Laurehun lagun bildu dira Donostian, AEK-k eta KORRIKAk Txillardegi omentzeko antolatutako ekitaldian. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egin dute 21. KORRIKAren omenaldi-ekitaldia, Jakin, EHU eta Txillardegi Liburutegia Herri Ekimeneko kideen parte-hartzearekin.

Piano-pieza batek zabaldu du ekitaldia, Eliezer Gutierrezen interpretazioarekin, Txillardegik «harreman berezia» baitzuen pianoarekin. Hala adierazi du Tamara Ferrari kazetariak, ekitaldiaren aurkezle-lanak egin dituenak.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia izan da hitza hartzen lehena, ekitaldiaren antolatzaile gisa. AEKren euskaltegi eta gainerako zerbitzuetako lan-tresna euskara batua dela ekarri du gogora eta, nola ez, batua sortzeko lanean Txillardegik izandako papera goretsi du: «Euskararen historian, bada gauza oinarrizko bat, eta hori da estandarra sortu izana: euskara batua». Txillardegik beste alor batzuetan egindako Klika ere nabarmendu du, 21. KORRIKAren leloa gogoan hartuta.

KORRIKAren izaeraren parte da elkarlana, eta hala izan da ekitaldi honetan ere: Jakin aldizkariarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin partekatu du omenaldia AEK-k. Horretarako, Dabilen pentsamendua liburu-bildumako lehen aleak argitaratu dituzte eta, horietan lehena da Txilardegiren biografia, Miren Rubio kazetariak idatzitakoa. Bildumak Elkar Fundazioaren 2017ko Proiektuaren saria jaso zuen.

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak biografiarako Joxe Azurmendik eginiko hitzaurre mamitsua hartu du hizpide, Txillardegik ekarri zuen belaunaldien arteko talka gogoratzeko: arrazan oinarritutako naziotasunetik, euskara ardatz gisa duen naziotasunerako jauzia. Agirreren esanetan, horrek ekarri zuen «euskalduntasun berri batera klik egitea».

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen Txillardegi, eta hala nabarmendu du Jon Zaratek, EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzarako Errektoreordeak. Txillardegik EHUn lanean emandako 20 urteetan egindako lanak ekarri ditu gogora Zaratek, soziolinguistika matematikoaren oinarriak ezarri izana nabarmenduta.

Ekitaldira joandakoek Txillardegiren Klika dokumentalaren estreinaldia ikusteko aukera izan dute: Kote Camachok zuzendu du lana, Eneko Dorronsororen laguntzarekin, eta Txillardegiri 14. KORRIKArako eginiko elkarrizketaren irudiak ditu ardatz. Euskararen ikas-prozesua, euskarazko unibertsitatearen lehen pausoak eta beste hainbat gai jorratzen dira ikus-entzunezkoan, irudi argitaragabeei esker.

Goi mailako figura ez ezik, herritarren artean ere aski ezaguna zen Txillardegi, eta aintzatespen hori nahi dute Txillardegi Liburutegi Herri Ekimeneko kideek. Hala adierazi dute antzerki bidez Asier Sota eta Asier Hormaza aktoreek, Ramon Agirreren testu bat oinarri hartuta. Herri-ekimen horren aspaldiko eskaria da Donostiako Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena ematea.

Ekitaldiaren unerik hunkigarriena izan da Txillardegiren senideek 21. KORRIKAren oroigarria jaso dutenekoa, Asier Amondo KORRIKA arduradunaren eskutik. Familiak esker onez hartu du omenaldia, Txillardegiren beraren ibilbidea gogoan hartuta.

Piano-doinuekin eman diote amaiera ekitaldiari, eta familia-argazkia egin dute parte-hartzaileek eta senideek, Txillardegiri AEK-k eta KORRIKAk emandako babesaren irudi gisa.