Ibiltaria Ibiltaria

Bretoieraren aldeko lasterketan parte hartu du gaur goizean KORRIKAk, Nantes inguruan.

KORRIKAren ahizpa txikietako batean parte hartu du gaur goizean KORRIKAk. Ar Redadeg, Bretoieraren aldeko lasterketaren 9.edizioa ospatzen ari da egunotan, maiatzaren 17tik 25era.

Atzo abiatu zen Euskal Herritik KORRIKAren ordezkaritza bat, gaur goizean goiz Nantes inguruan 746. kilometroan parte hartzeko. KORRIKArekin harreman estua du Ar Redadeg, eta La Passem ekimenean egin bezala, kilometro bat eskuratu eta “babesa eta elkartasuna” adierazi dio KORRIKAk bretoieraren aldeko lasterketari, haiek ere KORRIKAko aurtengo edizioan egin legez.

Ane Elordik, KORRIKAko arduradun nagusiak azaldu bezala, garrantzitsua da hizkuntza gutxituen arteko sarea osatzea: “ Eurak ere Baionan egon ziren, okzitaniarrekin batera, hiruon artean harremana daukagu, eta gure asmoa eta erronka da sare hori gero eta indartsuagoa izatea, besteak beste, hizkuntza hegemonikoen aurrean nola jokatu eta estrategia bateratu bat osatzeko, adibidez”.

Igandea, 19 Maiatza 2024 09:31

Santa Barbara

 

 

Igandea, 19 Maiatza 2024 08:22

Chacabuco

Centro Vasco “Guillermo Larregui” Chacabuco - Argentinak antolatuta

BIDEOA IKUSTEK EGIN KLIK IRUDIAREN GAINEAN EDO HEMEN

 

Igandea, 19 Maiatza 2024 08:14

Bali, Indonesia

Jon Cruz Arroniz KORRIKA lagunak Trihita Alam Eco School Balin dago lanean, eta bertan antolatu du KORRIKA Txikia.

BIDEOA IKUSTEKO EGIN KLIK IRUDIAREN GAINEAN EDO HEMEN.

Larunbata, 18 Maiatza 2024 08:55

La Fortuna (Kosta Rika)

"Basque Trade & Investment"ek antolatuta. 



Harremanetan jartzeko:  Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

{youtube}https://youtu.be/v0omgDlA_Mg/youtube}

 

Asteazkena, 15 Maiatza 2024 16:00

Etenaldirik ez da

Iritzi-artikulua. Sinatzaileak: Ane Elordi Alburquerque (KORRIKA arduraduna) eta Aize Otaño (AEK-ko Artezkaritza taldeko lehendakaria)

Batzuek 5 eguneko etenaldia behar dute; beste batzuok, ordea, 15, 4 edo/eta 7koa... KORRIKA amaituta, ez da erraza izaten aje emozional zein fisikoa iraultzea. Aurten ere gauza bera gertatu zaigu: 23. KORRIKA bukatu eta egun batzuetako etenaldia egin behar izan dugu gure egunerokoa bere horretara itzul dadin.

Izugarria izan da, inoizko Korrikarik handiena. Irun eta Baiona lotu ditu, 2.792 kilometro egin ditugu eta lekukoak 4.860 eskutan baino gehiagotan izan du habia, eroso bezain harro. Hamaika egunez, ametsetako Euskal Herri euskalduna sortu dugu, elkarrekin bultza eginda. 11.000 laguntzaileren sarea osatu dugu eta, euskararen herritik harago, munduko 50 txokotan baino gehiagotan izan du oihartzuna KORRIKAk. Ozen oihukatu dugu herri harroa garela, euskaraz bizi nahi duena.

Eta orain zer? Galdera hori egiten diogu askok eta askok geure buruari. Atera gara kalera, 10 egun eta 11 gau eman ditugu Euskal Herri osoan zehar aldarri baten lelopean, euskararen alde; eta orain, zer? Zer gehiago egin behar dugu gure asmoak entzunak eta aintzat hartuak izan daitezen? Beste behin ere argi geratu da euskarak gure beharra duela, euskarak ekosistema oso baten beharra duela. Beraz, noizko dira gizartearen arlo oro bustitzeko hizkuntza-politikak? Jakitun baikara politikok ezinbestekoak direla euskarak bere izan dezan ekosistema oso hori...

Garaia da 23. KORRIKAren aldarri horri erantzuna emateko. KORRIKAk batzen gaitu, batu gaitu eta batuko gaitu; Euskal Herriko aniztasun koloretsuaren ispilu izan da, eta guztiok gauza batek eta bakarrak batu gaitu: euskarak. Horregatik, Euskal Herriko instituzio nagusiek ezin dute beste alde batera begiratu, entzungor egin, KORRIKA osteko etenaldiaren ondoren betiko ildoan jarraitu. Oso erosoa da KORRIKAn parte hartzea —egun ezin da inor at geratu, denok izan nahi dugu parte-hartzaile—, baina parte-hartzea aktiboa izan behar da, ezertarako balioko badu. Baldin eta nork bere erantzukizunak bere gain hartzen baditu, gertuago egongo gara euskararekiko konpromisoa betetzetik; bestela, zertarako hau guztia?

