KORRIKAk Euskaraldiko esperientzia errepikatzeko testuinguru paregabea ematen duela adierazi dute gaur AEK-ko eta Topaguneko ordezkariek, Bilboko Itsasadarra museoan egindako agerraldian.

Joan den urteko abenduaren 3an amaitu zen Euskaraldiaren lehen esperientzia, baita arrakasta handiz amaitu ere. Horren ondoren, bigarren esperientzia abiatzeko asmoa ere adierazi zuen Euskaltzaleen Topagunea antolatzileak. Aurretik, baina, 21. KORRIKAn ahobizi eta belarriprest gisa jarduteko deia egin dute Euskaraldiaren eta KORRIKAren antolatzaileek.

«Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira». Hala mintzatu da Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia gaur, Bilboko Itsasadarra museoan emandako prentsaurrekoan. Euskaraldian parte hartu dutenek «euren hizkuntza-praktikak aztertu» eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.
KORRIKAren aurreko edizioak irudi esanguratsuak utzi zituen, hala nola Santiago zubiko kilometroa, non elkarrekin agertu ziren erakundeetako ets euskalgintzako ordezkariak. Geroztik, rol eta jarrera berriak sortu dira Euskal Herrian, eta horiek zabaltzeko deia egin dute agerraldian.

Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta belarriprest guztiei «euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko». Egunerokoan egin beharreko ariketa horrek testuinguru ezin hobea izango du KORRIKAn, Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra.

Hala, ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori ikusaraztera, «AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko».