Garaioan esnatuko da KORRIKA larunbatean, eta intentzioa da Iruñera, Euskal Herriko hiriburura, bazkalordurako puntu-puntuan iristea. Goizeko zortzietan KORRIKA Garraldan izanen dela aurreikusita dago; eta hortik berehala hartuko du hiri buruzagirako bidea, hegoalderako bidea, alegia.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Lakabe eta Nagore igarota, lasterketa erraldoia Agoitzen izanen da hamaiketakoa hartzeko. Antolatzaileek larunbat goiz jendetsua espero dute; izan ere, eskualdeko lagun propioei Euskal Herriko txoko ezberdinetatik egun pasa hurbildutako lagun andana gehitu egingo zaie.

Agoitz pasata, KORRIKA Iruñera iritsiko da, bi orduko ibilbidea egin eta gero. Olatzetik sartuko da Iruñerrian barna, eta herriz herri eta auzoz auzo ibiliko da, ia iluntzera arte. Iruñeko peñek, Udalak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, alderdi politikoek, sindikatuek, eta Iruñerriko hainbat udalek lekukoa eramanen dute, tokian tokiko KORRIKA batzordeekin batera. Oso zaila izango da Iruñean eta Iruñerrian aspertzea, bertakoek hamaika ekimen prestatu baitituzte: hamaiketakoak, bazkari herrikoiak, dantzaldiak, poteoak, bertso saioak, txarangak, afariak... egun osoan, toki ezberdinetan, nahi bezain beste plan egin ahal izanen da.

Eta berriro gora, Nafarroan gora, iparralderako bidea eginen du KORRIKAk. Iruñerria atzean utziko du Uhartetik, eta, ondoren, Zubirirako errepidea hartuko du. Erro gaina pasata, Aurizberrira jaitsiko da, Auritz zeharkatu, eta Orreagatik aurrera Luzaidetik Iparraldera salto eginen du.

Gaueko ordu batean Nafarroatik aterako da karabana koloretsua, lehen hiru egunetan egindako 600 kilometroak atzean utzita. Pirinioetan, igandearekin batera, iritsiko da Iparraldekoen txanda.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!