Bizkaian emango du 21. KORRIKAk gaurko etapa, ia egun osoa.

Goizeko zortziak aldera Laudiora ailegatuko da lasterketa; eta behin herria atzean utzita, “gero arte” esango diogu Arabari. Arakaldotik sartuko da KORRIKA Bizkaian, eta iparralderako bidetik jarraituko du: Arrankudiaga, Ugao eta, goizeko hamar eta erdiak aldera, Arrigorriaga.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Bazkalordura arte, korrikalariek Hego Uriben jarraituko dute (Basauri, Etxebarri, Aperribai...). Etxebarrin, oso jaiotze tasa altua duen herria izanik, saiatuko dira heldu baten eta ume baten artean eramaten lekukoa kilometro guztietan. Galdakaotik hamabiak aldera pasako da KORRIKA. Han Ostalaritza Eskolakoak aterako dira lehen aldiz, sukaldari jantzita, erretilu eta guzti. Ondoren, Usansolora; eta handik, Larrabetzura. Arratsaldeko ordu biak izango dira ordurako.

Ondoren, Txorierriko gainerako herrietan zehar ibiliko da KORRIKA, kostalderako bidean beti: Lezama, Zamudio, Derio, eta Sondika, Uribe Kostako lehenengo herrira ailegatu arte, hau da, Erandiora. Arratsaldeko bostak aldera Leioan izango da lasterketa, eta EHUko Campusera ere igoko da. Bertan, Mikel Laboa plazan hartuko du lekukoa EHUk. Sei eta erdietan Urduliztik igaro ondoren, Plentzia eta Gorliz artean korrikalariak sigi-saga ibiliko dira; eta zortziak eta hogei aldera, Sopela inguruan.

Ordu pare bat gehiago egingo du KORRIKAk Uribe Kostan. Hurrengo herriak Larrabasterra eta Berango izango dira, eta bederatziak pasatxotan Getxon sartuko da. Karabana koloretsuak kostaldeko herria zeharkatuko du Andra Mari, Algorta eta Erromotik; eta gaueko hamaikak laurden gutxiagotan lekukoa Ezkerraldera pasatuko da, Bizkaiko Zubiko pasarelatik. Bereziak izango dira Getxo eta Portugalete lotuko dituzten kilometroak: udal langile batek eramango du lekukoa Bizkaiko Zubiko eskaileretan gora, han Getxoko alkateari emateko. Honek Portugaleteko alkateari pasatuko dio goi-goian, eta ondoren igogailuan jaitsiko da lekukoa Ezkerraldeko kilometroei ekiteko.

Portugaleten sartu-irtena egin ondoren, KORRIKA Santurtzira helduko da, suziri eta bengala arteko ongietorri beroa jasotzeko. Portugaletera berriro eta gero, Sestaora eta Barakaldora. Gauerdi aldean izango da hori.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!