Hautatu hizkuntza

Emozioek eta aldarrikapenek bete dute 24. Korrikaren aurkezpen soziala Bilbon

Emozioek eta aldarrikapenek bete dute 24. Korrikaren aurkezpen soziala Bilbon

Lekuko-hartze berezi eta hunkigarri asko bizi izango dira euskararen aldeko ekimenaren ibilbidean

AEKk aktibaziorako deia egin du astebete falta denean Korrika Atharratzetik abiatzeko, eta lekuko-hartze bereziak iragarri ditu: besteak beste, Errigorarena, Kontseiluarena, Palestinaren aldekoa eta Teresa del Valle antropologoaren omenezkoa. Halaber, Korrikaren aldeko konpromisoa berretsi dute denetariko eragileek —politikoek, sozialek, sindikalek eta euskalgintzakoek— 24. Korrikaren aurkezpen sozialean. Ehundik gora gonbidatu elkartu dira EITBren egoitzan.

 

AEKren Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarretak gogorarazi duenez, hilabeteak daramatzate AEKko kideek antolaketa-lanetan buru-belarri; halere, Korrikaren indarra komunitate zabalago batean dagoela azpimarratu du: “Askoz gehiagok osatzen dugu euskaldunon komunitatea, eta askoz gehiagok osatzea nahi dugu”.

Etxezarretak esandakoaren haritik, Korrikaren arduradun Ane Elordik emozio eta komunitate ideiak jarri ditu erdigunean.

Euskara arnasa da. Euskararen komunitatea gara!
Batetik, gogora ekarri du milioi bat euskaldun inguru badiren arren, komunitatea handitzen jarraitzeko borondatea dagoela. “Biziberritzen ari den komunitate aske eta irekia gara”, azaldu du. Haren esanetan, EUSKARA GARA leloak begi-bistako mezua du: euskarak pertsona guztiak bil ditzake: “Euskara ez da muga; arnasa da. Zubi gisa landu behar dugu”.

Helburua argia da: jatorria, azal-kolorea edo hizkuntza-maila gorabehera, denentzat lekua izango duen komunitatea eraikitzea. “Euskararen herrian mundu oso bat sartzen da”, gehitu du Korrikaren arduradunak.

Bestetik, zertzelada batzuk eman ditu azken Korrikan oinarrituta egin zen doktoretza-tesi baten inguruan: “Ikerketa-lan horren ondorio nagusia izan zen Korrikak eragin emozional positiboa sortzen duela parte-hartzaileengan, eta eragin hori aste batzuk irauten duela”.

Lekuko-hartze bereziak Korrikaren ibilbidean
24. Korrikak 2175 kilometro egingo ditu eta 3436 lekuko-hartze izango ditu, inoiz baino gehiago; Elordik aurreratu duenez, eta emozioen gaiari jarraikiz, hartze horietako askok sinbolismo handia izango dute: “Aurten, hainbat une hunkigarri biziko ditugu bidean”.

Esaterako, Errigorak, Korrikaren omenduak, San Adriánen hartuko du lekukoa, ekoizle, sarekide eta bidelagunekin batera. Pizkunderantz pauso bat gehiago emateko prest, Euskalgintzaren Kontseiluak, bere aldetik, Azkainen eta Ezkirotzen eramango du. Palestinarekiko elkartasuna ere presente egongo da, Gasteizko Bake kalean “Palestina gara” lelopean egingo duten lekuko-hartzean; horrez gain, Donostian omenaldia egingo diote Teresa del Valle antropologoari, haren familiak eta bidelagunek lekukoa hartuta.

Halaber, hizkuntza gutxiagotuen aldeko lasterketen arteko elkartasuna ere ikusiko da: Korrikaren “ahizpek” 24. KORRIKAn parte hartuko dute, hala nola Okzitaniako La Passemek Atharratzen, edo Bretainiako Ar Redadeg-ek Errezilen. Gerora, Korrikaren bukaeran, Bilbon ere ikusiko ditugu ahizpa biak.

Korrika: emozioa eta aldarrikapena
Era berean, AEK-Korrikako ordezkariek gogorarazi dute Korrika ez dela soilik festa. “Ez gara folklore, euskara gara”, esan du Elordik, lehen Korrikaren 45. urteurrenean egindako aldarria gogora ekarrita.

Etxezarretak gaineratu du euskararen komunitateari euskararen ezagutza unibertsala zor zaiola: “EUSKARA GARA aldarriari atxikita, helduen euskalduntzea lehen lerroan ezarri nahi dugu”;gisa berean, hizkuntza-politika eta erreminta ausart eta sendoen premia azpimarratu du, “doakoak eta guztiontzat, hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntze eta alfabetatze tinkoak bermatzeko”, alegia.

Bere hitzak Euskal Herri osoan herritar guztiok “euskaraz eroso bizitzeko eskubidea” aldarrikatuz eta “zeresana duten norbanako zein eragile guztioi aktibaziorako deia” eginez bukatu ditu.

Ildo beretik, Elordiren azken mezua ere zuzena izan da: Korrikarekin 11 egunetan “hunkitzera” eta parte hartzera animatu ditu bertaratutakoak, baita harago joatera ere: “Korrika amaituta, 12. egunean ere, eta hortik aurrera egunero, EUSKARA GARAren aldarria kontuan hartuta, euskararen eta euskal komunitatearen alde egitera” deia egin du.

Ekitaldiaren gidariak
Albina Stardustek eta Ana Goitiak eman diote umore-puntua ekitaldiari. Biak 24. KORRIKAren spotaren protagonistak izan dira, eta iragarkian bete dituzten rolei egin diete erreferentzia 24. KORRIKAren aurkezpen sozialaren Bilboko hitzorduan batu diren 100dik gorako gonbidatuen aurrean.

Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra. Badator 24. Korrika!