Mexiko - Hiria

Antolatzaileak
Universidad Nacional Autonoma de Mexiko-ko Etxepare Institutuko Irakurletzako ikasleak, irakaslea eta bertan bizi diren euskaldunak

Harremanetan jartzeko:

https://www.facebook.com/KorrikaMX

Haizea Elizondo

Cette adresse e-mail est protégée contre les robots spammeurs. Vous devez activer le JavaScript pour la visualiser.

Kronika

21. KORRIKA MEXIKO HIRIAN

Mexiko Hiriko 21. Korrika Batzordeak deituta, apirilaren 7an Korrika Egun apartaz gozatu ahal izan genuen Mexikoko hiriburuan.

Egitaraua Korrikaldiarekin hasi genuen, Mexiko Parkearen inguruan korrika ibili ginen 40-50 lagunek. Lekukoa 21. Korrika honetan garrantzitsu izan diren eragileen ordezkariek eraman zuten: euskal diasporak, UNAM-Etxepare Euskal Institutuko euskara-ikasleek, Multiforo Cultural Aliciak, Pluralia argitaletxeak, katalan diasporak, umeek eta La Jornada egunkariak, hain zuzen.

KORRIKAri ongietorria egin genion Casa Refugio Citlaltépetlen. Sarrera txalapartaren doinuz lagunduta egin eta agurra dantzatu genion lekukoari eta lekukoa eraman zutenei. Jarraian bertsoa eskaini eta hitzez egin genien agurra bertaratutakoei kultura ekitaldia hasi aurretik. Hizkuntza gutxituen kultura topagune izan zen KORRIKA Eguna. 7 Hizkuntza gutxitutan eta gutxitutatik sortutako artea ardatz izan genuen. Bertan gozatu genituen hizkuntzotan sortutako poesia, ipuinak, bertsoak eta hainbat estilotako musika: sona, rapa, rocka eta zelan ez, euskal herri kantak. Euskaraz gain, honako hizkuntzak entzun ahal izan genituen bertan: ayuujk, tu ́un ñuu savi, tenek, katalana, nahuatl eta totonaku. Kultura ekitaldiaren bitartean beren-beregi umeei begirako ekintzak ere eskaini genituen: goizean euskal ohituran oinarritutako jolasak izan genituen (lokotxak, sokatira, txingak eta esku dantza ikastalditxoa) eta arratsaldean bertaratutako umeek hormairudi erraldoi bat sortu ahal zuten margoz.

Herri bazkarian izan ginen 130 lagunez gain, beste 35 hurbildu zitzaizkigun. Oso giro atsegin eta alaian egin genuen eguna eta halaxe amaitu genuen bertaratutakoen artean 21. KORRIKA materialaren zozketaz eta KORRIKA Bideo Lehiaketako bekaren irabazlea hautatuz; horretarako hautagaiek euskarari eta euskal kulturari buruzko galderei erantzun behar izan zieten.

Azpimarratu beharra dago, artisten parte hartzea Doctor Deseo musika taldeak eta Multiforo Cultural Aliciak antolatutako kontzertu bati esker lortu genuela eta atzoko jaialdia eta haren arrakasta antolaketa batzordearen aniztasunaren eta konpromisoaren isla direla.

Mexikon ere KORRIKAren alde! Mexikon ere EUSKARAren alde!

Munduaren hizkuntza aniztasunaren alde!