AEK euskara praktikoa AEK euskara praktikoa

Historia

Image

2. Korrika

  • Iruñetik Donostiara
  • 1982ko maiatzaren 22tik 30era
  • Leloa: AEK, euskararen alternatiba herritarra.Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde
ABESTIA:
Image
Zer dago lekukoaren barruan?
 
Korrikaren 2. edizioa 1982ko maiatzaren 22an hasi zen Iruñean, Jose Maria Jimeno Jurio historialariak lehendabiziko tartea egin zuela; eta, 1.822 km egin ostean, maiatzaren 30ean amaitu zen, Donostian. Ez zen hasiera erraza izan: edizio hartan arduradun aritu zen Joseba Kanpok adierazi bezala, Nafarroako gobernadore zibilak ez baitzuen baimenik eman KORRIKAk Nafarroa zeharka zezan; azkenean, amore eman zuen, zorionez.

Omendua

Rikardo Arregi

Kondairak-edo badio gaur honaino, XXI. mendeko AEKraino, ekarri gaituen mugimendu haren guztiaren hastapena Rikardo Arregik Euskaltzaindira alfabetatze-taldeak sor ditzan eskatzeko bidali zuen gutun famatu hartan dagoela. Komeniko da ba, orduan, ezertan hasi aurretik, Rikardo Arregi nor izan zen azaltzea:

Rikardo Arregi Aranburu Andoainen jaio zen 1942an. Lehen ikasketak jaioterrian egin eta apaizgaitegian sartu zen 1962ra arte. Batxilergo ikasketak burutzeko baliatu zituen udak, apaiz ikasketek ez baitzuten balio ofizialik kaleko bizian. Ondoren, Ekonomia Zientziak ikasten hasi zen Bilbon, eta, aldi berean, kolaboratzaile Zeruko Argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan. 1964an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Urte berean, Martuteneko kartzelan eduki zuten, EGIko kide izateaz akusaturik. 1965Ean, Lauaxeta kazetaritza saria jaso zuen, artikulugile onenarena, hain zuzen ere.

1966aren urtarrilaren 14an gutuna bidali zion Euskaltzaindiari, beste euskaltzain batzuekin batera, Alfabetatze Batzordea sortu eta alfabetatze-kanpaina antola zezan eskatzen. 1968an alfabetatzeari buruzko bigarren txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari eta Lur editoriala bultzatu zuen, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia eta beste zenbaitekin batera.

Nahikoa da alfabetatzeari, euskalduntzeari edota AEKri buruzko garai bateko idatziei erreparatzea jabetzeko zein handia izan zen Arregiren ekarpena, zein estimatua zen, eta zer-nolako hutsunea utzi zuen bere heriotzak. Beraz, egin beharreko lehenengo galdera honako hau da: Rikardo Arregiri zor zaio, orduan, euskalduntze alfabetatzearen, eta beraz, AEKren beraren, sorrera? Erantzuna: Bai.

Orduko protagonisten esanetan, Alfabetatzeko Batzordeetako kideen esanetan, Rikardoren kezka nagusia zen euskaldunak analfabetoak zirela euren hizkuntzan. 1965 eta 1966 urteen bueltan hori arazori sumatu, igarri eta arazoari konponbidea emango zion erremedioa aurkeztu zien Rikardok hainbat laguni: alfabetatze kanpaina bat. Lanean hasi ziren berehala, nonbait, denak Rikardoren ardurapean eta, horrela, 1966ko urtarrilera heltzen gara: gutun bidez helarazi zion Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzerako proposamen zehatza: “Alfabetizazio Kanpaina”. Eta, jakina denez, Euskaltzaindiak onartu egin zuen.

