Igandea Iparraldean eman eta gero, Gipuzkoa zapalduko du 21. KORRIKAk lehenengo aldiz. Irundik eta Hondarribitik ibiliko da, goizaldeko hirurak arte. Han, denak agertu dira euskararen lekukoa eramateko prest: eskolak, sindikatuak, kultur eta kirol taldeak (Hondarribiko Arraun Elkartea barne), eta abar.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Ondoren, Nafarroara itzuliko da KORRIKA, eta ordu txikiak Bortzirietan emanen ditu. Bera, Lesaka, Igantzi eta Etxalar zeharkatuta, Iparraldera itzuliko da asteleheneko lehen argiekin. Elkarteak eskolak, Udalak, gazte asanbladak, enpresak... guztiak aterako dira karabana koloretsuari behar bezalako harrera egitera, haur eta gazte, heldu eta zahar.

Eta goizeko seiak aldera, berriro Lapurdin. Saratik Azkainera, Senpere geroztik, Ezpeleta eta Ainhoara.

Hamaiketako ordurako Baztanen sartuko da KORRIKA. Amaiurren eginen du lehen agerraldia, eta hortik eguerdirako Elizondon sartuko da, baztandarren berotasunean. Elkarte ezberdinek eramanen dute lekukoa, enpresek... Giroa ziurtatuta dago Baztan aldean. Baztanetik hegoalderako bidea hartuta, Leitzaldean sartuko da, 2. edizioz behin egin ohi duen moduan. Leitzarrek pozez hartuko dute 21. edizioa, duela 4 urte egin zuten moduan. Arratsalde girotsua izanen da Leitzaldekoa, ohiko lekuko eramaileen eskuetatik beste behin ere pasako baita lekukoa, urte batzuk zaharragoak batzuen kasuan baina gazte belaunaldi berriekin batera eginen dituzte bertako kilometroak. Izan ere, eskolatik musikaz lagundurik aterako dira umeak arratsaldeko lehen orduan ibilbidera hurbiltzeko. Eta arratsalde-gauean KORRIKA pasata Leitzako plazan musika eta jatekoarekin batuko dira herritarrak.

Larraunera iritsiko da ondoren KORRIKA eta Lekunberrin eginen du bere agerraldi jendetsua lehenik eta behin. Ultzama, Basaburua, Odieta, Atetz, Imotz... horietan guztietan hamaika hitzordu dago jada. Esaterako, Imozko herrietatik bi pasaldi eginen ditu KORRIKAk hiru orduko tartearekin. Tarte horretan Muskizko Itsasoneko elkartean elkartuko dira imoztarrak, afalduz indarrak hartzeko eta KORRIKAri berriz ere giro onean itxoiteko. Odietarrak berriz, Gelbentzun elkartuko dira seietatik aurrera KORRIKA etortzen denerako motorrak berotzen joateko, gaueara arteko giroa ziurtatu izanen dute. Eta Atetzen Aroztegiko kanpinean elkartuko dira ateztarrak, afaldu eta motorrak berotzen joateko. Gauak luze joko du bailara hauetako herri gehienetan.

Gauerdiarekin Sakanara iritsiko da KORRIKA. Beste behin ere sakandarrek gauarekin batera harrera eginen diote KORRIKAri, Irurtzunetik sartu eta Ziorditik alde eginen du KORRIKAk, Altsasun Altsasuko Gurasoek protagonismo berezia hartuko dutelarik, Altsasukoak Aske plataformarekin batera. Altsasuk eta Sakanak herritik kanpo diren gazteak gogoan izanen ditu KORRIKA egun hauetan ere.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!