KORRIKA ez da soilik euskararen aldeko jai erraldoia, ez: hori baino askoz gehiago da. 43 urte luze daramatzagu euskararen aldeko kontzientzia suspertzen; ehunka mila lagunek hartu dute parte; ekimen babestua eta maitatua da, zalantzarik ez. Eta, oraindik ere, AEKk beharrezko du, biziraun ahal izateko. KORRIKAk kaleak bete ditu, eta orain euskaltegiak betetzea da erronka, ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko, erabilera astintzeko eta kontzientziazioan egindako urratsei tinko eusteko.

Guk jarraituko dugu KORRIKA antolatzen, euskararen normalizazioan pausoak eman daitezen aldarrikatzen, euskal komunitatea saretzen. 5 eguneko etena, 15ekoa edo behar bestekoa balia dezagun KORRIKAren herri-gogoak eta indarrak egunerokoan aurrera jarraitzeko. Geuk aurrera segitzen dugu, eta jada bagabiltza 24. KORRIKAren antolaketan. Finean, egiazko etenaldirik ez da.

 

Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko dei egin dute Euskalgintzako eragileek.

Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: KORRIKA bukatu zen toki berean egin dute, 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dugula erreibindikatuz.

Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-KORRIKAko koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu dituzte:

Idurre Eskisabel: “Herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.

Ane Elordi: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.

Irati Iciar: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.

 

ADIERAZPEN BATERATUA

Orain hilabete pasa, primadera hastearekin batera, milaka lagun bildu ginen hemen bertan, Baionako karriketan, Korrikaren azken urratsekin batera adierazteko euskararekin bat egiten dugula, euskaraz bat garela. Aurreko hamar egunetan beste hamarnaka mila lagunek kurritu zuten Euskal Herri osoa, asmo eta borondate berberez. Milaka lagun horien artean baziren euskaldun eta euskaltzaleak, baziren euskararen jabe ez izan arren hizkuntz berdintasunean sinesten dutenak… Herri harro bat ez ezik, gizarte adostasun zabal bat gorpuztu zen, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Beste era batera esanda: euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntz eskubideetan sakontzea denez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza indartzearen alde.

Datorren urteko udaberrian, milaka herritarrek berriro ere adieraziko dute konpromiso bera: Euskaraldiarekin bat eginez euskaraz bizitzearen bizigarritasunean urrats bat emateaz gain, ale bat jarriko dute, erabileran indar eginez, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.

Dudarik gabe, herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Baina ez da aski. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta, horrenbestez, hiztun komunitate minorizatua gara euskaldunok. Pentsa, gauden hiri honetan bertan, Lapurdi osoan, Baxenafarroa, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko eremu handienean bezala, euskarak ez dauka ofizialtasun estatusik, nor izateko gutxieneko zorurik.

Eta, jakina da, gaur egun, gurea bezalako testuinguruetan, politika publiko sendoak direla minorizazio egoerak zuzentzeko ezinbesteko bitartekoa. Hau da, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egingo bada ezinbestekoa dela hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea. «Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa», esan zuen Garazi Arrulak hementxe, Korrikaren azken mezuan. Eta segitu: «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara».

Esku artean dauzkagun erronkak alimalekoak dira. Oldarraldiaren agerpen hango eta hemengoak, batetik. Munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak, bestetik. Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi UNESCOk hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat.

Euskalgintza askotariko eta zabalak badu adostasunik honen inguruan: euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela erronka horiei erantzungo bazaie; politika publiko sendoagoak behar direla euskararen normalizazioan aurrera egingo bada. Korrika eta Euskaraldia lekuko, herritarren arnasa ere noranzko horretan dator. Baina arestian esan bezala, hori ez da aski. Arrulak hementxe aldarrikatu bezala, «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» Beraz, hemendik dei bat agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde.

Olatu berri bat

Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara, euskara erdigunera ekartzeaz. 23. KORRIKAn, Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu. Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea.

Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu. Eta, aipatu bezala, premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Euskal Herri harroaren aldarriari jarraiki, norabide horretan arraunean jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza-politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen. Eta horren guztiaren isla dira KORRIKA eta Euskaraldia bezalako ekimenak. Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen.

Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeaz ari gara. Eta horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.

Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia. Urtebete falta da laugarren edizioa hasteko, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Euskaraldiak harro hartu du Korrikaren lekukoa; ehunka lagun buru eta bihotz ari dira lanean Euskaraldia bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin. Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan. Euskara biziberrituko bada, erabiliko dugulako izango da. Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz.

Euskarak mugimendua behar du. Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai. Euskarak mugimendu indartsu bat behar du, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituzten olatuak behar ditu, baita itsas korrontea sortuko duten aktibistak ere. Korrontea gizarte osoaren alde, denon alde jarri nahi dugu. Izan ere, aurrez esan bezala, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egitea hizkuntz berdintasunean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Honenbestez, segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko.

Baionan, 2024ko maiatzaren 15ean

 

 

Astelehena, 13 Maiatza 2024 14:53

Nasa Yuke (Kolonbia)

Erronkan parte hartu du Garabidek. Hemen KORRIKAren mezua Haitiko kreolera

Astelehena, 13 Maiatza 2024 14:47

Haitiko kreolera

Erronkan parte hartu du Garabidek. Hemen KORRIKAren mezua Haitiko kreolera

Astelehena, 13 Maiatza 2024 14:44

Yucatango maia

Erronkan parte hartu du Garabidek. Hemen KORRIKAren mezua Yucatango maian.

1 orria 29 orritik