Eman izena Eman izena

Historia

Image

16. Korrika

  • Tuteratik Gasteizera
  • 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era
  • Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!
ABESTIA:
Image
Rami hasi zen Afrikan; baina nor da Rami?
 
Korrikaren 16. edizioa 2009ko martxoaren 26an hasi zen Tuteran, eta, 2.503 km egin eta gero, apirilaren 5ean amaitu zen Gasteizen.

16. KORRIKAren mezua

ongi etorri. interj. Etorri berria abegitsu hartzen dela adierazteko esapidea.

AEK orain dela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen helburu nagusi batekin: Euskal Herria euskalduntzea. Asmo hori ez da AEKrena bakarrik, euskalgintzan dabiltzan guztien asmoa baizik, euskaltzale guztiena. Baina AEK-k helburu nagusi horren barruan badu zeregin zehatz bat, euskaldundu nahi dutenentzako atea, zubia, bitartekoa, laguna izatea. Horregatik Korrika 16k, AEKren helburua eta zeregina kontuan hartuta, mezu hau zabaldu nahi du:

Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea da. Euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi du euskara berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen ere, borondate horren adierazpen grafikoa da. Baina nahi izatea ez da nahikoa. Gure mezua, gure ongietorria, harago doa. Herritarren borondateari atxikirik, Korrika 16ra etorri ez ezik, Korrikan azaleratuko den nahiari kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei.

Erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dugu, euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean,…), euskara erabiltzea nahi dugu, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea nahi dugu. Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak dira beharrezko.

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi die euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.

Ongi etorri Korrikara!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz gozatzeko, lan egiteko, maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko… hautua egin dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon artera!

Omendua

Urtetan zehar ehunka mila izan dira Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik gabe, bertaratu diren familiak. Eta horien guztien artean, hainbestek eta hainbestek, euskal herritarron ongietorria ongi baino hobeto hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin diote gure hizkuntzari. Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kulturaz gozatu, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek izan nahi ditu gogoan Korrika 16k aurtengo omenaldia gauzatzeko. Omenaldi hau bi ardatz nagusi kontuan harturik planteatu nahi dugu: batetik, egin duten ekarpenagatik gure eskerrik zintzoena eman nahi diegu; bestetik, beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratu nahi dugu, kanpotik datozen familientzako eta berton jaiotako eta hazitako familia oraindik ez euskaldunentzako eredu izan daitezen.

Bestalde, jakina da, Euskal Herriak kanpotik hainbat hartu baditu ere, kanpora hainbeste bidali dituela. Horien artean, askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dute. Eta kanpora joan barik ere, horrenbeste izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten familiak ere. Horiek guztiak ahazteak ez lioke geure omenaldiari behar duen osotasuna bermatuko. Bihoakie beraz, euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere, Korrika 16ren omenaldi xumea.

Image

Lekukoaren ezkutuko mezua

Aurtengo mezuaren egileek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, plazaratu dute, Tuteratik Gasteizera eskuz esku lekukoaren barnean iritsitako mezua.

Bidaia intimoak dokumentala.

Korrika Kulturala

Kepa Junkera eta sorginak
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Ez dok hiru!
Erradikalak gara
Oskara plazara
Bertso KORRIKA

Ibilbidea

Hasiera jaia

Amaiera jaia

Hemen dituzue Ikastolen Elkartearekin batera 21. KORRIKArako landu ditugun unitate didaktikoak.