Hautatu hizkuntza

24. KORRIKAk euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu du Iruñean

24. KORRIKAk euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu du Iruñean

AEKk 24. KORRIKAren aurkezpen soziala egin du gaur (martxoak 5), Iruñean; bertan, euskararen ezagutza unibertsala eta helduen euskalduntzea jarri ditu lehen lerroan. Agerraldian, antolatzaileek azpimarratu dute 15 egun baino ez direla falta Korrika abiatzeko; horregatik, aktibaziorako deia luzatu diote komunitate osoari.

Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideak nabarmendu duenez, “Euskaldunon komunitateari euskararen ezagutza unibertsala zor zaio”. Haren hitzetan, KORRIKAk Euskal Herri osoan herritar guztiek euskaraz eroso bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du, eta, horri begira, ezinbestekoak dira hizkuntza-politika eta erreminta “ausart eta sendoak”, doakoak eta guztiontzat eskuragarriak, xede dutenak hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntzea bermatzea.

Aurtengo leloa, EUSKARA GARA, komunitatearen izaera irekia eta askotarikoa azpimarratzeko hautatu dute. Ane Elordi Korrikaren arduradunak azaldu duenez, “Euskara ez da muga, arnasa baizik; zubi gisa landu behar da, kohesio sozialerako tresna moduan”. Haren esanetan, jatorria edo ezagutza-maila edozein dela ere, denontzako lekua dago euskararen herrian.

2180 kilometro eta 3436 lekuko-hartze
Elordik gogorarazi du Korrika jaia eta aldarrikapena dela aldi berean: “Ez gara folklore, euskara gara”, berretsi du, eta herritarrei dei egin die, Korrikan parte hartzera ez ezik, haren mezua urte osoan zabaltzera ere.

Korrikaren koordinatzaileak azaldu duenez, KORRIKAk bildutako baliabide ekonomikoak oro euskararen normalizazioaren aldeko lana indartzera bideratuko dira. Hala ere, AEKren ordezkariek ohartarazi dute ezinbestekoa dela instituzioen inplikazioa eta hizkuntza-politika eraginkorrak garatzea, euskararen biziberritzean jauzi berria egiteko.

“Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta guztion esku dago eragitea”, adierazi du Elordik amaieran. 24. KORRIKA badator, eta AEK-KORRIKAko antolatzaileen berbetan, “Denoi dagokigu euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea”. Bada unea euskarari Pizkunde berri bat emateko.