... eta txis... pum! Hasi da 21. KORRIKA!

Euskararen aldarria daraman lekukoa irten da Garestik, azkenik, eta Gasteizen izango da 11 egun barru. Jai giroan erabat murgildurik egin dute Irteteko tiroa, KORRIKAren aldeko uholdeak hartutako 3.000 biztanle inguruko nafar herrian.

Hasiera-ekitaldia Anabel Arraizak gidatu du, Demode Quartet taldea lagunduta. Xabier Gartzia AEKren Nafarroako artezkaritzako kideak eman du hasiera diskurtsoa (hemen dago irakurgai, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez); eta, ondoren, azken eguneko mezu sekretua sartu du lekukoan Asier Amondo KORRIKA arduradunak.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Izarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako 16 lagunek jaso dute lekukoa Asier Amondoren eskutik, 21. KORRIKAren lehen kilometroa egiteko. Ondoren etorri dira Garesko Udala, Garesko elkartea-APYMA Zabaltzagain, eremu mistora pasa diren herrietako alkateak, Garesko Ezker Abertzalea, Garesko Gazte Asanblada, Artazu herria, Izarbeibarko mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak eta EMUN. Horrela osatu dira 21. KORRIKAren lehen hamar kilometroak.

Hortik aurrera, Izarbeibar eta Mañeruibar zeharkatu ondoren, eremu mistoan zein eremu diskriminatuan gora eta behera ibili eta gero, Lizarraldean sartuko da KORRIKA iluntze aldera. Lizarran harrera beroa prestatu diote 19:30erako. Bertan eragile sozialek, alderdi politikoek eta Lizarrako Udalak berak hartuko dute lekukoa. Lizarraldea atzean utzi eta Allora afalordurako iritsiko da KORRIKA. Hor tartean Marmarikoak agertuko dira lehen aldiz edizio honetan. Ohitura dutenez, behin eta berriz topatuko ditugu Nafarroako geografian zehar “Nafarroako administrazioan euskaraz” taldekoak. Bien bitartean, jendea batzen hasiko da hainbat herritan KORRIKAren zain. Horrela, zenbait lekutan hitzordu ezberdinak antolatu dira KORRIKA iritsi aurretik afaldu eta, indarberriturik, euskararen lekukoari heltzeko. Esaterako, Andosillan arratsaldean jarri dute lehenengo hitzordua, eta ordu txikiak arte luzatuko da jai giroa, KORRIKA pasatu arte, alegia. Lodosan ere pintxo-afari baten bueltan batuko dira herritarrak, eta Sesman D ereduko gurasoek harrera beroa prestatu diote KORRIKAri, lehen urtea baitu D ereduak herrian.

KORRIKAk gaua Erriberan emanen du, eta bertan jarraituko du ostiraleko lehen eguzki izpiekin batera, baldin eta eguraldiak errespetatzen bagaitu. Bitan pasatuko da Tuteratik, sei eta erdietan eta zortzi eta erdietan. Goizaldean lasterka egin, gosaldu eta berriro KORRIKAra!

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!

BEKA

Banerra 300x300

GEROA EUSKARATIK

AEK 300x300