Bizkaiko bigarren etapa dugu gaurkoa.

Ezkerraldea atzean utzita, ia gau osoa Meatzaldean emango du 21. KORRIKAk, kolorez argiztatzen burdinaren lurraldearen goizaldea: Trapagaranen, Ortuellan, Abanton eta Muskizen. Ondoren, goizeko bostak aldera, lasterketa Galdamesetik sartuko da Enkarterrietan; eta hortik Sopuertara, berriro Galdames, Gueñes, Zalla eta, goizeko zazpietan, Balmasedatik pasatuko da.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Goizeko zortzietan korrikalariek sartu-irten labur bat egingo dute Araban, Aiaraldeatik; eta bederatziak aldera Artziniegara ailegatuko dira. Berriro Bizkaian, ibilbideak Enkarterrietatik jarraituko du, hurrenkera honetan: Gordexola, Sodupe, La Quadra, Zaramillo eta Alonsotegi. Oso kilometro animatuak izango direla aurreikusita dago; izan ere, gaztetxo asko egongo dira goiz-goizetik KORRIKAren zain, beren ikastetxeetako kilometroak egiteko.

Eta eguerdian, hamabiak laurden gutxiagotan, 21. KORRIKA Bilbon sartuko da, Zorrotzatik. Ordu dezente emango du bertan, eta ez da Bizkaiko hiriburutik aterako arratsaldeko laurak eta erdira arte. Lasterketako kilometro jendetsuenetakoak izan ohi dira, eta seguru aurten gauza bera gertatuko dela. Hainbat kilometro dago azpimarragarri. Santutxun, adibidez, omenaldia egingo zaio iaz zendutako Marian Leon AEKko irakasleari. Aurrerago, Plaza Biribilan, dei berezia egin zaio Bilboko euskalgintzari, guztion artean elkarrekin kilometro bat egiteko (auzoetako Euskaraldia taldeak egongo dira bertan, euskaltegien sareko kideekin batera eta, azken batean, bere burua Bilboko euskalgintzatzat duen edonorekin). 1762. kilometroan, Indautxun, Bordillo Aplastao ekimeneko kideen txanda izango da, eta gurpildun aulkian doan hainbatek hartuko dute parte kilometroan. Aurrerago, San Inazion, Ondalan erraldoien konpartsak egingo dio harrera KORRIKAri; eta Bilboko azken kilometroan, Elorrietan, Save the Children elkarteko ordezkariek eramango dute lekukoa.

Karabana koloretsua Txorierrin sartuko da geroztik; Erandiotik zehazki, edizio honetan bigarren aldiz. Hortik Loiura, eta Gatikan zapalduko du lehenengo aldiz Uribe Butroe. Bertan, Gatikan Autopista Elektrikorik EZ! plataformak egingo du bere kilometroa. Mungiatik ondoren, Bakiora gera, eta hortik Busturialdeara, Bermeotik. Arratsaldeko zortziak izango dira dagoeneko.

Ondoren, Busturialdeako herrietatik jarraituko dute korrikalariek, eta hamarrak aldera pasatuko dira Gernika-Lumotik. Eskualdea utzi gabe, ibilbidea badoa aurrera, tipi-tapa, Kortezubi eta Arteagatik; eta, beranduago, Ibarrangelu eta Eatik. Gaurko etapa Lea-Artibain amaituko da; Lekeition, esaterako, dena prest edukiko dute goizaldeko ordu bat eta erdietan KORRIKAri harrera egiteko.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!