Aizu! Aizu!
Wednesday, 06 March 2024 11:36

«Euskararen Herri Harroaren parte sentiarazteko gonbita» egin die ehunka eragileri AEK-KORRIKAk, Bilboko aurkezpen sozialean

Azarotik ari dira 23. KORRIKA aurkezten, eta dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. Gutxi falta da martxoaren 14rako, euskararen aldeko lasterketa erraldoia Irundik abiatuko den egunerako. Ondoren, 10 egun eta 11 gauez ibiliko da lekukoa eskuz esku, euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen, Baionara heldu arte, martxoaren 24an. Mugarria ospatu eta egitasmoari ongi etorria emateko, aurkezpen soziala izan da gaur Bilbon.

Ekitaldia Bilboko Itsasmuseumean izan da, iluntzeko 19:00etan. Bertan izan da Ane Elordi Alburquerque, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak lagunduta. Eurekin batera, Euskal Herri osoko 100 gonbidatutik gora izan dira: euskalgintzakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetakoak, sindikalgintzakoak, eragile sozialak eta hamarnaka lagun gehiago.

Oholtzan, Elordik azaldu du edizio honek euskal herritar oro «euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi» nahi duela, «eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu. KORRIKA, euskara bera bezala, danona delako». Halaber, Elordik aipatu ere egin du: «euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da, eta KORRIKAk aukera bikaina ematen digu herri pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago ematen daitezen, herri gogoari erantzunez».

Clown bat, aurkezle
Pantxika Lamur clowna aritu da aurkezle lanetan eta, publikoarekin elkarreraginean, azaldu du «23. KORRIKA mundu berri bat balitz, herri-aldarrien mundua» izango litzatekeela. Halaber, AEK-k «euskararen zabalkunderako» duen garrantzian ere jarri du azpimarra; eta euskara eskolez gain, erakundearen bestelako eginkizunak ere errepasatu ditu: praktika egitasmoak, aholkularitza zerbitzua, barnetegiak eta itzulpengintza, besteak beste.

Oholtzan ere egon da Eñaut Zubizarreta “Trigger” txelo jolea, beren musikarekin KORRIKAren aniztasuna ikusarazten. Edizio honen spota ikusteko aukera ere izan dute bertaratutakoek.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

 

Last modified on Sunday, 10 March 2024 17:47
º