JALGI HADI! Dokumentalarako crowdfunding kanpaina JALGI HADI! Dokumentalarako crowdfunding kanpaina

Maite Zaitut zozketa azkarra

Maiatzaren 3an, herri omenaldi erraldoia egingo diegu Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. Lau sarrera bikoitzen irabazleak hauexek dira:

- Olatz Redondo.

- Oihan Zubia Izagirre.

- Ainhoa Garmendia Vera.

- Nerea Lekue.

 

Zorionak! Adi egon hurrengo zozketei!

5. zozketaren irabazlea!

5. zozketaren irabazlea Ane Insausti izan da. Korrika katilua, Praktikatu Zerbitzuaren opari-kutxa (motxila, kantinplora, bolaluma eta koadernoa), lau liburu, KORRIKA trixerta, Malum Rex jatetxerako bonua (50 euro), Aizu denborapasak, egutegia eta urte osoko harpidetza irabazi ditu. Zorionak! Adi egon hurrengo zozketei!

 

6. ZOZKETA: maiatzak 16
-Korrika katilua, Praktikatu Zerbitzuaren opari-kutxa, lau liburu, KORRIKA trixerta, Malum Rex jatetxerako bonua (50 euro), Aizu denborapasak, egutegia eta urte osorako harpidetza.
7. ZOZKETA: ekainak 12
-Korrika katilua, Praktikatu Zerbitzuaren opari-kutxa, lau liburu, KORRIKA trixerta, Malum Rex jatetxerako bonua (50 euro), Aizu denborapasak, egutegia eta urte osorako harpidetza.

Gutxienekora heldu da Jalgi Hadi crowdfunding kanpaina

AEK-KORRIKAk eta Mirokutana ekoiztetxeak jarri zuten abian kanpaina duela hilabete, euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko.

 

30.000 euro biltzea lortu du Jalgi Hadik. Amaitzeko 9 egun falta zaizkio kanpainari, eta gutxienekora heltzea lortu du. AEK-KORRIKAtik, bihotzez, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan sinetsi eta aletxoa jarri duten norbanako zein elkarte guztiei.

Dokumentala grabatzen hasia da Ander Iriarte zinemagilea, zeinak berriki Zilarrezko Biznaga irabazi duen Malagako Zinema Jaialdian bere azken lanarengatik. Erronka 2027an estreinatzea izango da, eta Donostiako Zinemaldira eramateko asmoa ere badago.

Gutxienekora heldu bada ere, helburua 88.000 euro biltzea da. Ane Elordi Korrikaren arduradunak adierazi du azken egunotan ahalik eta diru bilketa handiena egin nahiko luketela, proiektuari bultzada emateko: “Diru-bilketaren azken bederatzi egunetan gaude, eta beste behin euskal jendarteak euskarari eta Korrikari babesa erakutsi dio. Ekarpena egin duten guztiei eskerrak ematea dagokigu, eskerrik asko euskararen auzia pantailetara eramateko ahalegina egin eta interesa erakutsi duzuen guztioi”.

AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea den Lurdes Etxezarretak, halaber, aletxoa jarri duten eragile zein herritarrei eskerrak eman dizkie: “Euskararen etorkizuna hauspotzeko dokumentala egia bihurtuko da herritarren babesari esker”.

Ander Iriartek, bestalde, oraindik ere ekarpenak egiteko aukera dagoela gogorarazi du: “Orain, azken ufada geratzen zaigu, azken esprinta helmugara ahalik eta indartsuen iristeko”. Izan ere, 30.200 eurora heldu berri da kanpaina, eta datozen egunotan, gora egiten jarraitzea espero da.

Gutxienekoaren bi heren lortu ditu Jalgi Hadi proiektuak

Euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko ezinbestekoa den kopurutik hurbilago dago Jalgi Hadi crowdfunding kanpaina. AEK eta Mirokutanaren arteko ekoizpena Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dago.

 

Korrika barrutik erakutsiko duen dokumentala gauzatzeko gutxienekoaren %63 erdietsi da. 30.000 euro behar dira gutxienez, nahiz eta Ane Elordik, Korrika arduradunak, berriki zehaztu bezala, “Ezin dugu ahaztu helburua ere badela 88.000 eurora heltzea”.

Hamasei egun geratzen dira kanpaina amaitzeko, eta asko izan dira Jalgi Hadi proiektua babestu duten pertsona ezagunak; Amagoia Mujika, Berriako zuzendaria, Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josu Etxaburu, Gure Esku Dago-ren bozeramalea, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Xabier Euzkitze, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak...

AEK eta Korrikatik nabarmendu dutenez, ekarpena egiteak ere saria dakar. Izan ere, poltsiko guztietarako diru ekarpenak egin daitezke: bost eurotik hasita, 250 eurora arte. Norbanakoek soilik ez, elkarteek ere haien alea jarri dezakete, eta haien irudia dokumentalean joateko aukera izan.

Besteak beste, dokumentalaren kredituetan agertzea, estreinaldira bertaratzeko aukera, edota kilometroen zozketan parte hartzea dago, eta kilometro zehatz horiek filmaketan agertuko dira. Egin zure ekarpena www.jalgihadi.eus webgunean!

III. KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza Beka abian da!

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 25. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean, hain zuzen. Proposamenak 2025eko apirilaren 4tik 2025eko urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.

 

Euskal kultura babestea eta sustatzea helburu duen KORRIKA-AEK bekaren III. deialdia aurkeztu dugu gaur goizean Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Bertan izan dira Lurdes Etxezarreta, AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea, Ane Elordi, Korrika arduraduna, eta aurreko deialdian irabazle izandako proiektuko partaideak, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala.

AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat saritzen du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat zuzendua da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea: "Beka honen bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu: Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea", adierazi du Etxezarretak. Dagoeneko zabalik dago proposamenak jasotzeko epea: gaurtik hasita 2025eko urriaren 31 arte.

Korrika Kulturala

Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri du: "Edozeinek kontsulta katalogotzat erabili dezake, eta bertan ehundik gora kultur arloko egitasmo bildu ditugu, eta asko badira ere, gehiago ere egon daitezke. Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen. Bertan topatuko dute harremanetarako helbidea".

Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik: "Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak – batez ere – zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan".

Amaitzeko, hurrengo Korrikako obra nagusia izango den KAKA proiektuko Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak obraren zertzelada batzuk partekatu dituzte bertaratutakoekin.