AEK-k antolatzen du Korrika. Euskararen berreskurapena eta Euskal Herria berreuskalduntzea xede dituen erakundea da AEK: euskara normaltasunez eta egunerokoan erabiliko duen jendartea eraikitzea, hain zuzen. Hori lortzeko, helduen euskalduntze eta alfabetatzea nahiz hizkuntzaren erabileraren alorrak jorratzen ditu: euskara-eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko praktika-jarduerak, lantegi eta erakundeen normalizazio-planen diseinu eta kudeaketa, itzulpengintza- nahiz zuzenketa-jarduerak eta euskararen aldeko kontzientziatze-kanpainak.

Lehen alfabetatze-taldeak 1965 inguruan sortu ziren, eta urte hartan antolatu zen lehen kanpaina. Alfabetatze-taldeak Euskal Herri osoan sortzen ziren neurrian, agerian geratu zen euskara ez zekien euskal herritar multzo handi horri euskara irakasteko beharra. Horixe izan da AEKren urteotako zeregin nagusia. Halaxe sortu ziren, Euskaltzaindiak bultzatu eta babestuta, gau-eskola izenekoak eta, geroago, euskaltegiak.

Gaur egun, AEK helduen euskalduntze-alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, administrazio-banaketak gaindituz, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra. Horretarako 500 kide baino gehiago; euskara eskolak ematen 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiagotan banatuta, normalizazio planak bideratzen laguntzeko zerbitzua, erabilera bultzatzeko programak, itzulpen zerbitzua eta AIZU! aldizkaria, besteak beste.

Aurreko KORRIKA amaitu zenetik, jendartearen bultzada nabarmendu nahi dugu. Alde batetik, aurreko KORRIKAko BATzuk deiari kasu eginda, euskaraz bizitzeko hautua irmoagoa da; bestalde, herritar gehiago hurbiltzen ari da euskaltegietara. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak. EAEn, egoera normalizatu gabe dago, urratsak egin badira ere; Iparraldean, laguntzak handitu egin dira, baina ez helduen euskalduntzeak behar beste; eta Nafarroan, urte beltzen aroa amaitu bada ere, oso urrats txikiak egin dira orain arte. Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea ezinbestekoa da. Hori dela eta, 21. KORRIKAk jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko erabiliko du AEK-k.