Herritarren irudiak jasotzeko bi modu egongo dira: Korrika-makila eta bideo-testigantzak
Mirokutana ekoiztetxea eta AEK-KORRIKA euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen “Jalgi Hadi” dokumentala grabatzen ari dira. Oraingoan jendarteari ikus-entzunezkoaren protagonista izateko gonbitea egin nahi diote. Proiektua aurreko ikasturtetik dago martxan eta helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.
Dokumentalaren sortzaileek Korrikaren indarra eta emozioa zuzenean jasotzea dute helburu. Horretarako, lasterketa bera grabatuko dute eta herritarrei dokumentalaren protagonista izateko aukera eman nahi die. Horretarako, Mirokutana ekoiztetxeak bi ekimen jarri ditu martxan.
Lehenengoa, “Korrika makila”. Korrikako lekukoarekin batera, hainbat herritan kamera bat duen makila ere ibiliko da. Parte-hartzaileek eskuz esku pasatuko dute kamera, Korrikan bizi duten emozioa eta giroa grabatzeko.
Hemen azalpen bideoa
Bigarren ekimenak herritarrei beren bideo-testigantzak bidaltzeko aukera ematen die. Horretarako kanal bat ireki dute, eta parte-hartzaileek bideo batean kontatu dezakete eurentzat euskara eta Korrika zer diren. Grabaketak Korrikan bertan, aurretik edo nahi den unean egin daitezke, eta ondoren bidali. Honen bidez, Mirokutana ekoiztetxeak Euskal Herri osoko testigantzekin mapa kolektibo bat osatu nahi ditu.
BIDALI ZURE BIDEOAK HONA: https://jalgihadi.wetransfer.com/
Hemen azalpen bideoa
Euskararen egoerari begirada
Ander Iriarte zinemagilea —Karpeta Urdinak (2024) eta Indarkeriaren Oi(h)artzunak (2025) filmen zuzendaria— ETB, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal hirigune elkargoaren babesarekin, oraingoan Korrikari eta euskarari buruzko dokumentalean sartuko da bete-betean. Egilearen arabera, Korrikak duen botere sinbolikoa baliatuta, dokumentalak kontzientziak piztu eta euskararen aldeko konpromisoa indartu nahi du: “Helburua da hirugarren berpizkunde baten txinparta piztea, Euskal Herria herri bakar gisa ulertuta, hiru administrazioetako mugetatik harago”.
Crowdfunding bidez babestutako proiektua
Dokumentala aurrera ateratzeko, iaz crowdfunding kanpaina abiatu zuten Mirokutanak eta AEK-KORRIKAk. Norbanako eta erakundeen diru-ekarpenei esker posible izango da euskarari eta Korrikari buruzko ikus-entzunezko proiektu hau ekoiztea. Helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.

