Ahize Ahize
Tuesday, 05 December 2023 10:52

HARRO HERRI: herri aldarrikapenaren KORRIKA

Berriki, 23. KORRIKA aurkeztu dugu; martxoaren 14tik 24ra, errepidean izango gara, tipi-tapa, tipi-tapa, baina KORRIKAren datorren edizioa jada bizirik dago. Izan ere, azarotik martxora, hamaika ekimen izango ditugu abian.

Aurtengo KORRIKAk herri alai eta tinkoa izan nahi du: HARRO HERRI. Aurreko KORRIKAko indar-erakustaldia oso gogoan, euskararen aldeko mugimendua zabaldu nahi dugu: mugi dezagun euskararen herria, harik eta ingurua mugiarazi arte.

HARRO, KONPLEXURIK GABE

Geure buruaz harro egoteko unea ere bada egungo egoera aldakorrean. Bidegurutze honetan, garaia da euskaraz bizi nahi dugula aho batez oihukatzeko. Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da, eta KORRIKAk aukera bikaina ematen digu herria aktibatzeko, aldarrikapen tinkoa egiteko, erakundeek pauso gehiago egin ditzaten, herriaren gogoari erantzunda. Era berean, KORRIKAk batu egiten gaitu, komunitate baten parte sentiarazten gaitu, ingurua mugitzen du eta euskarara jende gehiago hurbiltzen du.

Euskarak mugitzen du KORRIKA, eta KORRIKAk mugituko du euskal komunitatea.

Harro eta herri: hitz-pare honek Euskal Herri euskaldunaren ideia margotzen du. HARRO gara, bai! Banakotasunetik urrun: taldea, komunitatea, HERRIA garelako. Euskara herri baten hizkuntza da, eta KORRIKAn batasun-sentimendua hauspotu nahi dugu, elkarrekin etorkizunean aitzina egiteko energia kolektiboa, alegia.

Euskarak gauza asko behar ditu, baina, batez ere, aurrera egin nahi duen herria; gaur egun ere, ezinbestekoa da euskararen aldeko kontzientziazioa lantzea. Euskaraz bizi nahi badugu, herri gogo hori ezinbestekoa da —beti izango da—. Halaber, horrek ere laguntzen du komunitatea —herria— sendotzen.

Euskararen normalizaziorako, guztion ahalegina behar dugu. Oldarraldi guztien aurrean mugituko dugu KORRIKA, KORRIKAk euskal komunitatea mugitzen duen moduan!

HARRO, BAINA EZ KONFORME

Herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragiteak ez du esan nahi ardura norbanakoen bizkar uzten denik, edo aitzakia hori erabili behar denik egiturazko neurririk ez hartzeko. Herritarren ahalegin soila ez da aski euskararen auzia bideratzeko, erakundeek zeregin garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, herritarren nahiari bidea eman behar diotelako.

Komunitate horri EUSKARAREN EZAGUTZA UNIBERTSALA zor zaio. Horretarako ari gara lanean AEKn, eta KORRIKAk ere hori aldarrikatzen du: Euskal Herri osoan, herritar guztiok euskaraz eroso bizi ahal izateko eskubidea.

AEK-k 23. KORRIKAn jasoko duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioaren aldeko bere lana egiten jarraitu ahal izateko baliatuko du.

Baina bakarrik ezin dugu, eta hizkuntza-politika eta erreminta ausarten premia dugu. DOAKOAK eta guztiontzat, hezkuntza, transmisio eta helduen alfabetatze eta euskalduntze tinkoak bermatzeko.

Horrela, inori baimenik eskatu gabe, ozenki esan ahal izango dugu: BAGARA ETA IZANGO GARA. Hizkuntzak elkar ulertzeko sortu zirelako, komunitateak eraikitzeko. Erabakia hartua dugu: EUSKARAZ izango gara! HERRIAREN ERABAKITASUNAGATIK izango gara. Harro Herri, eta gora KORRIKA! Gora AEK!

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

 

 

Last modified on Thursday, 07 December 2023 23:16
º