Osorik on-line lantzeko aukera izango da lehen aldiz, baina paperean deskargatzeko moduan ere ipini dute korrika.eus webgunean. AEK eta Ikastolen Elkartearen artean «elkarlan naturala» izan dela adierazi du Asier Amondok. Unitatearen erakustaldi laburra egin dute Abusu ikastolako ikasleek.

(Unitate didaktikoaren atalera joateko, Klika egin HEMEN).

KORRIKAren edukiak lantzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute Bilboko Abusu ikastolan KORRIKAko eta Ikastolen Elkarteko arduradunek, bertako ikasleen laguntzarekin.

Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik on-line lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktiko hau «elkarlan naturalaren fruitua» dela adierazi du Asier Amondo KORRIKA arduradunak, ia hogei urte baitira KORRIKAri buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman nahi izan dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari.

QR kode bidez

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman ditu unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman du: QR kode bidez, KORRIKA amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta. Abusun bertan egindako esperimentua azaldu dute ikasleek eurek.

Amondoren hitzetan, oso garrantzitsua da KORRIKA haur eta gazteen artean, eta haiek ere Klika egitea espero dute, baina herritar oro gonbidatu du zeregin horretara: «Dagoeneko Klika egin dugunon auzolana sustatzen ari gara baina, batez ere, Klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak».