Hautatu hizkuntza

Iribarrek jaso du, sorpresaz, 24. KORRIKAko lehenengo oroigarri berria

Iribarrek jaso du, sorpresaz, 24. KORRIKAko lehenengo oroigarri berria

24. KORRIKAk sorpresa eman eta opari berezia egin nahi izan dio Jose Angel Iribarri. Lurdes Etxezarreta, AEKren Nazio Kontseiluko kidea, eta Ane Elordi, Korrikaren arduradun nagusia izan dira berarekin Athleticen kilometroan. Elordik 24. KORRIKAko oroigarri bereziaren lehenengo alea eman dio. Oroigarriaz gainera, Etxezarretak argazki bat oparitu dio (argazkian Iribar bera agertzen da Korrikan parte hartzen) atzean honako lemarekin: "Iribar, euskararen atezaina, AEKren lagun leiala".

Modu horretara, AEKk omenaldi txiki bat egin nahi izan dio Iribarri. Izan ere, euskaltzale handia da Jose Angel: futboletik erretiratu zenean, bere omenaldi egunean batutako diru guztia lehen euskarazko kirol hiztegia egiteko eman zuen, eta ahal izan duen guztietan parte hartu du Korrikan hasiera-hasieratik. Horrez gain, 11. Korrikan omenduetako bat izan zen.

24. KORRIKAren oroigarri berezi-berezi horren egilea, Jose Luis Elexpe, "Pelex" da. Oroigarriaren izena Golardo da (hitzaren sinonimo nagusia sari edo "galardoia" da, merezimendua saritzeko ematen dena).