Etxepare Institutuak bere gain hartu du Klika leloaren filosofia barreiatzeko konpromisoa. Izan ere, AEKrekin akordio bat sinatu egin du euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzeko erakunde publikoak, eta horrekin babes osoa adieraziko dio 21. KORRIKAri.

Hala, Etxeparek lasterketari buruzko lanketa berezia egingo du bere unibertsitate-esparruko irakurletzetan, baita Euskara Munduan sareko Euskal Etxeetako kideen artean ere. Honekin espero da, aurreko urteetan gertatu zen moduan, aurten ere KORRIKAren gaineko egitasmoak antolatuko direla Bartzelona, Berlin edota La Plata bezalako munduko hiri ezberdinetan. Horiek guztiak izango dituzue ikusgai webgune honetan, KORRIKA munduan atalean.

 

Bideo-lehiaketa berria

Bestalde, aurten ere bideo-lehiaketa bat abian jarriko dute, beste herrialdeetako euskaltzaleek euskararekiko atxikimendua adieraz dezaten. Etxepareren ordezkarien esanetan, «lehiaketa honen helburua, besteak beste, KORRIKAren garrantzia azaltzea da, eta atzerriko jendeak euskararekin duen lotura nabarmentzea». Lehiaketak bi sail izango ditu, bata Euskal Etxeetako ikasleen artean eta bestea irakurletzetako ikasleen artean; eta jendearen bozka gehien jasotzen duten bi parte-hartzaileek sari bana jasoko dute: uda partean Euskal Herrian barnetegi batean ikasteko aukera, bidaia eta barnetegian egonaldia ordainduta.

Aurrerago emango ditugu lehiaketaren gaineko zehaztapen gehiago. Adi egon webgune honetara!