AEK-k eta KORRIKAk eskerrak eman nahi dizkie modu batean edo bestean, 21. KORRIKAn parte hartu duten/duzuen “klikatzaile” guztiei.

Eta eskerrak emateko modu xume bat da honako hau ere: KORRIKAN ateratako argazki polit bat badaukazue, eta hori AIZU! aldizkariaren azala izango balitz bezala jartzea nahi baduzue, bidali edo eraman argazkia (bertikala izan behar du eta ahalik eta bereizmen handienekoa) hurbilen duzuen AEKren euskaltegira.

Bertan bihurtuko dute zuen irudia AIZU! aldizkariaren portada.

(Klika egin HEMEN AEKren euskaltegien zerrenda eta kontaktuak ikusteko, “Aukeratu zure herria” aukera erabilita).

Mantxetarako lau kolore daude aukeran: gorria, laranja, urdina eta berdea.

(Klika egin HEMEN KORRIKAn guk ateratako argazkiak ikusteko).

Klika Sistema Eragilean!

EGIN / ERAGIN / EGINARAZI

 

Asier Amondok, KORRIKAren arduradunak, eta Mertxe Mugikak, AEKren Koordinatzaile Nagusiak, 21. KORRIKAren lehendabiziko balorazioa egin dute, AEKren Artezkaritza Kontseiluarekin batera.

Asier Amondoren hitzetan, argiki ikusi den bezala, 21. KORRIKA oso arrakastatsua izan da, bai hiriburuetan eta eskualde jendetsuenetan bai herri txikietan; Euskal Herri osoan, alegia, eta esan daiteke KORRIKA, euskararen aldeko ekimen erraldoia bezain eroa, dela Euskal Herriak gehien maite duen ekimena. Sekulakoa izan da azarotik, aurkeztu zenetik, eta azken hamaika egunetan, jaso duen babesa; oraindik ere harrigarria izan da ikustea KORRIKAK gizartean eragiten duen pasioa. Hori dela eta, azpimarratu da 21. KORRIKAk hazten jarraitu duela. Balorazio zehatzagoetan sartzeko garaia aurrerago iritsiko da, 22. KORRIKA erarik egokienean burutzeko asmoz, baina Asier Amondok nabarmendu du parte hartzean eta jarraipenean gora egiten jarraitu duela, aurrekoak gaindituz.

Bestalde, Mertxe Mugikak nabarmendu du arrakasta horren barruan dagoela gizartearen sektore berriarengana iritsi ahal izana; esate baterako, orain arte zuzenki parte hartzen ez zuten gizarte-eragile batzuekin harreman sendoagoak izan dira edizio honetan, aktore gehiago azaltzen dira euskararen normalizazioaren aldeko jardunera. Izan ere, AEKren koordinatzaile Nagusiak azpimarratu duen bezala, KLIKA egitera gonbidatu duen 21. KORRIKAk utzi duen legatu nagusia izan da gizarte-eragileek, zeudenak eta gehitu direnak, hartu dituzten konpromisoak. Albaolako eta Bastidako ekitaldiekin abian jarritako ARO BERRIARI KLIKA ekimenak erakutsi du KORRIKAK argazkietatik urratsetara bidea urratu nahi izan duela. Norbanakoak, eragileak, eta erakundeak: eginez, eraginez, eginaraziz; Maialen Lujanbiok, lekuko barruko mezuaren egileak, adierazi duenez, euskarak egon behar du herri honen sistema eragilean.

Hori dela eta, AEKtik euskal gizarteari esan diote KORRIKA egiten jarraituko dutela, edizio berriak eta berrituak, Euskal Herriari KORRIKA tresna moduan eskainita, euskararen aldeko olatua handitzen jarraitzeko, euskararen normalizaziorako xedea erdiesteko.

Amaitzeko, AEKren Koordinatzaile Nagusiak gogora ekarri ditu AEKren eta KORRIKAren beraren helburu nagusiak. Hori dela eta, adierazi du oso kezkagarria litzatekeela, xede horietan, 22. KORRIKA abian jartzea aurrerapauso esanguratsuak ezagutu gabe. Alde batetik, ezagutzaren unibertsalizazioa azkartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriekin nahiz heldu aroarekin; beste alde batetik, Euskal Herri osoko euskaltegiek eta herritarrek, euskara irakasteko eta ikasteko, jasotzen dituzten diru-bitartekoak direla eta, hazkundeak agerikoa izan behar du.

Ezinbestekoa da 22.KORRIKA bestelako baldintzetan egin ahal izatea.

BEKA

Banerra 300x300

GEROA EUSKARATIK

AEK 300x300