Egin zaitez laguntzaile eta gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?

Arrow up
Arrow down
Ahize Ahize

Historia

Image

15. Korrika

  • Karrantzatik Iruñera
  • 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era
  • Leloa: Heldu!
ABESTIA:
Image
Korrika Xtream.
 
Korrikaren 15. edizioa 2007ko martxoaren 22an hasi zen Karrantzan, eta, 2.360 km egin eta gero, apirilaren 1ean amaitu zen Iruñean, non Xabier eta Miren Amuriza aita-alabek irakurri zuten mezua. Heldu! izan zen leloa, eta horrekin batera hainbat azpi-lelo egon ziren: Heldu hitzari!; Heldu lekukoari!; Heldu elkarlanari!; Heldu Herriari!...; baina, azken finean, lelo guztiek mezu bera zuten atzean: Heldu euskarari! Omendua, berriz, euskal emakumea izan zen ekitaldi hartan, betidanik euskararen gordeleku izateagatik eta ezinbestekoak izan direlako, etxe askotan, euskararen transmisioa bermatzeko. Azkenik, Niko Etxart egin zen musika-kontuen kargu.

15. KORRIKAren mezua

Euskal Herrian munduan oso gutxi ematen den fenomeno bat gertatzen da. Euskal Herriko mendebaldean, Karrantzako Pozalagua izeneko kobazuloan, ohiko estalaktita eta estalagmiten artean, estalaktita berezi-berezi batzuk ageri dira: estalaktita eszentrikoak. Egitura hauek, beste lekutan ez bezala eta beste inon baino gehiago, goitik behera “erori” beharrean, ezker-eskuin zabaldu eta sare moduko egitura ikusgarrietan biltzen dira. Elkarri jo gabe, nork bere nortasunari eutsiz baina, sarea behar den moduan egituratzeko, ondokoaren laguntza eta itzalaren babesean.

Estalaktita hauek bezala, ezker-eskuin zabaldu eta, euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria, euskararen herria. Gure arbasoek ez zioten bere buruari euskaldun deitu alperrik, ezta bere herriari Euskal Herria ere. Xalbadorrek adierazi zuen bezala, herria da gorputza eta hizkuntza bihotza. Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz gure euskaldun izaera adierazten dugu, euskaraz hitz eginez Euskal Herria egiten dugu. Euskara da gure nortasun agiria, euskara da munduari hemen herri bat dagoela adierazteko oinarrizko dokumentu objektiboa. Ezin dugu gure nortasuna galtzen utzi.

Eta horregatik diogu, Korrika 15 honetan, HELDU HERRIARI.

Bada garaia urteetako menderakuntza, jazartze eta zigorren ondorioz baztertua izan den euskarak bere esparrua berreskuratzeko. Euskarak Euskal Herri osoko ohiko hizkuntza izan behar du, Adurretik Ebrora eta Karrantzatik Korteseraino, eta euskaldunok izan behar dugu euskararen jabe, gure gain egon dadin bere etorkizuna, inposaturiko lege baztertzailerik gabe. Horretarako, konpromisoak behar ditugu, konpromiso pertsonalak eta konpromiso kolektiboak, Euskal Herria benetan euskararen herria izan dadin. Korrika 15ek euskararen herria garela aldarrikatu nahi du, eta aurreko korrikaren mezuari segida emanez, konpromisoen beharra azpimarratu ez ezik, konpromisoaren balioa ere agerian utzi. Ez baikara hutsetik abiatzen.

Eta horregatik diogu, Korrika 15 honetan, HELDU HITZARI.

Belaunaldiz belaunaldi bere kontra izan diren legeei aurre eginez euskararen aldeko konpromisoari heldu zioten euskaltzaleei esker dirau euskarak. Esaterako, hori egitea delitua zen garaietan gure hizkuntzaren berreskurapenaren alde euskara ikasten, irakasten, erabiltzen eta lan egiten hasi zirenei esker. Ikasi, irakatsi edo/eta erabili ez ezik, elkarlanean makina bat erakunde eta ekimen aurrera atera ere egin zituzten. Horren emaitza lehen gau eskolak, lehen ikastolak edota lehen euskara elkarteak.

