Datorren ostegunean, apirilaren 4an, Garesen hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriko jendarteak; izan ere, 21. KORRIKA bertatik abiatuko da arratsaldeko 17:00etan. Goizean goizetik giro ezin hobea izanen da Garesen, hainbat ekimen antolatuta baitaude.

(Klika egin HEMEN webguneko atal berezira joateko).

(Klika egin HEMEN ekitaldiko argazki galeriara joateko).

Egun osoko jaia prestatu dute Izarbeibarreko herritarrek 21. KORRIKAri hasiera emateko. Dianekin esnatuko da Gares, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna herri bazkariaren aurretik. Plazan izanen da hasiera ekitaldia 16:30etik aurrera, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte-hartzearekin.

Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun banak eginen du: 16 herri guztira, 16 lagun. KORRIKA ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, KORRIKAren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta 16 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Izarbeibarren euskarak tinko aurrera egiteko KORRIKAk hauspo izan nahi duela.

Gares, KORRIKAren alde

Gares izanen da ostegun honetako protagonista nagusia, bertako herritarrek eta Udalak egindako lanari esker. Hilabeteetako lana izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta ostegunerako Gares prest izanen da 21 KORRIKAren hasierara etorriko diren herritar andanari behar bezalako harrera egiteko. Ohore handitzat jo dute bertakoek, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako KORRIKA hasiera ezagutu. Garesko Udalak eta AEK-k elkarlan-hitzarmen sinatu dute, eta, bertako alkateak, Oihan Mendok deialdi berezia egin du ostegunean denok Garesen elkartzeko.

Azkenik, azpimarratu behar da KORRIKA hasiera telebistaz nahiz irratiz jarraitu ahal izango dela zuzenean, euskarazko hainbat hedabidek egindako saio bateratuei esker. Horren gaineko informazio guztia webgune honetan bertan.