4. etapa honetan, KORRIKA Arnegitik sartuko da Baxenabarrera; eta goizeko hiruretan helduko da herrialdeko hiriburura, Donibane-Garazira, hain zuzen. Jai giro apartan murgildurik, korrikalariek eta furgonetak kolorez eta argiez piztuko dute baxenafar goizaldea.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Donibane-Garazitik Lakarrara igaroko da KORRIKA; eta, ondoren, Larzabale eta Bunuzera. Larzabalera iritsi aurretik, Ainizan, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Euskal Herriko Laborarien Batasunak eramango dute lekukoa; eta Larzabalen bertan, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariek.

Goizeko seietan sartuko dira korrikalariak Zuberoan, Muskilditik. Ordu bat beranduago, zazpiak aldera, karabana alaia eguneko bigarren hiriburutik pasako da: Mauleren txanda izango da.

Geroztik, Baxenabarreko bigarren etapa egiteko orena ailegatuko da. Herrialdeko iparraldetik igaroko du igande goiza KORRIKAk, Donapaleutik Aiherrara.

Hazparnen zapalduko du aurtengo KORRIKAk Lapurdi lehenengo aldiz; eta, ondoren, Itsasu eta Kanbotik sigi-saga ibiliko da. Kanboko eramaileen artean, instituzio eta kargu inportanteak: Garapen Kontseilua, herriko etxea, Udalbiltza, Euskal Hirigune Elkargoa eta Auzapezen biltzarra. Eta lasterketak aurrera segituko du. Ustaritze eta Milafranga atzean utzita, Hiriburun sartuko da. Herri horretan, hainbat komunikabidek egingo dute beren kilometroa: France Bleu eta EITB.

Baionan eta, lehenengo aldiz, Bokalen

Arratsaldeko seietan helduko dira korrikalariak Baionara. Lapurdiko hiriburuan ordubete inguru arituko dira; tartean, lekukoa pasako da hamaika eragileren eskutik, besteak beste: Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Gaztetxea eta Aitzina, BIZI! Elkartea eta Aviron Bayonnais errugbi taldea.

Eta jada korrikalariak ez dira Lapurdi herrialdetik egun osoan aterako. Hiriburua pasata, hurrengo mugarria Bokalen dago. Une hunkigarriak biziko dira han, aurtengoa lasterketa herritik pasako den lehenengo aldia baita. Ikusgarria izango da, zalantzarik gabe, arraunlariek Bokaletik Angelura lekukoa nola eramaten duten ikustea.

Miarritzen ikusiko du 21. KORRIKAk kostaldea lehenengo aldiz, eta Kantauri itsasoaren parean jarraituko du. Gaueko hamarretan Donibane-Lohitzunetik pasako da, eta, gauerdian, Hendaiatik.

Irunetik hasita, eta astelehenarekin batera, gipuzkoarrei helduko zaie euskararen lekukoarekin jarraitzeko txanda. Guztira, gaurko 24 ordutan Ipar Euskal Herriko 40 herriko etxek eramango dute lekukoa (haien artean Baiona, Angelu, Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz edo Maulekoak). Aipatzekoa ere bada gaztetxe, ikastola, euskarazko komunikabide eta kultur arloko (besta batzordeak, dantza taldeak, pastoralak...) eragileen presentzia handia, igandean egingo diren 220 kilometrotan.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!