Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 25. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean, hain zuzen. Proposamenak 2025eko apirilaren 4tik 2025eko urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.
Euskal kultura babestea eta sustatzea helburu duen KORRIKA-AEK bekaren III. deialdia aurkeztu dugu gaur goizean Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Bertan izan dira Lurdes Etxezarreta, AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea, Ane Elordi, Korrika arduraduna, eta aurreko deialdian irabazle izandako proiektuko partaideak, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala.
AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat saritzen du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat zuzendua da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea: "Beka honen bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu: Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea", adierazi du Etxezarretak. Dagoeneko zabalik dago proposamenak jasotzeko epea: gaurtik hasita 2025eko urriaren 31 arte.
Korrika Kulturala
Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri du: "Edozeinek kontsulta katalogotzat erabili dezake, eta bertan ehundik gora kultur arloko egitasmo bildu ditugu, eta asko badira ere, gehiago ere egon daitezke. Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen. Bertan topatuko dute harremanetarako helbidea".
Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik: "Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak – batez ere – zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan".
Amaitzeko, hurrengo Korrikako obra nagusia izango den KAKA proiektuko Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak obraren zertzelada batzuk partekatu dituzte bertaratutakoekin.