Klika egin esteka hauetan 21. KORRIKA: ARO BERRIARI KLIKA dokumentu osoak ikusi eta deskargatzeko:
Hasiera
KLIKA EUSKARARI, KLIKA ETORKIZUNARI, KLIKA KONPROMISOARI
21. KORRIKA. XXI. mendeko KORRIKA. Mende honetako lehen bi hamarkadak betetzear daude. Denborak aurrera etengabean, eta gu izan ginenari eusten saiatzen gara. Orain da unea aro berri bat hasteko.
Azken urteotan, argazki esanguratsuak utzi dizkigu euskararen normalizazioaren aldeko mugimenduak: 19. KORRIKAn, euskal hiztunak Euskahaldun izateko deia zabaldu genuen, eta 20.enean, berriz, multzo horretara herritar gehiago batzeko beharra nabarmendu genuen, BatZuk lelopean, euskararen normalizazioa gizarte osoaren lana dela islatzeko. 20. KORRIKA hartan, halaber, Santiago zubian bildu ginen euskararen normalizazioan lanean ari garen herri-mugimendu eta erakundeak, elkarlanaren fasera igarotzeko garaia zela adierazteko. Handik gutxira iragarri zen EUSKARALDIA, norbanakook euskara normalizatzeko egindako ariketa sozialik handiena.
2018ko azaroaren 7an aurkeztu genuen 21. KORRIKA. Orduan esan genuen aktibazio-garaian sartzera gindoazela, eta ausart jokatzeko unea zela. Ordutik hona, aurkezpen ugari egin ditugu, eragile askorekin bildu gara, eta guztiek erakutsi digute euskararen aldeko konpromisoak hartzeko prest daudela.
Halaber, azken urteotako euskararen aldeko ekimenen bilakaerak argi utzi du herri-gogoa badagoela, herritar askok Klika egin dugula; gogoeta eta portaera-aldaketa eragin dituen klik bikoitza. Klika da, hain zuzen ere, 21. KORRIKAk barreiatuko duen leloa. Izan ere, Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera, hautu hori egitea; Klika egitea da herritar guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.
Herri-gogo hori aintzat hartuta, euskararen normalizazioan lan egiten dugun eragileok ez ezik, gizartearen atal guztiek ere Klika egiteko beharra islatu nahi dugu gaur hemen, Bastidan. Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta. Hala, norbanakook eta euskararen normalizazioan ari garen eragile eta erakundeok ez ezik, gizartearen atal guztiak ordezkatzen dituzten gizarte-eragile eta erakundeek ere pausoak egitea beharrezkotzat jotzen dugu, euskararen normalizazioaren ikuspegia arlo guztietan egon dadin, esan bezala.
21. KORRIKAn, AEK-k esanetatik konpromisoetara jauzi egitea aldarrikatu nahi du, euskararen hurrengo fasea klikatzea, aktibazioarena, alegia; fase horretan, euskara unibertsala bihurtzea nahi dugu. Euskal Herria kontzientziatuta dago euskarari dagokionez, eta sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko. Guk argi dugu euskararen alde egoteak, besterik gabe, ez gaituela eramango normalizaziora; izan ere, benetako normalizazioa erdietsi nahi badugu, neurri politikoak, sozialak eta norbanakoon esparrua gaindituko dutenak hartu behar dira. Nork bere roletik klikatuko du, orain da unea. AEK-k plazan tokia hartzera gonbidatu nahi ditu eragile guztiak.
Horregatik guztiagatik, hemen bildu garen guztiok KLIKA egin dugu; esparru indibidualetik kolektibora jauzia egin dugu, eta euskararen geroa bermatzeko lagungarriak izango diren konpromisoak hartu eta jendartearekin partekatu nahi ditugu. Horretaz gain, aro berriak lan egiteko molde berria ekarri behar du, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritzen den lan ildoa, alegia.
Horrela, egun, oraindik, ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko baititugu, hizkuntza politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta inplementatuz.
ARO BERRIARI, KLIKA!
Bastidan, 2019ko apirilaren 9an
Klikatzaileak
UPV/EHUren Klika
21.KORRIKAk proposatutakoarekin bat eginez, UPV/EHUk ere klika egiten dio euskarari, klika egiten dio etorkizunari eta klika egiten dio konpromisoari.
Horretarako:
- Euskararen erabilera eta presentzia unibertsitateko esparru guztietara hedatzeko lan egingo dugu.
- Euskararen erabileraren normalizazioari eta Euskal Herriko garapen soziokulturalari ekarpena egingo diogu unibertsitatean arlo horietan sortutako ezagutza gizarteratuz. 2019an, bereziki, Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) UPV/EHUko irakaslearen obra ezagutzera emanez.
UEUren Klika, 21. KORRIKAn
- Udako Euskal Unibertsitateak, Euskal Herriko aditu eta profesional euskaldunek ARTIZARRA sare-sozialean klika dezaten konpromisoa hartzen du ikertzaile eta profesionalen euskarazko komunitate hau ezagutarazi eta beraien arteko harremanak ahalbidetzeko.
UEMAren Klika, 21. KORRIKAn
UEMAren konpromisoa da euskararen eta euskararen normalizazioa politikaren erdigunean kokatzea, UEMAko kide diren 86 udaletan herritarrei zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea, eta udaletan hizkuntzaren gaia zeharlerrotasunez lantzea.
Horretarako:
- Agintaldi berrian kargua hartuko duten hautetsi eta udal ordezkari guztientzat, UEMAk berariaz prestatuko du euskararen inguruko trebakuntza saioa, udalekin eta teknikariekin elkarlanean. Agintaldi berriko hautetsi guztien kontzientziazioan eta ahalduntzean eragingo da, udalerri euskaldunen berezitasunen, euskararen arnasguneen garrantziaren eta hizkuntza ekologiaren ikuspegiaren berri emanez hautetsiei, aurrez aurre egingo diren saioetan.
- Herritar guztiek eskubide osoa dutenez euskara izateko udalarekin eta administrazio publikoekin duten harremanaren eta izapideen hizkuntza, UEMAk berariaz zainduko eta bermatuko du UEMAko kide diren 86 udaletan herritarrei zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea, eta beste adminstrazioak gurean ematen dituen zerbitzuak ere euskaraz izan daitezen bermatzeko zubi lanak egingo ditu.
