Gaualdean Sakanan ibili ostean, 21. KORRIKA Araban sartuko da, Lautadatik. Araian etorriko zaie egunsentia korrikalariei, eta aurreikusita dago goizeko zortziak aldera Agurainen egongo direla.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Lautadatik Mendialdera, Maeztu eta Atauritik, eta eguerdiko ordu batean karabana koloretsua Kanpezun sartuko da. Hortik gutxira, hirurak laurden gutxiagotan, Meanotik Ekorako bidean, gaixotasun arraro bat duen ume batek hartuko du lekukoa. Bizikletaz egingo du, bere erritmora.

Geroztik, hortxe ibiliko da KORRIKA hainbat kilometrotan, Errioxa eta Araba artean: Guardian, Eltziegon, Samaniegon, eta abarren. Arabako Errioxan, 1216. kilometroan, emakume batzuek harrera egingo diote KORRIKAri traktore batzuekin. Guardian ere, momentu politak espero dira, arratsaldeko bostak inguru; ikastolak eta herriko jendeak Guardiako harresitik sartu eta herria zeharkatuko baitute.

Bastidan, aro berriari Klika

Ondoren, arratsaldeko zazpiak aldera, 21. KORRIKAk mugarri inportante bat joko du; izan ere, Bastidan egingo den kilometroetako bat berezia egongo da, 1252.a, hain zuzen ere: eragile bateratuarena. Aurreko KORRIKAko Santiago zubiko kilometroaren jarraipena izango da, eta “Aro berriari Klika” ekimenean Albaolan hartutako konpromisoen hurrengo urratsa. Iluntzeko 19:15ean izango da.

Baina hau ez da behin ere gelditzen, eta tipi-tapa tipi-tapa lasterketa Trebiñura helduko da, 17. KORRIKAren hasiera herrira. Ohi bezala, Gutxisolo elkarteak zer edo zer irudikatuko du bere kilometroan, trebiñarren mozorroak lagundurik. Eta adi 1280 kilometroari, 21. KORRIKAren ekuatorea izango da-eta!

Hortik Argantzonera, eta Argantzondik Langraitzera. Une politak biziko dira han, 1300. kilometroan adibidez, Langraitzetik Andarako bidean: Arabako Foru Suhiltzaileek haien kamioiekin KORRIKAri harrera egingo diote, gauerdi inguruan. Ondoren, gaueko ordu txikietan (goizaldeko ordu bietan) korrikalariek Gorbeialdeko ibilbideari ekingo diote. Hirurak aldera pasako dira Murgiatik, eta seietan, Izarratik.

Geroztik, aurtengo KORRIKAk Aiaraldeatik zapalduko du Bizkaia lehenengo aldiz; Urduñatik, hain zuzen. Jardunaldia amaitzeko, Araban sartuko da berriro karabana, goizeko seietan Amurrioko ibilbidea egiteko.