Omendua
24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du.

24. KORRIKAn, Errigora omendu nahi dugu; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere.
Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, ea lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna, eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komuniei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna ematen ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa.
Txikitasuna erdigunean jarri nahi dugu, gutako tanta bakoitzak blaitzen du-eta euskararen ibaia, gurea, hizkuntza minorizatua. Hizkuntzak batzen gaitu, Atarratzetik hasi eta Bilboraino, artean Nafarroako Erribera zeharkatuta; txoko horietan guztietan euskaraz gara, eta euskarak batzen gaitu. Komunitatean pentsatu eta sinetsi behar dugu, elkarlanean aritu. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora. Printzipioetan bat egiten dugu: euskararen sustapena, eta burujabetza.
24. KORRIKAren bitartez, aitortza egin nahi diogu orain arte Errigorrak jorratutako bideari. Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatesteko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka.
Zer da Errigora?
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bideaemanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Gure txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu.