- UEMAtik azken urteetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna azpimarratu eta adibideen bidez erakutsi dugu hizkuntza politika ez dela euskara sailetatik soilik egiten, horregatik udaletan hizkuntzaren gaia zeharlerrotasunez lantzeko neurriak hartuko ditu UEMAk, udal langileak trebatuz eta hautetsiak kontzientziatuz, euskarak zeharlerrotasuneko gain bat izan dadin.
Udalbiltzaren Klika
- Udalbiltzako hautetsien artean arreta berezia izango dugu euskararengan, euskara ez dakiten hautetsiek ikasteko konpromisoa har dezaten eta dakitenek erabil dezaten, bai instituzioetako jardunean eta baita bizitzako bestelako eremuetan ere.
- Udalerrietan euskara ikasteko eskolak doan izan daitezen politikak eta neurriak bultzatu eta euskararen erabilera sustatu.
- Udaletatik Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren 2. neurria (Administrazio publikoa eta instituzioak) lantzeko eta aplikazioa areagotzeko konpromisoa.
- Euskararen normalizazioan eragiteko ekimenak babestu eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean jardun.
STEILASen klika, 21. KORRIKAn
- Steilas sindikatuak Euskararen normalizazioa helburu nagusi izanik honako konpromisoa hartzen dugu:
- Hezkuntza publikoan sortzen diren lanpostu guztiek euskara perfila izatea exijitzen eta exijituko diegu Instituzioei.
- Ikasgeletan hainbat gai inguruan lanketa euskaraz bermatzeko unitate didaktikoak sortzen ditugu (Martxoak 8, Azaroak 25 eta LGBTI+) eta ikastetxe publiko guztietara zabaltzen eta zabalduko ditugu. Sare sozialetan ere partekatuko ditugu.
- Euskararen normalizatzeko bidean afiliatu zein afiliatu ez diren beste langile guztiei harrera eta arreta euskaraz egiten eta egingo diegu.
- Gainontzeko beste hezkuntzako eragileekin harremanak euskaraz izatea bultzatuko dugu. Gizarte-eragile ezberdinekin ere.
Sortzen Elkartearen Klika
Sortzen Elkarteak hezkuntza eremuan, euskarak eskola- hizkuntza izatetik haur eta gazte ikasleen bizi-hizkuntza izatera jauzi egin dezan lan egiteko konpromisoa hartzen du. Horretarako Protokoloaren Euskal Herrirako garapenean ezarri diren helburu zein neurriak aintzat hartuta:
- Euskarazko mantentze-murgiltze eredu orokortuaren alde jardungo du, eredu horren ezarpenerako egutegi eta plangintza zehatzak aldarrikatuz administrazioen aurrean.
- Ikasle euskaldunak eta eleaniztunak hezteko lanean baliagarri izan dakien, Hizkuntza-Proiektu integrala egiteko lanabesa eskainiko diegu ikastetxeei; eta helburu eta proiektu horretara gero eta ikastetxe zein herri/auzo gehiago lotu daitezen ere lan egingo dugu, elkarlana bultzatuz hezkuntza-komunitatea, udala zein herri eragileen artean, batez ere haur eta gazteengan eragin zuzenena dutenen artean.
SAVE THE CHILDREN-en Klika, 21. KORRIKAn
Save the Children erakundearen konpromisoa da haur kalteberenen integrazioa lortzeko eskura dauden tresna guztiak baliatzea, euskara horietako bat izanik. Horretarako:
- Euskara irakasteko programak eskeiniko ditugu (hirugarren erakundeen bitartez) eta baliabideak erreztu, batez ere, atzerriko familien seme-alabek integrazioa lor dezaten euskararen bitartez.
- Euskara erabiliko dugu gure lan tresna bezala, gure komunikazio eta txosten guztietan.
- Euskararen normalizazioa lortzeko gure esparruan eta gure eskura dauden ekimenetan parte hartzera konprometitzen gara.
Bizkaiko zenbait elkarte eta pertsonak batu ziren 2016an errefuxiatuek bizi duten egoeraren gainean pixkanaka jendarte solidarioago bat sortzeko asmoarekin, eta hori izan zen Ongi Etorri Errefuxiatuen plataformaren hazia. Handik gutxira Euskal Herriko beste herri eta eskualdetan zabaldu zen hazi hori; gaur egun Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan OEE siglekin lan egiten dugu, Nafarroan Iruñea Harrera Hiria da gure marka eta Iparraldeko zenbait taldeekin ere lankidetza daukagu, adibidez, Etorkinak! taldea.
Gaur egun gure lanak bi zutabe nagusi ditu, batetik jendartea sentsibilizatu, egoera honen sakoneko arrazoiak azaleratzea eta EBko gobernuen jokabide krudela salatzea eta presioa eragitea batetik, eta bestetik gure herrira ailegatzen ari diren pertsonei harrera duin bat ematen saiatzea.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak euskararekiko hartutako konpromisoak honako hauek dira:
- Gure komunikazio sareetan euskararen presentzia bermatzea, sare sozialetan, webgunean, komunikatu eta komunikabideekiko harremanetan, baita karteletan, esku-orrietan, edo egunkarietara bidalitako artikuluetan.
- Gurekin aritzen diren pertsonei, bai hemengoak zein kanpotik etorritakoak, euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko deia eta gonbidapena egin.
- Nafarroako Parlamentuko hizkuntza kudeaketa hobetzeko planarekin jarraitu euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko.
HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEPARTAMENTUAren Klika, 21. Korrikan
Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren konpromisoa da helduen euskalduntzeko arloa ahal bezainbeste sustatzen jarraitzea, Nafarroan helduen euskalduntzean jokatzen duten eragileekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan. Eta, bereziki, honakoak egitea:
- Nafarroako herritarrek euskara ikasteko duten eskubidea benetan gauzatzen laguntzea, eta, horretarako, sentsibilizazio eta motibazio kanpainak antolatzea.
- Euskara ikasleei euskara erabiltzeko bideak ematea, eta Nafarroako euskararen berreskuratze sozialean ikasleek joka dezaketen rol garrantzitsua onartzea eta balioestea.
- Aurrekoak gauzatzea gogoan, arau esparrua aztertzea eta egokitzea.
Iruñean, 2019ko martxoaren 25ean
Mondragon Unibertsitatearen konpromisoa da gure herrialdeko kultura eta hizkuntzaren normalizazioan eragitea.
