KORRIKA Kulturala aurkeztu du gaur Asier Amondo KORRIKA arduradunak, hainbat artistarekin batera, Gasteizko Baratza aretoan. Sei estreinaldi izango ditu aurtengo KORRIKA Kulturalak, baina ehunka izango dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak.

Elkarlana da KORRIKA Kulturalaren izaeraren ardatza, eta horixe irudikatu dute gaurko aurkezpenean: Loraldia Festibaleko eta Baratza aretoko ordezkariak eta hainbat artistak hartu dute parte agerraldian.

AIKO dantza-taldeak zabaldu du ekitaldia, Garaikideak izeneko lanaren lagin batekin, «dantza entzungai eta musika ikusgarri» egiten duen lanarekin. Porrotx pailazoa ere egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria aurkezten: Musua ikuskizunaren estreinaldia egingo dute KORRIKA Kulturalean, «musuek biraka jartzen dutelako mundua».

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak abesti bat Enkarguz sortzeko prozesua agertuko dute, sormena eta parte-hartzea ardatz dituen ikuskizunean. Kale-antzerkia ez da faltako KORRIKAren ziklo kulturalean: Jule antzezlana emango dute Hortzmuga Teatrokoek. Arte-adierazpide berriak ere izango dira, Beñat Krolem artistaren Oholtza performance-ari esker.

Loraldiarekin elkarlanean eta APPa

Estreinaldi handienetako bat izango da Kalaportu ikuskaria: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan egingo dituzte emanaldiak.

Kulturalarekin batera, 21. edizioaren gailu adimendunetarako aplikazioa ere aurkeztu du gaur KORRIKAk. Akting enpresak sortua, bertan egongo dira ikusgai emanaldi guztien datak, orduak eta lekuak; lasterketaren zehaztasun guztiekin batera. Hemen APParen funtzionamendua azaltzen duen bideo bat:

Asier Amondo KORRIKA arduradunak nabarmendu du elkarlana dela KORRIKA Kulturalaren oinarria eta herritarrei dei egin die Klika egin dezaten: «Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko konpromisoari Klika». Euskararen aldeko konpromisoak hartzeko garaian gaudela esanez amaitu du agerraldia.