Gipuzkoako kostaldea atzean utzita, herrialdean barrena segituko du 21. KORRIKAk apirilaren 13ko goizaldea. Lehenengoz, Tolosaldeako ibilbidea egingo du, Andoainen hasita. Goizeko hiruretan korrikalariak Adunatik pasako dira, eta hegoalderako bidean jarraituko dute, hurrenkera honetan: Zizurkil, Billabona, Irura eta Anoeta. Lauretan KORRIKA Tolosara ailegatuko da. Bertako Panelfisa enpresak bere urteurrena ospatuko du kilometro batean, enpresa sortu zenetik edizio guztietan egin duten bezalaxe (aurten 25 urte betetzen dituzte). Tipi-tapa aurrera jarraituko du eskualdeko ibilbideak: azken herriak Alegia eta Ikaztegieta izango dira.

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

Aurrerago, goierritarrei helduko zaie KORRIKAz gozatzeko txanda. Tolosaldeatik hego-mendebalderako bidea hartuko du lekukoak. Beasaindik goizeko zazpiak aldera pasatuko da, eta antolatzaileek kilometro polit eta jendetsuak aurreikusten dituzte han; izan ere, batzuk hiru herritako bidegurutzean emango dira: Ordizia, Beasain eta Lazkao. Idiazabalen, bestalde, gazte asko aterako da euskararen alde korrika egitera, eta seguru sorpresaren bat edo beste prest izango dutela dagoeneko.

Bederatziak aldera ibilbidea Seguratik pasako da; eta geroztik iparraldera egingo du pittin baten, Urola Garaira, Zumarragara. Jarraian, berriro hego-mendebaldera, Legazpitik Oñatira. Debagoienara helduko denerako eguerdia izango da.

Ordu bat eta erdietan pasatuko da KORRIKA Bergaratik; eta hiruretan inguru, Eibartik. Kirolarekin lotutako hainbat kilometro jazoko dira azken herri horretan; alde batetik, KORRIKA Euskal Herriko Itzuliarekin kointzidituko duelako; eta bestetik, Eibar Kirol Elkarteak eta Aspeko pilotariek ere eramango dutelako lekukoa.

Ordu erdi gerorago, korrikalariak Bizkaira sartuko dira berriro Ermutik, eta Durangaldeako ibilbideari ekingo diote: Elorrio, Atxondo eta Abadiñotik pasatuko dira, eta arratsaldeko zazpietan, Durangotik. Segidan, Iurretatik Zornotzara helduko dira (bertan, nabarmentzeko modukoa Udabarri dantza taldearen kilometroa, dantzan egingo baitu).

Arratiako ibilbidea Lemoan hasiko da (herri honetan, AEKko irakasle batzuen seme-alabek eramango dute lekukoa). Aurrerago, Lemoa eta Igorre artean, Madrilgo KORRIKAren antzolatzaileek beren kilometroa egingo dute, Madrilen aterako diruarekin erosia. Ondoren, iluntzeko hamarretan, korrikalariak Igorren egongo dira; eta hamarrak eta erdietan, Diman. Oso pozik daude 21. KORRIKArekin dimoztarrak, aspaldiko partez, ekimena beren herritik berriro pasatzen da-eta. Gauerdian, Zeanurin, Lekeitioko Deabruak Antzerki Taldeak harrera berezia egingo dio KORRIKAri.

Goizaldeko ordu batean karabana koloretsua Otxandion sartuko da, aurreko edizioaren hasiera eguneko herria. Eta azken-aurreko etaparekin amaitzeko, lekukoa Gipuzkoan sartuko da berriro, Debagoienan. Goizaldeko lauretan Arrasatetik ibiliko dela aurreikusita dago.

Gogoratu KORRIKAren jarraipena egin daitekeela HEMEN!