Gora Korrika, Gora AEK, gora zuek!

Zorionak, eta eskerrik asko guzti-guztioi! 21. Korrika eskuz esku honaino ekarri duzuen guztioi!!! KLIKA egin duzuen guztioi!!! 10 egunez herriz herri ibili ondoren, heldu gara Gasteiza! Euskal Herri osoa zeharkatu dugu, ehunka mila lagun bat eginda, Klika eginda. AEK-k eta Korrikak ez genuen zuengandik gutxiago espero. Eskerrik asko!

Eskerrik asko korrika egin duzuelako, kilometroak diruz lagundu dituzuelako, Kulturala antolatu duzuelako... Eskerrik asko munduan dagoen hizkuntza baten aldeko ekitaldirik handiena martxan jartzeagatik. Batzordeetan parte hartu duzuenoi, zorionak benetan! Zorionak mila modutan parte hartuz Klika egin duzuenoi! Eta, nola ez, AEKide guztioi: badakigu azken hilabeteotan zelako lan gehigarria egin duzuen, bai horixe!

Hemen eta horrelako plazan, gogora ekarri nahi ditugu aurreko Korrikatik hona galdu ditugun AEKideak, Marian Leon eta Uxua Larretxea; haiei eskaini nahi diegu, zalantza barik, egin dugun lan ederra eta lortu dugun KLIKA ERRALDOIA!

Gaurko hau eta azken hilabeteak historikoak izan dira guretzat! Izan ere, Euskal Herriak KLIKA egin eta konpromisoa hartu du. Hautua egin dugu guztiok, eta ez edozein hautu: euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugu!

Maialen Lujanbiok mezu eder eta mamitsuan esan bezala, Euskal Herri euskalduna erdietsi nahi badugu, sistema eragilean egin behar dugu KLIKA. Eragiten duten toki guztietan klika egitea, baina, erraza bezain nekeza izan daiteke. Geuk erabakiko dugu nola egin, hartzen ditugun konpromisoen arabera.

Gure ustez, bidea argia da: norbanakook egin, eragileek eragin eta administrazioek eginarazi.

21. Korrikak aro berri bati eman dio hasiera, eta aro berri horrek lan egiteko molde berria ere ekarri behar du, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritua. Horrela, oraindik ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugu, hizkuntza-politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta ezarriz. Bi urte barru, 22. Korrikan, oraingo Klikek zer eman duten eta zer bide egin dugun ikusteko eta baloratzeko aukera izango dugu.

Euskara unibertsala bihurtzera goaz, beraz, eta horretarako bidea markatua dugu: ez dakienak ikasteko klika; dakigunok erabiltzeko klika; eragileok antolaketan klika, eta administrazioek erabakietan eta baliabideetan klika. Horixe da gure konpromisoa...

Klika gure aukera, Klika AEK, Klika Korrika, klika Euskal Herri euskalduna!