Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskarari egindako ekarpena goretsi nahi izan dute KORRIKA-AEK-k, EHUk eta Jakinek; bakoitzak bere esparrutik, baina elkarlanean. Hala, hurrengo egunotan, omenaldi-ekitaldia gauzatzeaz gain, Txillardegiren Klika dokumentala estreinatuko da, eta hizkuntzalariari eskainitako liburu bilduma argitaratuko dute (Dabilen pentsamendua bildumako aurreneko saila). Hala adierazi dute gaur Asier Amondo KORRIKAko koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko erretoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.

Izan ere, Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu ere egin zuen. Politikan jardun zuen gaztetatik, eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin.

Omenaldi-ekitaldia Musikenen

Hori guztia dela-eta, omenaldi-ekitaldia antolatu du KORRIKAk otsailaren 9rako, Donostiako Musikene goi-mailako musika-ikastegian; Amondoren esanetan, «gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko». Jakin eta EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia Herri-ekimeneko kideek ere hartuko dute parte, Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako Txillardegiren Klika ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Bestalde, Alvarez Enparantzaren gaineko Dabilen pentsamendua liburu bildumako aurreneko saila erosteko aukera ere egongo da.

Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez; etorri nahi duen orok honako helbidean eskatu behar du gonbidapena: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..