Horretarako:
- Euskara gure fakultateetako lan hizkuntza nagusia izateko ekintza zehatzak burutuko ditugu, barne harremanetan (bilerak, dokumentazioa, mezuak...) eta lan tresnetan (baliabide informatikoak...) erabili beharreko hizkuntza zehazten duten irizpideak betetzeko neurriak bultzatuz.
- Langileen euskararen ezagutza handitzeko eta euskara maila hobetzeko planak eta baliabideak bideratuko ditugu.
- Ikasleen artean euskararekiko sentsibilizazioa eta erabilera areagotzeko egitasmo ezberdinak jarriko ditugu martxan.
- Ikasleen euskara maila hobetzeko ekintzak burutuko ditugu, aukera ezberdinak eskainiz.
- Zerbitzu-hizkuntza euskara izatea lehenetsiko dugu eta gure kanpo komunikazioan euskararen presentzia areagotzeko neurri zehatzak bultzatuko ditugu (errotulazioa, jendaurreko ekitaldiak, iragarkiak, ingurune digitala, ..).
- Kanpo eragileekin, hau da, bezero, hornitzaile, kolaboratzaile, enpresa eta erakunde edota herritarrekiko idatzizko nahiz ahozko harremanetan euskara lehenesteko irizpideen aplikazioa areagotzeko eta betetzeko neurriak hartuko ditugu.
LABEN KLIKA 21. KORRIKAn
LABek euskara hizkuntza propio eta ofizial gisa izendatu zuen 2000 urteko Biltzar Nagusian. Euskara dugu sindikatuaren LAN eta KOMUNIKAZIO HIZKUNTZA, bai barruko lanetarako zein kanpoko zereginetarako eta harremanetarako, eta euskararen egin beharra kokatzen dugu gure ekintza sindikalean eta esparru sozioekonomikoan.
Horrela dugu jasoa sindikatuaren HIZKUNTZA POLITIKAN, eta hori horrela izanda, honako “KLIK”ak aktibatuko ditugu KORRIKA garaian:
- Lan munduan eta lan harremanetan langileek dituzten hizkuntza eskubideak aldarrikatuko ditugu, hau da, euskara jakiteko eta erabiltzeko dituzten eskubideak.
- Eremu sozioekonomikoan, negoziazio kolektiboaren alorrean zein ekintza sindikalean, langileek “AHOBIZI” zein “BELARRIPREST” izateko duten eskubidea eta aukerak landuko ditugu.
- Lan munduan euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko araugintza propioa garatzeko ekimenak eta aukerak landuko ditugu.
- LAB barruko jardunean LABeko kideok eta delegatuok, KORRIKA bitartean, “AHOBIZI” edo “BELARRIPREST” rola hartuko dugu eta hartutako rolaren arabera jardungo dugu.
- LABeko afiliatuak animatuko ditugu KORRIKAn parte-hartze aktiboa izan dezaten.
KONTUAN HARTUZ,
- Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAren helburua normalizazio-prozesua azkartzea dela politikoki zein sozialki eraginez.
- Azken boladan garatu diren hainbat ekimenek, besteak beste, Euskaraldiak erakutsi digutela, argazkietatik harago, badugula ekimenak elkarrekin egitea.
- Sinergia eta indar-batuketa itzela gertatu dela azken urteotan, eta, orain, hori guztia, besteak beste, esparru politikora eraman behar dugula.
- Euskararen alde egoteak, horrek bakarrik, ez gaituela eramango normalizaziora; izan ere, benetako normalizazioa erdietsi nahi badugu, neurri politikoak, sozialak, norbanakoen esparrua gaindituko dutenak direla hartu beharrekoak.
- Badela garaia hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko.
- Hizkuntzaren normalizazioan urratsak egiteko hartu beharreko neurrien gainean Europako hogeita hamar hizkuntza komunitatetako ehunetik gora eragilerekin batera Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu genuela.
- Protokoloaren Euskal Herriko Garapena ere prestatu dugula gure herriko hainbat eragilerekin.
Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk HONAKO KONPROMISO HAU HARTUKO DU:
22. KORRIKA bitartean euskararen normalizazio-prozesuari bultzada emateko, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri hartuta, eragile sozialen, herritarren eta eragile politikoen adostasun berria eraikitzeko prozesua garatzea.
Eta, konpromiso hori, Bastidan, 2019ko apirilaren 9an hartu dugu.
Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUA.
Ikastolen Elkartearen Klika
Kontuan hartuz,
- Ikastolen Elkartearen helburu nagusien artean hezkuntzan euskararen normalizazio prozesua bultzatzea dela, eta xede horretan ikastolen esparrutik harago eragitea.
- Ikastolen elkarteak betidanik beste gizarte mugimendu eta eragileekin batera aritu dela euskararen aldeko ekimenak aurrera eramaten eta hainbat aldiz egiaztatu dugula elkarlanak duen eraginkortasuna.
- Euskararen normalizazioaren alde herrigintzan urteetan aritu garen gizarte eragileok egin dugun indar metaketa, orain, esparru instituzionalera eraman behar dugula.
- Gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez gaituela automatikoki eramango hezkuntzan euskararen normalizaziora, horretarako ikastetxe bakoitzaren esparrua gaindituko duten lege mailako neurriak behar direlako, besteak beste, murgiltze eredua ezartzea.
- Gure hezkuntza sistemaren euskalduntze prozesuak erronka handi bat duela, azken urteotan Euskal Herriko ikasleen euskara mailak behera egin duelako eta atzerritik etortzen ari diren ikasleen kopurua esponentzialki haziz doalako.
Ikastolen Elkarteak honako konpromiso hauek hartu ditu:
- Hemendik eta 22. KORRIKA bitartean, proiektu bat garatzea hezkuntzan euskararen normalizazio prozesuari bultzada emateko, ikasleen euskararen erabilera sustatzeko eta kalitatea hobetzeko.
- Hemendik eta 22. KORRIKA bitartean, gure hezkuntza sisteman hizkuntza ereduak gainditu eta benetako murgiltze eredu bat ezartzeko eragiten jarraitzea erakundeetan, alderdietan eta gainerako hezkuntza eragileetan.
Eta, konpromiso hori, Bastidan, 2019ko apirilaren 9an hartu dugu.
IKAren konpromisoa
Datozen bi urteetan ere, orain arte bezalaxe, euskal herritar helduei euskara irakasten eta euskararen erabilera bultzatzen segitzeko konpromisoa hartzen du IKAk, gure helburuarekin bat datorren ororekin elkarlanean, euskara lehenbailehen Euskal Herri osoan bizitzaren alor guztietan nagusi izan dadin.
