AEK-k eta KORRIKAk sustatuta, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak jendaurrean berrestu dituzte gaur Bastidan hainbat arlotako 50 gizarte-eragile inguruk, 21. KORRIKAren ekuatorean. “Aro berriari, klika” ekimenaren baitan, «esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu dute sustatzaileek. Ekimena konpromiso-hartzaile berriei zabalik dago.

(Sinatzaileak eta hartutako konpromiso zehatzak ikusgai daude helbide honetan: www.korrika.eus/aroberriariklika.html).

20. KORRIKAren Santiago Zubiko kilometroan hasitako dinamikaren hurrengo urratsa eman da gaur Bastidan, 21. edizio honetako 1252 kilometroan. Aurreko martxoaren 23an Pasaiako Albaola museoan hasitako “Aro berriari Klika” izeneko dinamikaren jarraipena izan da. Egun horretan, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromiso zehatzak hartu zituzten 30 gizarte-eragilek, eta gaurko ekitaldian beste 18 eragile batu zaizkie; besteak beste, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak.

Ane Pedruzo kazetariak gidatutako ekitaldian, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo KORRIKA arduradunak adierazi dute euskalgintzak elkarlan-esparru berriak zabaldu dituela. Gainera, Euskaraldian izandako parte-hartzea ere nabarmendu dute, baina argi daukate hori ez dela nahikoa: «Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta». Hori dela-eta, norbanakoen konpromisoez gain, konpromiso kolektiboen beharra aldarrikatu dute: «Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko».

Ekitaldia eta gero, bertaratutako eragile guztiek ekin diote 1252 kilometroa batera egiteari.

21. KORRIKAren ekuatorean gaude. Nafarroa eta Iparraldeko herrialdeetatik pasa da dagoeneko lasterketa, eta gaur Arabatik jarraituko du. Bihar Bizkaira sartuko da, edizio honetan lehenengo aldiz. Apirilaren 14an amaituko da Gasteizen, eta egun horretarako jai berezia antolatzen ari da AEK. Gaur bertan egin dute egitarauaren aurkezpena koordinakundearen ordezkariek, arabar hiriburuko Buruileria plazan.