Lea-Artibai atzean utzita, 21. KORRIKA Mutrikutik sartuko da Gipuzkoan, edizio honetan bigarrenez. Segidan, lasterketak kostaldea laga eta hegoalderako bidea hartuko du, Mendaro eta Elgoibartik; eta aurreikusita dago goizeko bederatzietarako Azkoitira ailegatuko dela. Azpimarragarria da, bide batez, ekimenak azkoitiarren partetik jaso duen babes izugarria; izan ere, herriko 45 eragile ezberdinek hartuko dute parte, ibilbideak irauten duen 8 kilometro eskasetan.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Geroztik, korrikalariak kostaldera igoko dira berriz ere, Azpeititik eta Zestoatik, hamaikak eta erdietan Zumaian egoteko. Hainbat eramaile berezi dago herri hauetan: Azpeitian, esaterako, Iraurgi saskibaloi taldeko maskota berriak lekukoa hartuko du, Urgi otsoak. Bestalde, Azpeitiko eta Zestoako zaharren egoitzetako kide bik ere parte hartuko dute lasterketan.

Urola Kosta eskualdea egiteari ekingo dio lasterketak orduan, Zumaitik Getariara, Zarautzera ondoren eta, azkenik, Oriora. Eguerdiko ordu biak izango dira dagoeneko.

Hurrengo mugarriak Usurbilen eta Lasarten markatuta daude; eta hauek pasata, arratsaldeko bostak hamar gutxiagotan, 21. KORRIKA Donostian sartuko da. Antigua, Gros, Alde Zaharra, Amara... 5 orduz, tropelak Gipuzkoako hiriburuko kaleak alaitu ditu. Une hunkigarriak ere biziko dira bertan, adibidez, Txillardegiren bilobek lekukoa hartuko dutenean (gogoratu aurtengo edizioa Antiguako hizkuntzalaria omentzen ari dela).

Iluntzeko bederatzietan, Altzatik ibili ostean, Pasai Antxorako bidea segituko du karabana koloretsuak. Ondoren, Trintxerpen sartuko da, Bidebietatik. San Pedrotik Pasai Donibanerako zeharkalea barkoz egingo du; eta, ondoren, Oarsoaldeko ibilbidearekin jarraitzeko, tipi-tapa gelditu gabe, Lezora ailegatuko da. Hamaikak aldera lekukoa Oreretan egongo da (hemen, erretiratuek pentsio duinak aldarrikatu dituzte, udaletxerako bidean); eta gauerdirako Oiartzunen sartuko da, Arraguatik. Azken herri honetan, Ugaldetxo auzoan, kilometro berezia egingo dute Ar Redadeg ekimeneko lagunenek (bretoieraren aldeko lasterketa da, eta KORRIKAren ahizpetako bat).

Hernanirako bidean harrapatuko dituzte apirilaren 13aren lehenengo orduek korrikalariak eta furgoneta. Hernanitik Urnietara joango dira; eta ordu bi eta erdiak aldera, etapa honetako azken mugarria joko dute: Andoain.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!