HIK HASI-ren Klika, 21. KORRIKAn
Hik Hasi-ren konpromiso nagusia euskal hezkuntza-sistema osoan kalitatezko heziketaren alde lan egitea da, euskaratik eta euskaraz.
Horretarako:
Euskal irakasleen informaziorako eta formaziorako topagune izateko konpromisoa berresten dugu. Informaziorako zutabe nagusia hik hasi aldizkaria dugu; formaziorako, berriz, prestakuntza jarraitua, aldikako jardunaldiak, Udako Topaketak, bidaia pedagogikoak, etab. antolatzen ditugu. Horietan guztietan euskara ardatz dugularik jarduteko konpromisoa sendotu nahi dugu.
Eskolaz kanpoko heziketari ere —euskara oinarri izanik— garrantzia emateko konpromisoa berresten dugu. Horretarako, familiei zuzenduriko Hazi Hezi aldizkaria euskaraz eta kalitatez argitaratzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu batetik; bestetik, berriz, “OinHerri, Herri Hezitzailea” egitasmoan ere dinamizatzaile lanetan jarraitzeko nahia dugu, komunitate osoa izan dadin hezitzaile, horretarako zazpi balioren gainean lan eginez: 1. Haurraren kultura aitortzea eta errespetatzea. 2. Parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaintzea. 3. Aniztasunean berdin eta parekide izanez aritzea. 4. Ingurumenarekin bizitzen ikastea. 5. Ingurumen kulturala zaintzea. 6. Harremanetan, euskara lehenestea. 7. Elkarlanean aritzea eta auzolana sustatzea: komunitatean bizitzea.
Berariaz, euskararen, euskal kulturaren eta euskal curriculumaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Horretarako, Euskal Herriko bestelako eragileekin elkarlanean jardunaz, adibidez, “Ikasle Euskaldun Eleaniztunak sortzen” edota orain dela urte eta erdi argitaratutako “Hezkuntza Proposamena” bezalako egitasmoak mahai gainean jarriz eta behar den ororekin partekatuz.
Gure Esku Dagoren Klika 21. Korrikan
Euskararen aldeko lanketan Gure Esku Dagok honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Gure Esku Dagoren barne zein kanpo komunikazioan euskarari lehentasuna ematea.
- Euskararen erabileraren sustapenean egiten diren kanpainetan, Euskaraldia kasu, parte-hartze aktiboa izatea.
Garabide Elkartearen KLIKA
Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditugu euskararen esperientziatik abiatuta. Horri hizkuntza lankidetza deitzen diogu eta, gure ustez, klika da euskal kooperazioan.
Aurreikuspenek diotenez mende honetan munduko hizkuntzen erdia baino gehiago desagertuko da. Eta ez da etorkizuneko kontua soilik, oraintze bertan bi astetik behin hiltzen da hizkuntza bat. Mundu mailako korapilo honetan bada datu kezkagarri bat: herri gehienak ez dira beren hizkuntzarekin gertatzen ari denaren larritasunaz ohartzen eta, gainera, ez dago biziberritzeko estrategiei buruzko kontzientzia global garbirik. Honen aurrean, gure ustez, klika da mundu mailako dimentsioaren kontzientzia hartzea.
Garabiden sorreratik lan egin dugu ez bakarrik munduko hizkuntza gutxituei begira, baita euskalgintzaren esperientzia ikestu, didaktifikatu eta hedatzearen alde ere. Euskarak bide garrantzitsua egin du berreskupenari dagokionez azken mende erdian, baina hizkuntza minorizatu bezala etengabe aritu behar du normalizaziorantz lanean eta Garabiden ez dugu ahazten barrura begirako lan hori. Lehioak mundura zabaltzearekin batera etxean mundu oso bat dugula aldarrikatzea, gure ustez, klika da.
Nazio Batuek 2019. urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duten honetan Garabidetik bereziki klika egin eta eginarazi nahi dugu; klika euskarari, klika munduko gainerako hizkuntza gutxiagotuei, klika biziberritzeari eta, batez ere, klika munduko auzolanari.
Horretarako, ondoko konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Garapenerako lankidetzaren eremuan esperientzia trukean oinarritutako hizkuntza lankidetzak biziraun dezan lan egiten jarraitzea eta, horrekin batera, euskal lankidetza proiektuetan hizkuntza gutxiagotuen zeharkakotasuna aldarrikatzen jarraitzen. Hau da gure klika euskal kooperazioan.
- Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren eragileek munduko hizkuntza komunitate gutxiagotuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.
- Hau da gure klika barrura begira eta, aldi berean, mundura zabaltzean. Korrikaren eta Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtearen testuingurua baliatzea ekimen zehatzen bidez munduko hizkuntza gutxiagotuen biziberritze lanetan ari diren eragileen lana bistaratzeko eta gai honek eragileen agendetan behar duen tokia aldarrikatzeko. Hau da gure klika etorkizunari.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren KLIKA 21. KORRIKAN
Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 Euskararen Agenda Estrategikoan jasotako konpromisoak berretsi nahi ditugu:
- Euskararen gizarte-hazkundea finkatzeko lanean jarraituko dugu, euskal hiztunen kopurua handituz eta haien hizkuntza gaitasuna hobetuz.
- Euskararen erabilpena aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan zabaltzeko lanean jarraituko dugu.
- Eraginkortasunez aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, herritarren hizkuntza eskubideak eremu publikoan eta pribatuan gauzatze aldera.
- Euskararen hiru lurraldeen erakundeen arteko lankidetza antolatzen eta indartzen jarraituko dugu, eta euskararen nazioarteko aitormena bultzatuko dugu.
- Euskal kulturaren eta euskararen nazioarteko proiekzioa sustatuko dugu.
Eusko Ikaskuntzaren KLIKa 21. KORRIKAn
Bastida, 2019.04.09
Eusko Ikaskuntzak, bere Mendeurreneko Kongresuan adostu zen Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) Adierazpenean oinarrituta, ekintza hauek burutzeko konpromisoa hartzen du:
- Erakundearen barneko jardunean euskara lan hizkuntza izatea zainduko dugu, hizkuntza planean jasotzen diren neurriak beteta.
- Eusko Ikaskuntzaren kanpo jardunean euskara izango da lehentasunezko hizkuntza; bazkide eta inguru erdaldunei eskatuko diegu euskarari eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei babesa ematea.
