: angula zozketa egin dute dirua bildu eta hiru kilometro (2318, 2319, 2320) erosteko. Lekuko eramaileak erabakitzeko ere, zozketa egin dute herritarren artean.

Arabako Lautadara joko du ondoren 20. Korrikak. Irudi polita ikusi ahal izango dugu Landan: Artzain Txakurren Lagunak elkartea, lekuko eramaile (2323), 70 bat lagun euren txakur eta guzti. Gainera, Gipuzkoa eta Bizkaiko jende asko espero dute Lautadan; izan ere, hainbat koadrilak erosi du kilometroa eskualdean, eta astebururako plan polita osatu. Era berean, Lautadako udalerriak osatzen dituzten administrazio batzorde askok erosi dute kilometroa.

Horrela iritsiko da Korrika berriro ere Nafarroara, larunbat gaueko 10etan Sakanan sartuta. 2386A izanen da lehen lekuko aldaketa. Hortxe izanen dira Sakanako Itsasi AEK euskaltegiko lagunak harrera egin eta lekukoa hartzeko prest. Bost ordu emanen ditu Sakanan, goizaldeko hiruretan Atondotik Iruñerako bidea hartzeko. Bailara honetako herri guzti-guztietako udalek eramanen dute lekukoa, baita kontzejuek ere. Eta Sakanako Mankomunitateak ere bere kilometroa izanen du. Horiekin guztiekin, Sakanako hamarnaka enpresa eta langile komite, elkarte, gazte asanblada, kirol elkarte, ikastola... Gau interesgarria izanen da, eta jendetza egonen da, seguru!!! 03:09an azken txanpari ekingo dio 20. Korrikak, Iruñerrian sartuta.


Radio Euskadiko GRAFFITI saioan KORRIKA eta KORRIKA historiaren inguruan asteroko saioa.... entzun ORAIN!

KORRIKA: iragana, oraina eta geroa.
 KORRIKAren sorrerak..
KORRIKA20 Euskararen lau aurpegi
Omenduak...
Korrika Batzordeak...
Porrotx eta Marimototx...
Furgonetatik...
KORRIKA aurreko 7 egunak...