Egin zaitez laguntzaile eta gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?

Arrow up
Arrow down
Ibiltaria Ibiltaria

Displaying items by tag: hitzekin

22. KORRIKAn erronka bat luzatu genien munduko lagunei.

Euskararen lasterketa erraldoian, leku berezia egin nahi izan genien planetan zehar sakabanatutako gainontzeko hizkuntza gutxiagotuei. Horregatik, AEK-KORRIKAk lau haizetara hedatu zuen ideia bat; erronka bat, alegia: ahalik eta lengoaia gehienetara itzultzea 22. KORRIKAren mezua, mintzaira hegemonikoetatik harago.

Erantzun andana jaso genituen, eta munduko korrikazaleei esker “Orain da hizkuntzen unea” mezua hizkuntza hauetan irakurtzeko parada izan genuen: bretoia, galegoa, sererra, wolofa, amazightera, gaelikoa, guaraniera, okzitaniera, asturianua, kabilera, amazigera, katalana, náhuatla, zapotekoa, maya tsotsila eta hassania.

HEMEN dituzue itzulpenak irakurgai.

Mezuak euskaraz horrela zioen:

Orain da hizkuntzen unea

Globalizazioak mundu grisa marraztu nahi digu,
ñabardurarik gabea. Alta, Herriok badugu haren
aurkako sendagai koloretsua: tokikotasuna. Eta
zer tokikoago, berezko hizkuntza baino?

Hizkuntzak lotzen gaitu herrira, eta nor bere
herritik zabaltzen gara mundura.
Hizkuntza galdu duen herriak ezin dio munduari
so egin hitz arrotzen bidez ez bada, jatorrizko
nortasuna alboratuta.

Askotariko mundua nahi dugu, elkartasunezkoa,
geure ikuspegietatik sortua.

Oraingoa une erabakigarria zaigu bizi dugun
hizkuntza-larrialdi latzari aurre egiteko; ordua
dugu mugitzeko, mundu osoko lengoaia
gutxituok HITzen partida irabaz dezagun.

EKIN diezaiogun... nork bere HitzEkin.

Geuk ere bat KORRIKArekin!

AEK-KORRIKAN GEURE LEKUA ALDARRIKATZEN DUGU, BAI ETA BESTEENTZAT ERE, DENOK BERDIN.

Published in albisteak-22

Orain dela urte bat 22. KORRIKA girotu zuen abestia aurkeztu genuen. “HitzEkin” zuen izena, eta Nerea Urbizu izan zen kantaren zuzendari artistikoa. Sustrai Colinak sortu zituen hitzak, eta Urbizurekin batera Ane Garcíak eta Anarik ere jarri zioten ahotsa.

Kantak pop kutsua dauka gehienbat eta Urbizuren hitzetan abestia “emozionala da, soziala”. Hiru adin desberdineko emakumek abestu dute, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko. Bestalde, Mezuari dagokionez, bere garaian Urbizuk esan zuen irekia izan arren, balore garrantzitsuak bultzatzen dituela: «ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea».

Bideoklipa Eymard Uberetagoenak (Tripulante Produce) ekoitzi zuen, eta hemen duzue ikusgai:

Eta zuri? Zein da gehien gustatu izan zaizun KORRIKA abestia? Entzun guztiak esteka honetan, eta komentatu zure aukera AEKren sare sozialetan!

Instagram

Facebook

Twitter

Mastodon

Published in albisteak-22
Tagged under
Friday, 23 December 2022 12:54

Sentitu, pentsatu eta HitzEkin, denok elkarrekin!

Orain urte bat 22. KORRIKAk omendu zituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Tolosan, zirku baten mundu magikoaren barruan, Gure Zirkuarekin elkarlanean.

Horrela iragarri zuen AEK-k omenduak izango zirela:

Pirritx, Porrotx eta Marimotots (Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez) pailazo-hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian, eta gaur egun Euskal Herriko pailazorik ezagunenak eta arrakastatsuenak dira.

Eta zergatik omendu Pirritx, Porrotx eta Marimotots? 35 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak. 1987an EKIN zioten, haiei esker askok EKIN diogu, eta datozen belaunaldiek ere EKINgo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren HITZEKIN, euskarari EKIN zioten, eta eutsi egin diote.

Euskara ez zutenean, euskara ikasteari edota hobetzeari EKIN zioten, eta, orduz geroztik, euskara ahoan ibili dute 35 urte hauetan. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten.

Beren komunikazio-tresna HITZEKIN osatu dute, ekimen eraikitzailea eta normalizazioaren adibide da haiena. Beren ikuskizun eta kanten bidez, egin, eginarazi eta eragin dute.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek azken hogeita hamabost urtean erakutsi izan duten konpromisoagatik eta EKINagatik omendu zituen 22. KORRIKAk.

Hementxe duzue omenaldi ekitaldiaren bideo-laburpena:

Published in albisteak-22

Aurreko edizioetan bezala, 22. KORRIKArako AEK-k ikus-entzunezko bat ekoitzi egin du. Oraingo honetan Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako lana izan da, eta “Uhinak” du izenburu. Dokumentala gaur aurkeztu da Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 22. KORRIKA hasiko den eskualdean.

Ikus-entzunezkoa emititu aurretik, Ane Labaka Mayoz sormen kolektiboko kideak dokumentalak zertan datza azaldu die bertaratutakoei. «KORRIKAren leloak bi zati dituen moduan (“Hitz” eta “Ekin”), geuk bi zati horietan bereizi dugu dokumentala», aipatu du bere hitzartzean Labakak. «Hasteko, bederatzi lagunen “hitzei” esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak. “Ekiteari” dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio, Lorea Agirreren ahotsean eta KORRIKAko irudi zaharrekin lagunduta».

