21. KORRIKAren hasiera Garesen

Gora Korrika! Gora AEK! Biba zuek! Zorionak, Gares; zorionak, Izarbeibar eta Mañeruibar; eta mila esker hona hurbildu zareten guztioi!

Zorionak eta mila esker, errepidean, lekukoarekin bat egiteko, zain zaudeten guztioi; Lizarran afalduko dugu; etenik gabe, bihar Tuteran esnatuko gara, eta segi eta segi... bi mila kilometro baino gehiago, Gasteiza iritsi arte.

Eskerrik asko, nola ez, herrietako Korrika batzordeetan ari zareten lagun guztioi, modu batean edo bestean KORRIKAren konplize guztioi. Auzolan erraldoi hau zoragarria da, eta AEKn oso harro gaude: eskerrik asko!

1980. urtean bezala, gaur ere euskarak eta Euskal Herriak Korrika zein AEK behar dituzte. Oraindik ere urratsak egin behar dira, egin nahi ditugu, Euskal Herrian, gau eta egun, euskaraz bizitzeko, normal eta natural; euskara menpeko perpausa ez izateko.

Oso adierazgarria da non gauden aintzat hartzea. Hemen gaude, hizkuntza-eskubideak era mistoan ulertzen dituen lurraldean, eta hemendik mintzo gara, oraindik ere giza eskubideak eremutan banatuta dituen herrialdetik. Beraz, bada garaia, administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez, hizkuntza-politika berriak abiatzeko, hemen eta Euskal Herri osoan; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez, hizkuntza-politika berria abian jartzeko, non hizkuntza-eskubideen bermea izango den ardatza.

AEKn prest gaude aurrera egiteko eta bidelagun izateko, euskalgintzako nahiz gizarteko eragile guztiekin; itxaropenez eta gogotsu, gainera! Prest gaude zuekin batera, administrazioen arduradunekin batera, ausardiaz jokatzeko, unea baita hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko. KLIKA konpromisoari, klika ARO BERRIARI.

Oso gutxi falta da, eta denok gaude irrikan lekukoa abiarazteko. Furgoneta-gidariak ere hortxe daude, motorrak berotuta... eta zuek hor, lekukoa noiz agertuko zain, KORRIKA noiz hasiko zain.

Beraz, gehiago luzatu gabe...Azpimarratu nahi dut hor parean Garesko euskaltegia dugula, eta laster barru, azpitik pasatuko garela, hor dugu Izarbeibarko ERROBI euskaltegia, eta beste ehunka euskaltegi Euskal Herri osoan. Beraz,

Klika euskarari. Klika ikasteari, erabiltzeari, jauzi egiteari.

Haz Klik en el euskera. Haz Klik en aprenderlo, en utilizarlo, en dar el salto.

Cliquez sur l'euskara, cliquez en l'apprenant, en l'utilisant, en franchissant le pas.

KLIKA EUSKARARI, KLIKA AEKri, KLIKA KORRIKARI

GORA EUSKAL HERRI EUSKALDUNA!