Hautatu hizkuntza

AEK-Korrika, Redadeg eta La Passem Pauen bilduko dira elkarlana indartzeko

AEK-Korrika, Redadeg eta La Passem Pauen bilduko dira elkarlana indartzeko

Urriaren 24an eta 25ean egingo dute Korrika Ahizpen topaketa, hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen esperientziak partekatu eta etorkizuneko erronkei elkarrekin heltzeko

AEK-Korrika, Redadeg (Bretainia) eta La Passem (Okzitania) ekimenetako ordezkariak Pauen (Okzitania) bilduko dira urriaren 24an eta 25ean, Korrika Ahizpen III. Topaketan. Hitzorduaren helburua izango da elkarlana sendotzea hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen artean, esperientziak partekatzea eta bideak aztertzea etorkizuneko erronkei batera heltzeko.

Topaketan, azken edizioen balantzea egingo dute, eta hizpide izango dituzte hurrengo lasterketen oinarrizko printzipioak, antolaketa eta segurtasuna. Horrez gain, zenbait tailer egingo dituzte komunikazio-estrategiak, tresna digitalak, tokiko taldeen eta boluntarioen inplikazioa, finantzaketa eta lankidetzak lantzeko.

Korrika Ahizpen Topaketak, beraz, aukera eskainiko du hizkuntza gutxituen aldeko ekimenen artean harremanak sendotzeko eta hizkuntzen biziberritzearen aldeko esperientziak zein ezagutzak partekatzeko.