Asier Amondo KORRIKA arduradunak, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du ikus-entzunezkoa Laudion aurkeztu dela, hau da, «Aiaraldean, 22. edizioari hasiera emango dion eskualdean». Izan ere, 22. KORRIKA Amurrion bertan hasiko da, martxoaren 31n.

Aurkezpenera hurbildu dira, besteak beste, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Joseba Vivanco Artziniegako alkatea, AEK-ko eledunak, Lorea Agirre kazetaria eta dokumentalean parte hartu duten hainbat lagun, Laboral Kutxako ordezkariak, eta Aiaraldeko euskaltegietako ikasle eta irakasleak.

Dokumentala ikusteko aukera andana

AEK-tik jakinarazi dutenez, “Uhinak” dokumentala ikusteko aukera anitz egongo dira datozen egunotan. AEK-k eta Korrika Batzordeek, esaterako, herriz herriko emanaldiak programatuko dituzte, udalerrietako areto zein euskaltegietan. Horretaz gain, aurreikusita dago otsailaren 24an telebistan ere estreinatuko dela, ETB1 katean; eta hortik aurrera Interneten ere egongo da ikusgai, AEKren YouTube kanalean.

Ikus-entzunezkoa Laboral Kutxaren laguntzaz ekoitzita izan da.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Published in albisteak-22
Wednesday, 19 January 2022 08:04

22. KORRIKAren ibilbidea ezagutarazi dugu

22. KORRIKAren ibilbidea ezagutarazi du gaur AEK-k. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n irtengo da Amurriotik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Ibilbidearen xehetasunak gailu adimendunetarako KORRIKA aplikazioan kontsulta daitezke, baita ekintzaren beraren egoera ere. Bestalde, AEK-tik jakinarazi dute kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela.

 

Zure herritik noiz pasako den jakiteko:

Androiderako APPa.

IOSerako APPa.

Web: https://korrika.eus/eu/ibilbidea

 

Ohi bezala, aurreko KORRIKA amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Araban, hain zuzen. Amurrio izan da ekintzari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 31n, arratsaldeko 16:30ean. Lehenengo arratsalde/iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena hain zuzen.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du KORRIKAk, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibarretik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta, buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko 17:00etan edizio honek egingo duen lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz.

KORRIKAk Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Larunbata izango da dagoeneko, apirilaren 2a. Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñea hiriburutik Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, eguna amaitzeko (igandea izango da dagoeneko), Erriberara.

Apirilaren 3ko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioetako orena izango da. Mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko arratsaldeko 17:00etan edizio honek zapalduko duen hirugarren hiriburuan sartzeko: Donibane-Garazi. Ez da bakarra izango; izan ere, iluntzeko 21:30ean Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k. 22. KORRIKA erdia eginda egongo da ordurako.

Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.

Apirilaren 6arekin batera helduko zaigu Arabako hurrengo etapa. Mugatik Kanpezurako bidean barrena, eta Mendialdean ibiliko da lekukoa, eskuz esku. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizio honetan bigarren aldiz. Ondoren, bi egun emango ditu Bizkaian KORRIKAk: Arratiatik Usansolora, eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6aren iluntzeko 19:30 izango dira dagoeneko. Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan, eta goizaldea Uribe Kostan pasako dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira, eguna azkenik Mutrikun amaitzen ikusteko.

KORRIKAk apirilaren 8 osoa Gipuzkoan emango du: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko. Larunbatarekin batera ekingo diote korrikalariek Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinen barrena. Apirilaren 9a Lapurdiren txanda izango da, eta lekukoa arratsaldeko 17:30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu KORRIKAk ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean utzita, Oarsoaldea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko da KORRIKA Donostia Gipuzkoako hiriburura, goizeko 7:30ak aldera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago, Donostiako Boulevardean.

Gailu adimendunetarako aplikazioa

AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak, esaterako) eta ekimenaren beraren unean-uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako KORRIKA aplikazioaren bidez. Aurten, programak hainbat berrikuntza dakartza: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria, kasu. Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

KORRIKAren 22. edizioa egingo da aurten, “HitzEkin” lelopean (“Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”). AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek KORRIKA bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko.

Hona harremanetarako bideak:

  • ARABA 946 464 000 This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

  • BIZKAIA 946 464 000 This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

  • GIPUZKOA: 946 464 000 This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

  • IPARRALDEA: 05 59 25 76 09 This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

  • NAFARROA: 946 464 000 This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Published in albisteak-22
Tagged under

Datorren ostegunean, abenduaren 16an, 22. KORRIKAren abestia eta bideoklipa aurkeztuko dute AEK-k eta KORRIKAk. Ekimena arratsaldeko 18:30ean izango da, Iruñeko GOLEM Baiona zinema aretoan (Baiona etorbidea, 56, 31008 Iruñea).

Aurkezpenean hartuko dute parte Asier Amondo KORRIKA arduradunak eta abestiaren eta bideokliparen egileek, baita hainbat partaidek ere.

Aurten, ekitaldia irekia izango da publikoarentzat. Interesa duenak doako gonbidapena eskura dezake hemen:

https://www.denda.korrika.eus/SARRERAK/eu/hasiera/2-bideoklipa-aurkezpena.html

Animatu eta etorri, aurtengo KORRIKAren kanta inor baino lehenago ezagutzera!

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

 

Published in albisteak-22
Tagged under
º