OHOLTZA | Performance-a

Beñat Krolem

2015ean Beñat Krolem artistak Oholtza deituriko proiektua hasi zuen, bat-batekotasuna bere ikerketa lerroetako bat zelarik, arte-anitzetatik abiatuta. Arte ikerkuntza horren prozesuan inprobisazioaren inguruko alor ugari ikertu ditu, 2017an doktoretza-tesia, bat-batekotasuna eta artearen inguruko azterlana, hasi zuelarik.

Oholtza bertsolariaren jardunari toki bat eskaintzen dion eraikuntza aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eskultura performance-a da, pieza-multzoen bitartez osatzen dena. Sortutako pieza-multzo hauek material (egurra, oihala, LED-argia...) zein lotze-sistema desberdinez osatzen dira, adibidez, beste pieza askoren artean, Beñat Krolem artistak sistema elektronikoa duten led-argiztapen pieza batzuk sortu ditu, aginte baten bitartez argien kolorea, intentsitatea nahiz argi-erritmoa kontrolatzen dituelarik. Pieza hauen artean aldakuntzak sortuz Beñat Krolem-ek bere gorputza zein bertsolarien gorputzak erabiliz eskulturak sortuko ditu.

Emanaldiaren unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen diren egiturak dira, beraz, eskultura eta bat-batekotasuna, bisuala eta ahozkoa, errotzat duen performancea da. Bertsolariak abesten duen unean bertan hitzekin sortzen duen bertsoaren pareko prozezuak dira Beñat Krolem artistak erabiliko dituenak. Oholtza bertsoa sortzeko sormen-prozesuaren harremanaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da.

Beñat Krolem-ek bi bertsolariren gorputzak espazioan modu konkretu baten egituratuko ditu, hori izanik bertsolariaren bat-batekotasunaren oinarri, hau da, bertsolariaren eskulturizazioa izango da haien hitzen oinarria eta bertsoaren elikagaia.

LEHEN EMANALDIAK:

  • Martxoak 22: Lekeitio (Zinema)
  • Martxoak 26: Bilbo (Bira)
  • Martxoak 29: Santurtzi (Kresala aretoa)
  • Martxoak 30: Getxo (Erromoko kultur etxea)
  • Martxoak 31: Lesaka (Kultur etxea)