Pizkundearen Korrika izatea nahi du AEKk, Pizkunde berri baten txinparta
Amaitu da 24. KORRIKA eta dagoeneko ezagutzen dugu Euskal Herri osotik eskuz esku pasatu den lekukoaren barruko mezu sekretuaren edukia. Aurtengo mezuaren egileek, Oihana Arana Cardenal, Leire Casamajou Elkegarai, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Oier Iñurrieta Garmendia, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Beñat Jusue Rosanok, plazaratu dute lekukoaren barnean iritsitako testua Bilboko udaletxe parean, Atharratzetik abiatu eta 11 egunera.
Euskal Herriko zazpi gazte
Sohüta, Urepele, Tutera, Hendaia, Barakaldo, Gasteiz eta Eskoriatzakoak dira Leire, Xalbat, Beñat, Aitzol, Elene Mengyu, Oier eta Oihana. Pizkunde berri bat abiatu beharra egonik, haiek aukeratu ditu AEKk, euskal gazteriaren ordezkari, gai horretan gazteak lehen lerrora ekartzeko asmoz.
Ezagutu mezu sekretuaren egileak. Hemen biografiak.
Aurrera goaz. Bazatoz?
Lekuko barruko mezu sekretuak komunitatearen ideia azpimarratu du: “Euskara gara diogu, ez euskara naiz, eta irudikatzen dugu besoak zabalik dagoen gorputz baten gisa, zeinak leihoak dituen begietan”. Halaber, mezu-egileek diotenez, hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira; leku bat ematen digute, bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digula ere badiote: “Horrexegatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin, egiten da, baina izatea ez da edozein gauza, munta handikoa da”. Ongi nabarmendu dutenez, “Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan”.
Mezuaren bukaeran, egileek zuzenean interpelatu dute gizartea. “Bazatozte?”, galdetu dute, eta AEKk baietz erantzun du; eta herriari ere gauza bera erantzun dezala eskatzen dio, alegia, euskararen herriaren parte izan eta euskarara hurbil dadila.
AEKren mezua
Ondoren, AEKko Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarreta Artabek AEKren izenean hitza hartu, eta Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiak lekukoa hartzera deitu ditu, “bagoaz zuekin Pizkunde berri batera!” adierazteaz batera. Eta “gazte, baina ez horren gazte” direnei euskaltegietako ateak zabalik dituztela gogorarazteaz gain, “hizkuntzarik ez duen herri bat ez dela herri izango” aipatu du.
EUSKARA GARA. Euskararen herria garela behin eta berriz esan du AEKk, eta gure herrian badagoela guztiontzako lekua ekarri du gogora Etxezarretak: “Berdin dio zein diren jatorri, azal-kolore edo euskararen gaineko ezagutzak. Denon artean eraikita, azkenean aurkituko dugu gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa... ETA EUSKALDUNA!”
Milaka eta milaka euskal herritarrek garbi adierazi dute, hamaika egunez, herri honek zein gutxieneko hizkuntza-eskakizun nahi duen: EUSKAL HERRI EUSKALDUNA. AEKko eledunak ozen eta argi esan du: “Hori da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna: “EUSKAL HERRI EUSKALDUNA”.
Lurdes Etxezarreta Artaberen (AEK) diskurtsoa hemen.
Bukatzeko, hamaika egunez egindako 2175 kilometroetan eta 3436 lekuko-hartzeetan maiz bezala, 24. KORRIKAren kanta entzun da.
Egun osoko jaia
Ekitaldiak hainbat gunetan egingo dira, egun osoan, publiko-mota guztiei begira. Batetik, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak artistek, besteak beste, kontzertuak eskainiko dituzte. Bestetik, azoka, herri-kirolak, herri-bazkaria, erakusketak eta abar izango dira Bilbon.
Egitaraua hemen.
Amaitzeko, bi ohar garrantzitsu: batetik, AEKk berariazko protokoloa ezarri du martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin du.
Bukatzeko, AEKk bihar egingo du, martxoaren 30ean, 24. KORRIKAren balorazioa, 11:30ean Udaletxeko plazan (Erkoreka plaza), aurtengo edizioa amaitu den lekuan bertan. Euria egingo balu, Areatzako Tinglatuetan izango da.
Eskerrik asko, Euskal Herria!
Gora Korrika!
Gora AEK!
Gora Euskal Herri euskalduna!
Euskara gara!