- Euskarazko ekimenek gizartean eragin ahalmen handia izan dezaten ezagutza kudeatzen jarraituko dugu, euskalgintzako eragileekin batera.
- Euskal kulturaren kontsumoan eta transmisioan, euskarazko edukiek lehentasunezko tokia izan dezaten eragingo dugu.
- Euskal gizarte anitzean euskararekiko atxikimendua elikatzeko eta handitzeko eragile aktibo izango gara, ezagutza landuz diskurtso egokiak garatzeko.
- Euskal lurralde guztietako erakunde publiko eta sozialekin, baita haien artean ere, lankidetza sustatuko du Eusko Ikaskuntzak, hizkuntza politikak eta estrategiak bateratzen joan daitezen.
Euskaltzaleen Topagunearen Klika
Korrika 21.
Kontuan hartuz,
- Euskaraldiak azken bi urteetan herriz-herri sortu duen aktibazio olatua, zeinari esker Euskal Herriko osoko 405 udalerritan ekimena antolatzeko lan-taldeak osatu diren.
- Euskaltzale, gizarte eragile eta erakunde artean sortu diren elkarlanerako espazio berriek urrats berri kualitatiboak emateko lurzoru bikaina eskaintzen dutela.
- Euskararen biziberritzean euskaltzale antolatuen ekarpena ezinbestekoa izan dela eta aurrerantzean ere izan behar dela, eta horrela jaso eta aitortuta dagoela baita Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan.
Hauxe da Euskaltzaleen Topagunearen Klika 21. Korrikarako:
- Hurrengo bi urteetan herrietako euskaltzaleen mugimendua hedatzeko eta garatzeko ekintza plana landu eta gauzatzea izango da Euskaltzaleen Topaguneak hartuko duen konpromisoa. Horretarako, herriz herri eta entitatez entitate euskaltzaleak antolatu, artikulatu eta eragiteko beharrezko lana egingo du.
Euskal monetaren KLIKA
- Urtea bukatu gabe Euskal moneta elkarteak Eusko sareko 800 profesionalen aurkitegi numerikoa argitaratuko du non eta bakoitzaren euskararen ezagutza maila eta hizkuntzarekiko norberak finkatu duen helburua agertuko diren. Horrela bezero euskaldunek jakinen dute nora jo eta saltokietan euskararen erabilera sustatzen ahalko dute.
KLIKA EUSKARARI,
KONPROMISOAK GIZARTERATZEKO PROPOSAMENA
EUSKARAREKIKO EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTAREN KONPROMISOAK.
- Bidaide izan ditu EHBFk euskara zein feminismoa hasieratik. Argi izan du euskaraz pentsatu eta jardun behar zuela, Euskal Herrirako proiektu bat eratzeko; euskal feminismoaren ezagutza nahiz esperientzia gure hizkuntzan sortu behar dugu.
- Hizkuntza zein generoa, biak dira nortasuna eraikitzeko tresna eta, honenbestez, baita jendartea egituratzen duten botere harremanak ulertzeko aldagaiak ere.
- Horregatik, EHBFn euskarazko pentsamendu feminista erdigunean kokatuko dugula konprometitzen gara: material guztiak euskaraz egitera konprometitzen gara, baita diskurtso guztiak euskaraz izatera eta militanteen artean hori izatea lehenesten den mintzaira. Gainera, gainontzeko hizkuntzei gurean tartea emateko, itzulpenak bermatzera konprometitzen gara, elkarren artean eroso ulertzeko.
- EHBF hori konpromiso horiek hartu zituen jaio zenean eta, gaur, egunez egun berresten dugun apustu sendoa da.
KLIKA EUSKAL HERRI EUSKALDUNARI
Kontuan hartuz,
- Euskal Herrian Euskarazen helburua urte luze hauetan, euskaraz bizi ahal izateko Euskal Herria euskalduna izan duela helburu.
- Herriz herri, arloz arlo, espazioak euskaldunduz, eta normalizazioan beharrezkoak diren aldarri eta ekimenak bultzatu ditugula.
- Euskaraz bizitzeko jarduna, norbanako zein bestelako eragileekin batera antolatutako bilguneen bidez gauzatu ditugula.
- Euskara, menpeko egoera batean jarraitu edota benetan jauzi egin, eta euskaraz bizitzeko neurriak hartu daitezen garaian gaudela.
Hau da EHEk hartzen duen konpromisoa
Euskaraz biziko den herrirantz urratsak ematea. Euskal herri euskaldunerantz klika egitea. Horretarako, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea ezinbestekoa denez, datozen 2 urteetan hartzen diren erabaki guztiak, euskara lehenetsi, eta Euskal Herri euskaldunera gerturatzeko direla lan egingo dugu. Euskararen alde egotetik egitera jarriko gaituen ahalduntze ekimenak bultzatuz, espazioak euskaldunduz. Herriz herri, arloz arlo, eragile eta herritarrekin batera beharrezkoak diren aldarri eta ekimenak garatuko ditugu.
Euskadiko GazteKontseiluaren Klika
- Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) gure egunerokoan euskara sustatzeko neurriak hartzearen alde egiten dugu apustua.
- Hizkuntzaren erabilera bermatu, egindako bileretan bere aldeko apustua egin, aurrera eramandako proiektu eta egitasmoetan garrantzia eman eta kontzientziazioa hedatu.
Etxerat elkartearen Klika, 21. KORRIKAn
ETXERAT ELKARTEAren konpromisoa da, bai kanpora begira zein barrura begira, elkartea osatzen duten langile eta euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen artean, gure lehen hitza eta harremanetarako hizkuntza euskara izatea.
Horretarako:
- Bai instituzio, eragile politiko, sozial zein sindikalekin ditugun lan harremanetan, euskararen erabilerari emango diogu lehentasuna.
- Gure bitarteko komunikatiboetan euskarak izango du lehentasuna, gaztelera eta frantsesaren aurretik. Baita hedabideekin ere, euskararekiko dugun konpromisoa mantenduz.
- Elkarteko partaideak direnen errealitate linguistikoa kontuan izanik, malgutasunez arituko gara. Orain arte bezala, barruko komunikazioan euskarari emango diogu lehentasuna. Gure Batzar Nazionala euskara hutsean egiten jarraituko dugu.
