Hautatu hizkuntza

Metrokoadrokaren ‘Laster eroriko da’ antzezlanak irabazi du AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Beka

Metrokoadrokaren ‘Laster eroriko da’ antzezlanak irabazi du AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Beka

Komedia “basati eta parte-hartzaile” honen bidez, kolektiboak gogoeta proposatuko du euskal kultura, transmisioa eta komunitate zentzuari buruz. Hori izango 25. KORRIKAren ikuskizun kultural nagusia.

25. Korrika Kulturalak badu, dagoeneko, ekitaldi nagusia: ‘Laster eroriko da’. Gaur goizean aurkeztu dute AEK-KORRIKAko III. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Tafallako Kulturgunean. Esan legez, beka horrek taxutzen du KORRIKA Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, AEK-KORRIKAk helburu du euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea. Agerraldian, Metrokoadroka kolektiboaren ordezkari Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek hartu dute parte, Korrika arduradun Ane Elordirekin batera.

KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza Bekaren bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu. Ane Elordik azaldu duenez, batetik, “Korrikari esker lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea”; bestetik, kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzearen garrantzia azpimarratu du; eta, azkenik, “euskal sortzaileei gune horiek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea”.

Bazkalosteetako kantaldietatik abiatutako komedia
Sortzaileen hitzetan, LASTER ERORIKO DA “komedia basatia” izango da, publikoari kantarazi nahi diona. Antzezlanaren abiapuntuan, bi gazte eta beren aitona egongo dira jangela batean: bazkari handi bat prestatu behar dute aitonaren laurogeita hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosterako kantutegia eratu ere, baina gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzik ere.

Obraren tituluak erreferentzia egiten die Agure Zaharra kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun-ametsei. Testuinguru horretatik abiatuta, obrak belaunaldien arteko talka islatuko du, bazkalosteetako kantu-uneei omenaldia egitearekin batera; era berean, Metrokoadrokak hausnarketarako gai sakonagoak planteatuko ditu: inkonformismoa eta itxaropena jarri nahi ditu erdigunean, mundua norabide kezkagarrian doan honetan, eta euskal kulturaz, transmisioaz eta komunitateaz hausnarrarazi. Egileek, azken batean, zera sustatu nahi dute: “gorroto-mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena”. Hori bai, komediak argi utziko du “mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra”.

Publikoa bazkariaren parte izango da
Formari dagokionez, asmoa da esperientzia parte-hartzailea izan dadin. Izan ere, Metrokoadrokaren nahia da publikoa ikusle soila ez izatea, baizik eta “obraren parte aktiboa”.

Horretarako, aurreikusten dute antzezlanaren zenbait emanalditan ikusleek jan ahal izatea eta bazkaloste-giroan kantuan parte hartzea. Hori egiteko modua oraindik ere asmatzeko dago, baina, Guillanek eta Beratarbidek azaldu dutenez, “Helburua da benetako bazkari baten atmosfera sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta”.

Epaimahaia
Epaimahaia Anabel Arraizak, Galder Pérezek, Asier Rubiok, Kattina Haranek eta Eneko Gilek osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, “planteamendu berritzailea” duela nabarmendu dute epaimahaikideek, eta “garatu nahi duten ideiaren potentzia edo indarra”.

Sortzaileak eta lantaldea
Proiektua Metrokoadroka kolektiboko hiru kidek sinatu dute: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide eta Oier Guillan.

Oraingoz jakinarazi dutenez, lau aktore izango dira oholtza gainean, eta Ainhoa Alberdik interpretatuko du agurearen papera. Idoia Beratarbide zuzendari artistikoa izango da, eta Oier Guillan, dramaturgiaren arduraduna. Lantalde osoa datozen hilabeteetan osatuko da.

Kolektibotik eskerrak eman nahi izan dizkiete Korrikaren arduradunei eta epaimahaiko kideei, euren proposamenarekiko konfiantzagatik. Izan ere, azpimarratu dute “kulturgintzan eta arte eszenikoetan proiektu berriak garatzeko aukerak topatzea ez dela beti erraza”, bai eta “erronka berria ilusioz zein arduraz hartu dutela” ere.

Laster eroriko da’ 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko da, KORRIKA Kulturalaren barruan, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.