Praktikatu Praktikatu
Asteartea, 23 Apirila 2024 13:05

Philip Barendrecht, Esteban Martin eta Sara Aranburu irabazle “Paperezko bizitzak” ipuin-lehiaketan

AEK-KORRIKAk antolatutako lehiaketa honen I. edizioaren sariketa ospatu da Gasteizen, Eva Forest Liburutopian; bertan izan dira Artezkaritzako kideak zein KORRIKAko arduradun Ane Elordi.

 

Bi helburu nagusi ditu lehiaketak: batetik, gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi; bestetik, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea. Bi ildo horiek argi utzita jaio zen, aurreko hilabetean, “Paperezko bizitzak” literatur lehiaketa, AEK-KORRIKAk antolatua.

Lehen edizio honetan 60 sorkuntza-lan inguru jaso dira; horietatik, ondoko bi obra hauek eskuratu dute saria, ex aequo: Sara Aranbururen “Basa mortu, arrotza abortu” eta Philip Barendrechtek zein Esteban Martinek elkarlanean eginiko “Ate automatikoak” izenekoek. Hiru egileek jaso dituzte, AEKren eskutik, ipuin eta oroigarri bana lehen sariketan.

Musikaren laguntzaz hasi da ekitaldia; ondoren, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza kideak egin ditu hasierako aurkezle-lanak, arestian aipaturiko lehiaketaren bi helburuak azpimarratzeko: “Alde batetik, AEKri Euskal Herri osoan hiztun aktiboak sortzea dagokigun heinean, euskalduntzea edozeinentzat doako zerbitzua izan dadin aldarrikatzea; bestetik, egoera irregularrean dauden pertsona horiek eta haien bizipenak ere ikusaraztea”.

Ane Elordik, ostean, euskararen komunitatea ekarri du gogora, zeina KORRIKAren edizio honetan behin baino gehiagotan aipatu den: “Komunitate hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbesteko zaigu gugana heltzen diren horiek besoak zabalik har ditzagun; haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da erremintak ematea beraien bidea samurtzeko”.

Amaitzeko, epaimahaiaren izenean, Amaia Irureta irakasleak nabarmendu egin du istorioak kontatzeko bi molde oso ezberdin daudela narrazio garaileetan: “Basa mortu, arrotza abortu ipuina testu ederra da, oso ondo landua; egileak hitz-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazteko. Ate automatikoak ipuinean, berriz, idazleak gai izan dira irudi indartsua sortzeko eta irudi hori era egokian baliatzeko”.

Ekitaldian, egileen ahotik entzun ahal izan ditugu hala ipuin saritu bakoitzaren sorkuntza prozesuko zertzeladak nola lanak eurak.

Azken aldaketa: Ostirala, 26 Apirila 2024 12:55