
Korrikaren mezua
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…

Argazki bilduma
Deskargatu Korrikaren APPa
Laguntzaile txartela, zozketak, ibilbidea
eta askoz gehiago.
Egin zaitez Korrika Laguntzaile eta hartu
parte zozketetan.


Omendua: Errigora
24. KORRIKAn, Errigora omendu nahi dugu; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere.
Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna, eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna ematen ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa.
Txikitasuna erdigunean jarri nahi dugu, gutako tanta bakoitzak blaitzen du-eta euskararen ibaia, gurea, hizkuntza minorizatua. Hizkuntzak batzen gaitu, Atarratzetik hasi eta Bilboraino, artean Nafarroako Erribera zeharkatuta; txoko horietan guztietan euskaraz gara, eta euskarak batzen gaitu. Komunitatean pentsatu eta sinetsi behar dugu, elkarlanean aritu. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora. Printzipioetan bat egiten dugu: euskararen sustapena, eta burujabetza.
24. KORRIKAren bitartez, aitortza egin nahi diogu orain arte Errigorrak jorratutako bideari. Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzinatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka.
Korrika denda
Nola hartu parte