Etxepare Euskal Institutuaren KLIKAK
- Nazioarteko unibertsitateetan euskara irakasten den Irakurletzetan eta Euskal Etxeetan Korrikarekin lotutako ekintzak antola daitezen ikasle, irakasle eta euskaltzaleak animatu eta ekintzak sustatzea eta horien inguruko bideo lehiaketak antolatzea.
- Antolatutako ekintzen berri www.etxepare.eus webgunearen edota sare sozialen bidez ematea.
- Bideo lehiaketarako bideoak zabaltzeko EUSKARAZ KOOP.-ekin lankidetzan aritzea.
- Bideo Lehiaketen saridunak erabakitzea eta webgunean iragartzea.
- Material banaketarako EUSKARAZ KOOP. eta munduko unibertsitate eta Euskal Etxeen arteko komunikazioa laguntzea.
- EUSKARAZ KOOP.eri hiru mila eta bostehun (3.500,00€) euroko ekarpena egitea gehienez akordio honen bidez bere egiten dituen betebeharren ordainetan:
- Bi sarituen bidaien ordainketa egitea. Lehiaketako bi irabazleei bere herrialdetik Euskal Herrirako joan-etorria ordainduko dio, dagokion txartela erosiz.
- Irakurletza edo Euskal Etxeetarako peto kopuru jakin bat bideratzeko diru ekarpena egitea, beti ere gehienez 275€ko ordainketa eginaz.
- Donostiako Kilometro baterako ekarpena.
ESKren Klika
- ESK Sindikatuak Kontseiluarekin hartutako konpromisoarekin jarraitzen du.
- Erakunde bezela euskara gure egoitzetan normaltasun osoz erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu. Horretarako gure langileei formakuntza egokia eta erraztasunak eskaintzen jarraituko dugu, euskara ikasi eta erabiltzeko. Gure kontratazio berrietan, euskara jakitea beharrezko baldintza izango da.
- Gure delegatuekin bat egingo dugu enpresetan hizkuntza normalizazioaren alde burutuko diren ekintza guztietan.
ERKIDEren Klika
- Gutxienez bi hizkuntzetan (euskaraz eta gazteleraz) egingo ditugu:
- Errotulazio guztia.
- Irudi korporatiboa (izen ofiziala, logotipoa..).
- Irrati edo prentsarako iragarkiak.
- Telefonoz eta aurrez aurreko harreraren hasierako hizkuntza euskara izango da.
- Webgunea.
- Sare sozialak (Facebook, Twitter,..).
- Barruko dokumentazioa (estatutuak, txostenak, prebentzio plana, aktak, urteroko Gestio Planak eta Txostenak...).
- Batzar Orokorra.
- Kooperatiba federatuei bidaltzen zaien informazio guztia: zirkularrak, ikastaroetako programak...
- Bezeroei arreta pertsonala aholkularitza juridiko eta ekonomikoan.
- Gainera, ELKAR-EUSKARA zerbitzua dugu, federazioan bazkide diren Kooperatibei Euskarazko Laguntza Zerbitzua eskaintzen diegu eta zerbitzu honen bidez itzulpenak doan, idatzi estandarrak egiteko irizpideak eman, euskaraz lan egitean sortzen diren hainbat zalantza argitu eta urrutiko prestakuntza ikastaroak bideratzen ditugu.
EMAKUNDEren Klika, 21. KORRIKAn
EMAKUNDEren konpromisoa eta helburua da euskara lan hizkuntza izateko lanean jarraitzea, eta herritarrari euskarazko zerbitzua bermatzeko pausoak ematen jarraitzea.
Horretarako:
- EMAKUNDEk lau urterako Euskararen Plan Estrategikoa onartu du.
- Horri jarraipena egiteko, Euskara batzordea dago. 2018. urtean sortu genuen euskararen erabilera areagotzeko eta estrategiak planteatzeko helburuarekin. Bertan, langileen ordezkariek parte hartzen dute.
- EMAKUNDEk erakunde mailako hizkuntza irizpideak zehaztuta ditu.
- Hainbat ekintza egiten ditugu langileen artean euskararen erabilera sustatzeko; hala nola, mintza taldeak, euslearen metodologia aplikatzeko taldeak, euskaraz sortzeko lan-taldeak, ahozko erabileraren neurketak eta abar.
- Horrez gain, 3 herri-administrazioetako berdintasun teknikarien artean euskararen erabilera sustatzeko HAKOBAK bultzatutako proiektuan parte hartzen ari gara.
- Euskara sustatzeko, hainbat ekimenekin bat egiten dugu: Euskaraldia, euskararen eguna, Korrika...
- Gure konpromisoa da gizarte berdinzaleago eta euskaldunagoa lortzea, generoa eta hizkuntza uztartuz.
Korrika, Bastidako kilometroa
Elkar Fundazioaren konpromisoa
Elkarrek euskara eta euskal kulturaren aldeko lanean jarraituko du.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak indar berezia egiten du hizkuntza gutxituetan gararutako kultura garatzearen garrantziaz. Elkar Fundazioaren xedea euskara eta euskal kulturaren sustapena denez, haren konpromisoa da euskal kultur eskaintza handitzea, eta euskarazko ekoizpenari ikusgarritasun handiagoa ematea liburu-denden eskutik, Protokoloa bera zabaldu eta aplika dadin saiatzeaz gain.
ELHUYARren KLIKA
- 2016an elkarrekin landu eta sinatutako Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloak babes zabaleko markoa eskaintzen digula.
- Lan-mundua euskararen normalizazioa ahalbidetzeko eremu estrategikoa dela.
- Euskaraz bizi eta hazten joateko hizkuntzak gero eta eremu estrategiko gehiago irabazten joan behar duela: lan mundua, ikerketa, zientzia, industria, teknologia…
- Horretarako gero eta jakintza, baliabide eta erreminta gehiago beharko ditugula
…eta…
- Euskara euskal gizartearen garapen sozial eta kulturalerako ezinbestekoa dugula.
HONAKO KONPROMISOA HARTUKO DU ELHUYARREK:
- Euskaratik zientzia eta teknologia sortuz, eta, zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzale baten alde lan egingo dugu.
ELAren KLIKA
- 2019ko Korrikaren inguruan ELAk hartutako konpromisoak
- ELAk Euskal Herriko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea egikaritzearen alde sindikatuaren konpromiso osoa berresten du.