Denbora aurrera joan ahala, eta diktaduraren edota Frantziako estatu jakobinoaren lege itotzaileek agindutakoaren aurka, gau eskola, ikastola, euskara taldeak tamainaz handitu eta inguruko beste mugimenduen ezagutza izan zuten, eta elkarri laguntza eman eta euskara eta euskararen aldeko mugimenduak egituratzen hasi ziren.

Pozalaguaren kasuan, harrobi batean egindako lanak aireratu zuen kobazualoaren edertasuna. Euskararen kasuan, berriz, garai latzetan milaka lagunen konpromiso pertsonal eta kolektiboek zabaldu dute egungo euskalgintzaren askotariko mosaikoa. Lagun horien konpromisoa eta elkarlanean aritzeko borondatea izan ziren euskarak, orduko legeria guztien aurka, gaur egun arte bizirik jarraitzeko euskarria.

Eta horregatik diogu, korrika 15 honetan, HELDU ELKARLANARI.

Korrika 15ek konpromisoak hartu dituen bezala —aurreko korriketan pasatu ere egin ez den Euskal Herriko leku batzuetatik pasatu, eta aurrekoetan aukerarik izan ez dugun herritar eta eragileengana hurbildu— konpromisoak eskatzen ditu: euskal herritarroi, gure nortasun agiria erabiltzea, hau da, euskara bazterrean ez utzi eta ikasi eta erabiltzea, eremu berriak zabaltzeko lan egitea eta elkarlanean aritzea. Eta Euskal Herrian lanean ari diren eragile guztiei (alderdi, elkarte, sindikatu eta erakundeei), euskararen biziraupena mugatzera eta ukatzera datozen legeak eta jarduerak albo batera utzi eta euskaraz bizi ahal izateko bideak eraikitzea.

Eta horregatik diogu, korrika 15 honetan, HELDU EUSKARARI.

Aurreko belaunaldien konpromisoa gabe, euskara galduta zegokeen. Orduko kemenak eta lanak eman du emaitzarik. Oraindik asko daukagu egiteko, eta gaur fruitu hori jaso dugunoi dagokigu aurrekoen lana aintzat izan eta lekukoa hartzea. Pozalaguako estalaktiten antzera, azken tantek markatzen baitute norabide berria.

Eta horregatik diogu, korrika 15 honetan, HELDU LEKUKOARI.

Zatozte, bada, Karrantzatik Iruñeara, korrika!!!. Pozalaguako estalaktiten moduan, guztion artean, elkarlanean, elkarri oztopatu gabe, lege inposatzaileei aurre eginez, denboran iraunez, nortasunari eutsiz, geureari ekinez... esan dezagun ozenki: HELDU... HITZARI, LEKUKOARI, ELKARLANARI, EUSKARARI, HERRIARI...

Omendua

Euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria, euskararen herria. Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz gure euskaldun izatea adierazten dugu, euskaraz hitz eginez Euskal Herria egiten dugu. Eta lan horretan EUSKAL EMAKUMEAK izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu Korrika 15ek.

Urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan dituzten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu Korrika 15ek.

Garai desberdinetan zehar, emakumeak izan dira, euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dutenak. Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela..., euskal emakumea izan da euskararen gotorleku garrantzitsua. Eurek bermatu dute gaur arteko transmisioa eta ezkutuko lan hori ere azalarazi eta aldarrikatu nahi du Korrika 15ek.

Denbora aurrera joan ahala, eta Francoren diktaduraren edota Frantziako estatu jakobinoaren lege itotzaileek agindutakoaren kontra, ikastola, gau eskola edota euskara elkarteak sortu eta berauei eusteko prozesuan euskal emakumeak izan duen paperaren garrantzia inork ukatu ez arren, ezta ukatuko ere, Korrika 15ek paper horren garrantzia azpimarratu eta plazaratu nahi du.

Image
Pirritx eta Porrotxek Korrika Txikiak girotzeko egin zuten kantaren bideoa.

Lekukoaren ezkutuko mezua

Aurtengo mezuaren egileek, Xabier eta Miren Amurizak, plazaratu dute, Karrantzatik Iruñera eskuz esku lekukoaren barnean iritsitako mezua.

Heldu! dokumentala.

Korrika Kulturala

Ibilbidea

Hasiera jaia

Amaiera jaia

Hemen dituzue Ikastolen Elkartearekin batera 21. KORRIKArako landu ditugun unitate didaktikoak.