Image

Lekukoaren ezkutuko mezua

Lehendabiziko Korrikan, lekukoaren barruan, Rikardo Arregik Alfabetatze Mugimenduaren sorrerari buruz idatzitako gutunaren kopia sartzea erabaki zen. Zein gutun sartu, ordea? Gutun bat baino gehiago omen zeuden, Arregik hainbati bidali zienez gero. AEK-k, orduan, Jose Maria Satrustegiri bidali ziona sartzea erabaki zuen, nork sinatzen zuen, nori idazten zion eta bidalitako data zeuzkalako. Mezua lekukoan Korrikaren hasieran Oñatin sartzeko plana zegoen eta Satrustegi bera joango zen mezuarekin hura lekukoan sartu eta Korrikaren 0 kilometroa egitera. Satrustegik Donostiako etxe bati agindu zion mezuari pergamino itxura emateko eta bere asmoa zen Donostiatik igaro, mezua hartu eta iluntzerako Oñatira heltzea.

Baina egun hartan Euskal Herria elurrez jantzita agertu zen eta Satrustegik Urdainetik Oñatira egin ahal izan zuen arren, ezin izan zuen Donostiara joan mezua hartzera. Saiatu zen telefonoz gestioak egiten, baina mezua ez zen iritsi Korrikaren hasiera-ordurako eta, hortaz, Eli Galdos Oñatiko alkateak eta Jose Maria Satrustegik mezurik gabeko lekukoarekin eman zioten hasiera 1. Korrikari. Bai Eli Galdosek, bai AEK-koek ezustekoa izan zela ulertu zuten, eta mezua Urdiainen sartzeko Satrustegik egindako proposamena onartuz hor amaitu zen guztia. Hurrengo ustekabea Korrikaren amaieran, Bilbon, gertatu zen. Urdiainen lortu zen mezua lekukoa sartzea, Satrustegik mezua Donostian hartu eta bere etxera eramanik, Korrikari minutu erdi batean gelarazi eta hantxe sartu zuelako. Baina, Korrika Bilbora iritsi eta jende eta komunikabide guztien aurrean lekukoa zabaldu zenean zera ikusi zuten, ez zekarrela barruan mezurik.

Korrika baten atzerapenarekin, Julen Kaltzadak irakurri zuen Rikardo Arregiren gutuna Donostiako Bulebarreko kioskoan, milaka lagunen aurrean.

Hauxe da Rikardo Arregik Satrustegiri idatzi zion gutuna (jatorrizko bertsioan):


“Andoain'dik 1966'go ilbeltzaren 17'an

Jaun apeza:

Zuk Baiona'n esandakoak kontuan arturik laguntzaille gazte batzuek gure eginkizuna bete nai dugu Euskaltzindiaren barruan. Ortarako gure adiskideekin batera euskeraz irakurtzen eta idazten ez dakiten euskaldunei ori egiten erakusteko jokabide batean pentsatu dugu. Ori ikus dezazun emen bialtzen dizkitzut bi orri multikopian ateratakoak eta beste euskaltzaiñei ere bidalitakoak gure asmoak agertuaz.

Gainera zu naparra zeran ezkero beste zerbait esan nai nizuke, ez ote legoke Naparro'ko beste euskaldunekin beste orrenbeste egiterik? Gu, gazte talde bat, prest gaude edozertan laguntzeko. Erakusleak eta guk aurkituko ditugu ta ontarako Naparro'ko buru diranekin artu-emanetan jartzea komeni ote litzake? Zuk beste iñork baiño obeto jakin lezakezu, orregatik galdetzen dizut.

Uste dugu gure asmoak gogo onez artuko dituzula ta gurekin ados bazera zure botua proposatze onen alde emango duzula. Gañera billera ortara etortzerik ez baduzu ta zure iritzi proposatze oni dagokionez baiezkoa baldin bada, errespeto aundienarekin zure iritzia emanaz alik eta lehen Euskaltzaindiari idazteko eskatzen dizugu. Denbora galdu erazi ez dizugulakoan eta aurrez aurretik zure borondate borondatetsuagatik eskerrak emanaz agur dizu zure serbitzari den RICARDO ARREGI'k”.