- Hurrengo Korrika aurretik ELAk euskal herritarrok euskaraz bizi ahal izateko beharrezko diren neurriak helaraziko dizkie euskal administrazioei, bereziki lan munduan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatze aldera, eta aldarrikapen horiei erantzunik ematen ez bazaie administrazioen aurrean mobilizatzeko konpromisoa hartzen du.
- ELAk enpresetan Euskara Planak negoziatzeko gida landuko du, enpresetara gutxieneko aldarrikapen batzuk helaraziko ditu eta euskara negoziazio kolektiboan txertatzeko lan egingo du.
- ELAk bere nazio organo guztiak funtsean euskaraz izan daitezen konpromisoa hartzen du.
- ELAk bere zerbitzu juridikoek hurrengo bi urteetan euskara hutsean erregistratutako demanda kopurua nabarmen handitzeko konpromisoa hartzen du.
EHIGEren Klika
- Herritar guztiei, ezaugarri pertsonalak alde batera utzita, kalitatezko euskarazko hezkuntza bermatu.
- Gure hizkuntza eta kulturarekiko jarrera positiboa izango duten pertsonak prestatu, gizarte anitzean elkarbizitzen jakingo dutenak, gure nortasuna sustatuz.
- Ezagutzaz haratago, euskararen erabileraren normalizazioa bultzatu, ezagutza mailan atzera pausurik egin gabe.
- Euskararen hobekuntza eta ikaskuntza proiektuak garatu, esparru formal eta ez-formalean.
- Euskararen erabilera sustatu familian.
- Gizarte kohesioa eta kohesio kulturala faboratuko dituen hizkuntzak ikasteko markoa sustatu.
- Herritarrei euskararen ezagutza bermatuko dien lege-esparru berri bat lortuko duen akordio soziopolitikoa bultzatu.
EH Bilduren Klikak
Hurrengo belaunaldien eskuetan jarri behar dugu euskara batua... Belaunaldi berriei dagokie, eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea.
Horrela esaten da 2018ko Euskara Batuaren adierazpenean Arantzazutik mundura. EH Bilduk, ildo beretik, Korrika 21. karietara honako konpromisoak, klikak, aldarrikatzen ditu:
- Aurrenik eta behin EH Bilduk konpromiso hartzen du Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa betetzeko eta garatzeko. Zehazki, Euskal Herriko Garapenari dagokiona.
- EH Bilduk bere ohiko jardueretan euskara ohiko hizkuntza badu ere, konpromisoa hartzen du euskara komunikazio, lan eta zerbitzu hizkuntza gisa indartzeko.
- EH Bilduko hauteskundetako zerrendaburuak euskaldunak dira.
- EH Bilduren ardurapeko erakunde publiko guztietan euskara lehenetsiko da komunikazio, lan eta zerbitzuko hizkuntza gisa. Normalizazio planak xede horretarako egingo dira.
- EH Bilduk espresuki babestuko du euskararen aldeko ekimen oro. Bereziki, euskalgintzako erakundeak, elkarteak eta ekimenak.
- EH Bilduk euskararen ofizialtasuna bilatuko du Euskal Herriko lurralde guztietan, euskararen erabilera eraginkortasunez sustatu ahal izateko.
- EH Bilduk, azkenik, bere jarduera politiko guztietan euskara erdigunean jartzeko klik egiten du.
EAJ-PNVren Klika, 21.KORRIKAn
EAJ-PNVk euskararen aukeraren aldeko hautua egiten du eta honako konpromiso orokorrak eta zehatzak hartzen ditu:
Orokorrak
- EAJ-PNVk urratsak egiten jarraituko du, euskara, gure gizartearen/Herriaren ezaugarri propioa eta funtsezko osagarria izanik, gero eta biziago eta gero eta erabiliagoa izan dadin bizitza publikoan eta pribatuan, erabateko normalizaziora iritsi bitartean.
- Euskara ez da Euskal Herriko hizkuntza bakarra, baina euskarak gu bakarrik gaitu, horregatik EAJ-PNVk lan egingo du euskararen lurraldeetan euskara ohiko hizkuntza izango duen gizartea lortzeko.
- Euskararen lurraldeetatik kanpora, mundu zabalean, dauden euskaldunak Euskadirekin lotzeko euskara tresna ezinbestekoa delako, EAJ-PNVk, ahal denean, euskara erabiliko du euskaldun horiekin euren zuztarrek sendo iraun dezaten.
- Euskarak aurrera egiten jarraitze aldera, adostasun sozialak, hizkuntza-politika eraginkorrak, lankidetzak eta herritarren atxikimenduak iraun dezaten lagunduko du EAJ-PNVk.
- EAJ-PNVk euskararen sustapenean eragile aktiboa izaten jarraituko du, euskaltzaletasun praktiko eta proaktiboa erakutsiz bizitza sozialean eta alderdi barrukoan.
Zehatzak
- 21.Korrika burutzen den bitartean, 2019ko apirilaren 4tik 14ra, AEJ-PNVren egoitza nagusian, Sabin Etxean, euskararen aldeko hautua bistaratuko duen ikur/irudia/leloa jarri.
- Euskaraldian egin bezala, Korrikaren sasoian Sabin Etxean kafeguneko solasaldiak antolatu.
- Euskara eta hizkuntza politikari buruzko formazio saioak burutu gure udal eta foru hautetsientzat.
- Korrika-aldian Alderdiaren kargudunen lehen hitzak/mezuak, gutxienez, euskaraz egin adierazpen publiko zein barruko jardunetan eta sare sozialetan zabalduko diren mezu eta informazioak lehenik euskarazko bertsioan egin.
Deustuko Unibertsitatearen Klika
EUSKARAREN ERABILERA AREAGOTZEKO KONPROMISOA
Jendaurreko ekitaldietan euskara gehiago erabiltzeko klika egingo dugu.
Horretarako:
- Ekitaldietan gaur egun euskara nola erabiltzen den aztertuko dugu.
- Gida bat prestatu eta onartuko dugu. Bertan,
- Ekitaldi motak sailkatuko ditugu.
- Ekitaldi mota bakoitzerako protokoloa eta ereduak zehaztuko ditugu.
- Gida sozializatu eta eredu horien erabilera bultzatuko dugu unibertsitatean.
CCOO sindikatuaren Klika!
- Euskararen normalizaziorako euskal gizarteak pausuak eman behar ditu. Pausu horien artean euskara ikasteko erreztasunak egon behar dira.
