Akituta, baina pozaren pozez, Gipuzkoako azken orduei ekingo diote korrikalariek, eta Araban sartuko dira. Ibilaldia Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagatik pasatuko da. Goizaldeko seietan Legutiora ailegatuko dira; zazpietan Urbinara; eta, ondoren, Lukora. Luko eta Amarita artean kilometro berezia egingo da Ar Redadeg ekimenaren alde (bretoieraren aldeko lasterketa da, eta KORRIKAren ahizpetako bat).

(Klika egin irudi azpiko "Gehiago irakurri..." botoian informazio gehiago jasotzeko).

(Klika egin HEMEN Azken Eguneko jaiaren atal berezira joateko).

Lasterketa Erretanatik jarraituko du, eta ondoren, Duranatik. Azken herri honetako eta Oreretako gazte asanbladek kilometro bat egingo dute elkarrekin, senidetze sinbolo gisa, Gasteiza sartu aurretik.

Eta, azkenik, igandeko zortzi eta erdietan, 21. KORRIKAren azken txanpa hasiko da, Gasteizen. Lau orduz ibiliko da Arabako hiriburutik (ibilbide osoa HEMEN dago ikusgai), eta kilometro asko bereziak izango dira:

  • 2480: Suhiltzaileek kamioiak aterako dituzte.
  • 2487: Gora Euskal Eskola Publikoa elkarteak aldarrikapena egingo dute, Abetxukora doan zubian.
  • 2517: Euskaraz Bizi taldeak hartuko du lekukoa (taldea desagertu aurretik egingo duen azken ekimena da).
  • 2522: Kilometro trabestia, kilometroan trabestitzeko deialdia egin dute.
  • 2525: Kilometro feminista.
  • 2544: Gasteiz kantuz, beren urteurrenean.
  • 2546: Aniztasuna bai, arrazakeria ez!

Eta kitto! Eguerdiko 12:30ean, lekukoa bere helmugara ailegatuko da, Andra Mari Zuriaren plazara. Momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren idazlea nor den jakingo dugu, eta noski, mezuaren beraren edukia ere.

Ordurako, festarako dena prest edukiko dute AEKko antolatzaileek, eta egun osoa iraungo du. Festa handi bezain berritzailea prestatu du auzolanean Gasteizeko antolaketa taldeak: erdigunean sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan gasteiztar eta arabarren parte hartzea lehenetsia, emakumeen parte hartzea bermatua, eta abar.

Informazio gehiagorako, klika egin HEMEN azken jaiaren atal berezira joateko.