- CCOO sindikatuak, publikoki agertu dugu euskara ikastearen doakotasuna EGA mailaraino zabaltzearen proposamena. Hori da eskatu dioguna Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Legebiltzarra osatzen duten talde guztiei. Puntu hau defendatzea da gure euskararen aldeko konpromisoa.
- Beste aldetik, sindikatuaren barnean euskara zabaldu nahi dugu. Euskara hitz egiten dakigunok erabili behar dugu, euskara gure egunerokotasunaren parte izan dadin.
Bizkaiko Foru Aldundiaren KLIKak
Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa gizarte gero eta elebidunagoa lortzeko geure jardueran euskararen erabilera sendotzea eta bizkaitarron eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko aukerak areagotzeko bitartekoak jartzea da.
Horretarako:
- Bizkaiko erakunde publikoekin nahiz pribatuekin elkarlanean jarraituko dugu, baita euskararen eremu geografikoko gainontzekoekin ere, euskararen ezagutza bultzatu eta erabilera hazten jarraitzeko.
- Euskara zubi-hizkuntza bihurtzeko egitasmoak garatuko ditugu elebakarren eta elebidunen artean komunikazio zubi berriak eraikiz, eta Bizkaira etorritako beste hiztun komunitateei euskara hurbilduz.
- Berariazko egitasmoak garatuko ditugu, eta jada emaitza eraginkorrekin martxan ari direnak indartuko, lehentasunezko esparrutzat identifikatu ditugunetan: kirola (federazioekin batera), lan-mundua (arloko eragile nagusiekin), teknologia berriak (Azkue Fundazioarekin batera) aisia, gazteak.
- Euskararen erabilera areagotzen jarraituko dugu herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan, herritar guztien hizkuntza-eskubideak betetzen ditugula bermatuta.
- Foru administrazioa osatzen duten erakundeek ere euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak hartuko dituzte beren eragin esparruan.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren baitan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak landuko ditugu.
- Egitarauak garatzen jarraituko dugu beste herri-administrazioekiko hartu-emanetan euskararen erabilera areagotzeko.
- Herritarren artean euskal kultura sustatzen eta zabaltzen jarraituko dugu euskarazko kultur sorkuntza, eta dinamismoa babestuz eta hedatuz.
- Hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialdeekin hartu-emanak eta lankidetza bideak sendotuko ditugu hizkuntza ez hegemonikoen normalizazioan eragile aktiboa izaten jarraituz.
- Gizarte eragile orotarikoekin lankidetzan jardungo dugu, Bizkaian euskararen presentzia eta erabilera aktibatzeko urrats sendoak emanez.
BIGA BAI engaiamendua, elkarte bezala:
- Gure komunikazio idatzia beti elebidunez egitea edo bederen euskarazko parte batekin: berripaperra, bilkuretarako igortzen ditugun gomitak, gutunak...
KONTUAN HARTUZ,
- BERRIA herri ekimenez sortutako euskarazko egunkari nazional multimedia bat dela, eta, ikuspegi horretatik abiatuz, Euskal Herriko eta munduko errealitate askotarikoak jaso nahi dituela
- BERRIAren eginkizun nagusia kalitatezko informazioa ematea dela, berehalakoa zein arnasa luzekoa, egiarekin engaiatua, ikuspegi kritikoarekin eta independentearekin
- BERRIA euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko eguneroko lanabes behinenetarikoa dela, eta izaera, adin eta jatorri guztietako euskal hiztunen elkargune izateko sortua, halaber euskalgintzaren eta kulturgile euskaldunen plaza izateko
- BERRIAk Euskal Herriko gizarte pluralaren kohesioa sustatzen duela, ahotsa emanez ikuezinago diren kolektiboei eta gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei
HONAKO KONPROMISO HAU HARTUKO DU BERRIAk
Euskarazko komunikazio eremu normalizatua garatzeko elkarlana sustatzea sektoreko eragileekin eta erakunde publikoekin, hizkuntzaren normalizaziorako bideak eta gizarte plural honek eskatzen duenari jarraiki, Protokoloaren Euskal Herrirako garapenean ezarri diren helburu zein neurriak aintzat hartuta, eta, beti ere, komunikazio talde gisa informazio eskubidearekin, adierazpen askatasunarekin eta irakurlearekin daukan erantzukizunari erantzunez.
ARABAKO FORU ALDUNDIAren Klika, 21. KORRIKAn
ARABAKO FORU ALDUNDIAren konpromisoa da hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzea, eta baldintzak sortzen jarraitzea lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatze aldera,
Horretarako:
- AFAk konpromisoa hartzen du zerbitzuetan euskararen erabilera indartzeko, euskaraz egiteko hautua egin duen herritarra euskaraz artatua izan dadin.
- AFAk konpromisoa hartzen du euskararen erabilera areagotzeko beste herri-administrazioekiko harremanetan.
- AFAk konpromisoa hartzen du 2019rako aurreikusita dauden hiztun aktibaziorako praktika sozialak baliatzeko eta gure erakundean zabaltzeko
- AFAk konpromisoa hartzen du helduak euskalduntzeko programak sustatzeko, euskara ikasten ari diren helduei zuzenduriko laguntza deialdiak egonkortuz eta zabalduz.
AEKren Klika, 21. KORRIKAn
AEKren konpromisoa da parte-hartze aktiboa izatea Protokoloaren Euskal Herrirako idazketan eta zehaztapenean.
Horretarako:
- Euskara normalizatzeko bidean Helduen Euskalduntze Alfabetatze arloko betebehar guztiak ondo zehaztu, eta errealitate bihur daitezen egin beharreko bide eta lan guztia egiteko konpromisoa berresten dugu.
- Euskararen erabilerarako praktika-egitasmoak behar beste bultza eta gizarteko esparru guztietan euskara-planak ere egoki bidera daitezen beharrezko ekarpenak egingo ditugu.
- Helburu zein ekintza zehatz eta eraginkorren ezarpenari begirako harremanetan ere parte hartuko dugu, bai gizarte-eragileekin bai administrazioekin egingo diren bitarikoetan.
- Irabazi+irabazi jarreraz eta, tokian tokiko egoera kontuan izanik, malgutasunez aritzeko borondatea dugu, betiere ondo jakinik zein diren norabidea eta helburu nagusia: euskararen normalizazioa.
- Aurrerapen zehatzak, erabaki eta ekimen egokiak, eta arrazoizko epeak jartzeko xedez egingo dugu lan.